Zenbat aldiz entzungo genuen gurasoek seme-alabekiko sentitzen duten maitasuna gauzarik handiena eta baldintzarik gabekoena dela. Hainbeste aldiz, gezur hori sinistuta hezi garela asko eta asko, gurasoen eskuzabaltasun kanoniko hori ez dela inoiz horrenbesterako izan onartzeko adina heltzen zaigun arte. Eta ondo dagoela horrela. Ondo dagoenean. Badirelako guraso kaxkarrak ere, bai eta haiengandik aldendu behar izan duten pertsonak bizitza duin bat eta osasun mental orekatu bat eduki ahal izateko. Gizarte zerbitzuetatik igarotzen ez diren kasuak dira asko eta asko, bizitzan beranduago, batzuetan oso berandu edo beranduegi azaleratzen direnak, seme-alabek telefono deiak edo bisitak egiteari uzten diotenean, pisuzko arrazoiak tarteko. Testuinguru horretan gerta liteke ama eta aita deituak izateari utzi eta beraien izena erabiliz aipatzea, inoiz aipatuak badira.
Estatu Batuetan nerabeek gurasoak beraien izenez deitzea inoiz joan ez den moda bat dela jakin nuen duela ez asko. Etxe funtzionaletan gertatzen dela eta horrek pedagogiaren munduan bere eztabaida ekarri izan zuela. Ama eta aita hitzak galtzean badagoelako halako desatxikimendu bat, ez bakarrik afektiboa, baita autoritateari dagokiona ere. Antzina hierarkia azpimarratzen zuten formuletan aitari jauna deitzea bezalako ohituren beste muturrean aurkitzen da guraso-kolegaren ideia hori, adituen arabera, bestea bezain kaltegarria izan daitekeena. Kaltegarria edo hain funtzionala ez den familia baten seinale behintzat.
Aita eta ama hitzen atzean rol jakin batzuk daude, aurreikusten diren jokabide batzuk. Haserrealdietan (eta batez ere dibortzio osteko haserrealdietan), genitiboa gehitzen zaie, distantziak sortzeko. Jada aita ez da aita, zure aita baizik. Badirudi «zugatik ez balitz, edukiko ez nukeen arazo hori» dela une horretan esan nahi eta ezin dena. Aita eta ama familia unitateko rol bat delako une onenetan, gauzak okertzen direnean, aldiz, seme-alaben erantzukizuna ematen du gehiago.
Jacob Stern-ek The Atlantic aldizkarirako idatzitako artikulu batean, Denise Boadman soziologian adituak aipatzen zuen gurasoak bere izenez deitzeak ez duela zergatik ez ona ez txarra izan behar, kasu bakoitzari erreparatu behar zaiola. Eta Sternek dioen bezala, erraza da haur eta nerabeengan gehiegi ez erreparatzea, haur eta nerabeen gauzak direlakoan. Baina egia da gurasoak izenez deitzeak nolabaiteko hotzikara eragiten duela, sentipen arraro bat, harreman oinarrikoen eta sakratuenetik alde egiteko borondatea adierazten duelako nolabait. Bikote harremanekin alderatuta, zailagoa zaigu seme edo alaba batek halako banaketa nahi izatea onartzea. Ez ditugu haustura guztiak berdin onartzen.
Gure izenaz gain, gure gurasoen abizenak ere bagara eta hauek aldatzea ez da ezinezkoa, baina ez da gauza erraza ere gure legedian. Zentzu horretan, deigarria iruditu zitzaidan anonimo batek (ezizena erabiltzea ere aukera bat da eta honek Chaotically Lottie bezala sinatzen zuen) blog batean kontatzen zuena. Adoptatzera zihoazen bi haurren deiturak hartzeko asmoa zuten bikotekideak eta berak. Hil berri zitzaien lagun min baten seme-alabak ziren. Arrastorik utzi gabe alde egin zuen haurren amak aspaldi. Familia harreman zailetatik zetozen bai Lottie, bai bere bikotekidea, eta abizen berri bat edukitzeko aukera ikusi zuten adopzioan: maite zuten lagunarena. Normalean adopzioaren norabide posible bakarra dago eta harritzen nau Estatu Batuetan haurrek gurasoak deituraz adoptatu ahal izatea. Land of the Free delakoan norberak nahi duena jarri dezake bere autoaren matrikulan, badakit, baina denok dakigu autoek pertsonek baino eskubide gehiago dituztela han. Pasaportean ez dagokien izen eta genero bati kateaturik dituzten trans pertsonei galdetu bestela.