Garazi Kamio Anduaga.

Jouska

2025eko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izan liteke dutxan, komunean eserita edo ohean etzanda, lokartu aurretik. Azken aukera hau hautatzea ez da oso gomendagarria, sor ditzakeen albo-kalteak ez baitira oso onuragarriak gure loaren kalitatea eta kantitatea kontuan hartuz gero. Ziur naiz hurrengo lerroak irakurtzen badituzu, zu ere halako gauzak egin zalea zarela esango didazula. Eguneroko kontua eta erabat arrunta baita sekula gertatuko ez diren elkarrizketak zure buruan sortzea edo antzeztea. Zenbat bider pentsatu ote dugun beti berandu datorren erantzun apropos hori edo, zenbatetan sortu ote dugun elkarrizketa imajinarioren bat, ondo jakinda ez dela inoiz gertatuko. 

Aldian behin edo maiz egiten dugun ariketa horrek badu izena, eta, izenburuan argitu bezala, Jouska moduan ezagutzen da. Sekula gertatuko ez diren gertakariak sortzean datza edo, hiztegi lurtarra erabiliz gero, geure buruan pelikulak sortzea, ekoiztea eta mustea, aldez aurretik jakinda aktore eta zuzendari onenaren saria ez digutela emango. 

Jouska da gure gizartea. Duela gutxi, SER irrati kateko Aimar Bretos kazetari donostiarrak guztiok arduratu beharko gintuen gaia zabaldu zuen bere mikrofonotik: zer esango diegu gure ondorengoei Palestinari buruz hitz egiteko eskatzen digutenean? Zer erantzungo diegu halako sarraski baten aurrean erantzunik gabeko inertzia hartu genuela leporatzen badigute? 

Maiz pentsatzen dut filmetan, gerra egoerak kontatzen dituzten horietan, bereziki. 1936ko altxamendu militarrak eta hiru urtez luzatu zen gerra hark makina bat film ekarri ditu, garaian garaikoak eta ikuspuntu desberdinetatik jorratutakoak. Ekar ditzagun akordura Saenz de Herediaren Raza lana, Francok berak idatzitako liburuan oinarritutakoa; Berlangaren La Vaquilla edo Helena Tabernaren Berri ona, esaterako. Bakoitzak bere modura kontatzen du duela ia 90 urte gertatutakoa. Eta, gaur lerro hauetara ekarri dudan gaia kontuan hartuta, Jouskaz betetako filmak sortu ditut nire baitan.

Ez dakit etorkizuneko zinemagintzak egungo Palestinaren egoera kontuan hartuko ote duen. Zaila egiten zait sinestea Ekialde Hurbilari buruzko lan bat diruz laguntzeko ekoizlerik izango ote den, eta filmaren sinopsiak erakargarria izan beharko du. Hasi naiz pentsatzen eta superheroi anonimoa irudikatu dut, Ben Affleck Pearl Harbor-en nola, Palestina bere azken arnasarik luzeenetik askatzen. 

Edo eman diot egoerari buelta eta baita nire urdailean sortu den zulo abismalari ere: Israel justizian oinarritutako heroi moduan jartzen duen filmaren kartela irudikatu dut. AEBetatik datorren diru multzo ikaragarriak finantzatutako komedia litzateke, Gazako Rivieran. Ezkondu aurreko agur-festan gertatutako lelokeria bat litzateke haria eta protagonistek Israel berrian zein ongi bizi den errepikatuko lukete behin eta berriz. 

Egia esan, arduratzen nau gertatzeko dagoenak, gizabanako gehienek dugun botere eskasiak bezalaxe. Zaila da boterea dutenen aurrean hartxintxarrak botatzen egotea, Palestina jasotzen ari den harrikadak kontuan hartuta. Beharbada ohitu gara albiste lazgarriak ikusi eta entzutera; agian nahiago dugu kontu barregarriak ikusten egon, triste jartzen gaituztenek on egiten ez digutela argudiatuta. 

Jouska luzeak egin daitezke Palestina erdigunean jarrita. Kontu epikoak konta genitzake, edo abenturaz betetakoak. Ez dut uste komediarentzat lekurik izango denik, halako ikuspegiz begiratzeko berriz jaio beharko ginatekeelako gutariko asko. 

Oroitu Jouskak ezerezean geratzen diren elkarrizketak edo egoerak direla, eta beharbada hasi beharko gara gure ondorengoekin fikziozko elkarrizketa hauek sortzen, lotsak gure barrua jan aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.