Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Jaun eta jabe

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Faisaien Uhartea Bidasoa ibaiaren bokaletik gertu kokatuta dagoen 200 metro luze eta 40 metro zabal dituen lur zatia da. Ingurumarian ibilita nekez imajinatu daiteke leku honen garrantzia historikoa, hemen ezarri eta adostu baitzen ofizialki Espainia eta Frantziako estatuen arteko muga. 1659an Pirinioetako Bakea izeneko hitzarmena sinatu zen bertan, eta bi herrialdeen arteko gerrari amaiera eman zitzaion horrela. Potentziek hainbat lurralde trukatu zituzten eta, une horretatik aurrera, Pirinioak bien arteko muga izatera pasatu ziren. 1856an bi herrialdeek Baionako Hitzarmena sinatu zuten, eta bertan, uhartearen jurisdikzioa sei hilean behin partekatzeko konpromisoa hartu zuten. Oraindik ere, lur zati horrenestatu-subiranotasuna aldatu egiten da urtarrilaren eta abuztuaren 31n, mugak, denbora eta espazioan aldakorrak direla gogoraraziz. Betiere, joko-arauak zehazten dituztenen interesen arabera dira aldagai eta aldagarri.

Lurraldeen arteko mugak nola izan diren finkatuak hausnartzen jartzen naizen bakoitzean, bilau boteretsuak mahai baten inguruan eserita irudikatzen ditut, eskuadra eta kartaboia eskuetan hartuta, metropolien interesen araberako lerro zuzenak maparen gainean marrazten. Faisaien Uhartetik Afrikako kolonietara, Abya Yalako konkistatik Poloniako inbasiora, ipar-hegoko herriak banatzetik ekialde-mendebaldeko harresiak eraikitzera. Herrialdez herrialde mundu guztia konkistatzeko estrategia eta taktikak antolatzen imajinatu ohi ditut, arerioaren tropak planoaren gainean kokatu eta hauei nola aurre egin pentsatzen. Hala ere, irudikatutako horrek nire buruan hartzen duen formak Riskeko partida baten tankera handiagoa duela onartu behar dut.

Errealitatea eta fikzioa ez dira hain urrun egoten, ordea. Azken asteotan izandako futbol partida baten harira, Jaun eta jabe telesaileko kapitulu bat burutik ezin kenduta ibili naiz. 1997ra eraman nau denboraren makinak. Realeko eta Athleticeko gizon taldeen arteko partidaren bezperatan salbuespen egoeran sartu da Euskal Autonomia Erkidegoa. Bateko eta besteko batailoiek hiru probintzietako eskualdeak hartu dituzte, nahinora. Eta egoera kontrolatu behar duen Jose Antonio Arizkorreta lehendakari-sukaldariak burua behin-behinean galdu duenez, haren alaba Jonek hartu du erkidegoa zuzentzeko ardura. Maripaz ertzainburua, bere kasko gorri eta borra beltza soinean, Euskadiko mapari begira lehendakariari egoera nola dagoen azaltzen hasi da, tanke, helikoptero eta soldadu zuri-gorri eta txuri-urdinen laguntzarekin. Kezkatuta dirudi kontzentrazioak nola ekidin ez dakielako. Lehendakariaren neba intsumisoa, Gorka, jipoituta sartuko da bilera gelara futbol gatazka gainditzeko festa alternatiborako pankartak jartzen ari zela Maipazen mutilek egurtu ostean. Eszena gaur egunera ekartzeko, «estatu polizial batean ez garela bizi» esatea bakarrik faltako zaio ertzainburuari. Edozelan ere, egiari zor, fikzioan bakarrik da posible bi emakume mapa geoestrategikoen gaineko erabakiak hartzen ikustea.

Historiako liburuetan erabaki estrategikoak jasotzen diren arren, errealitateak zoriarekinlotutako jolasen antz handiagoa daukala iruditzen zait batzuetan. Azkenaldian behintzat, mugak eta arauak horrela zehazten direla dirudi gurean, dadoak bota eta irtengo den zenbakiaren zain, bestelako estrategiarik adostu gabe. Erabakien nondik norakoak ulertu ezinik, Riskeko taula parean Monopolyko diruarekin jolasten ari diren jaun eta jabeak besterik ezin dut irudikatu gure herriko maparen aurrean panpintxoak mugitzen, salbuespen egoeraren arrazoiak edozein direlarik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.