oihana arana

Kafe usaina eskura

2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Bost hilabete egin ditut kaferik hartu gabe. Kafea utzi nuen. Gure artekoa ez zen batere sanoa. Ez zen bera, ni nintzen... Insomnioaren, amesgaiztoen, antsietatearen eta betazaletako dardararen sinbolotzat hartu nuen. Dena eten behar izan nuen lasai bizitzeko. Hala itxi nuen ikasturtea. Itxierak gorpuzteak eta sinbolo batekin lotzeak dirudiena baino gehiago laguntzen du ondo lo egiten.

Ez naiz sekula adiktoa izan, bi egunetik behin edo hartzen nuen bat. Egunean bat gehien jota. Kalean normalean. Kafesnea hasieran, ebakia gero. Utzi nuenerako noiz edo noiz hutsa hartzen ere hasia nintzen. Gustua heldutzen ari zitzaidan. Utzi izana justifikatzeko edo, kafe edale soziala nintzela esaten hasi nintzen, edaten nuenean berez ez zitzaidala gustatzen, tabernetan zerbait hartzearren eskatzen nuela beti. Deskafeinatua, kolakaua edo jenjibre eta limoizko infusioa eskatzerik egongo ez balitz bezala. Onar dezagun, halere, kolakauak eta infusioak eskatzen ditugunok infantilizatu egiten gaituzuela apur bat.

Alkoholik ez dut sekula edan, mihi puntarekin ukitu bakarrik. Tabakoa usaintzearekin nahikoa. Eta hortik aurrerakoez ez dakit ezer. Ez ditut drogak grabetasun graduaren arabera sailkatu nahi, baina entenditzen da zer esan gura dudan. Batzuetan zorrotzegia naizela esaten didate. Mozkortu beharko nintzatekeela lantzean behin. Ospakizunetan xanpain kopa bat edatea ez dela alkohola edatea. Urarekin ezin dela topa egin. Amorru handia ematen didate halako iruzkinek, baina tira, egia da batzuetan neure burua gehiegi estutzeko joera izaten dudala. Horren aurka egiteko bidean derrigor alkohola egon behar dela esaten duen iritzirik ez dut onartuko, hala ere.

Ez dut irakurketa moralistarik egingo. Deshinibizioa behar izatea da problematikoa dena. Antsietatea izatea da problematikoa dena. Loezina da problematikoa dena. Horri aurre egiteko moduak norberak kudeatzen ditu ahalik eta ondoen eta nahikoa egiten dugu kudeatzen saiatuta.

Harritu egin zitzaizkidan lagunak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala amaitu eta gero Bilboko Kafe Antzokira joan nahi nuela esan nienean. «Badugu zer ospatua eta han egon nahi dut, hartuko didazue sarrera?», esan nien. «Bestela ere ospa daitezke gauzak, baina ez dakit, lagunduta pozik egingo dut. Gustura ez banago ospa egingo dut eta kito, kotxea eramango dut».

Zaila egiten zait halako testuinguruetan eroso sentitzea. Ez dakit nola egiten zaion aurre mozkorrez betetako lokal bati norbera mozkor egon gabe. Batzuetan jendearen alkoholismoa eta nire nekeak eragindako txolintasuna maila antzekoan egoten dira eta gozatu izan dut puntu horretan. Salbuespena baino ez da, ordea. Normalean ukatu egin izan diot neure buruari eremu hori, are, nahiko garbi daukat ez zaidala parranda egitea gustatzen. Ez dut niretzako modukoa denik sentitu. Eta egiari zor, ez naiz oso lagunduta sentitu izan.

Ez dut uste nire ardura denik, hortaz, ez dut adibide zehatzik jarriko, baina ez dakit, esango nuke, parranda espazioak, ospakizun momentuak... oro har bizigarriago eta, beraz, guztiontzat eskuragarriago egiteko bidean pauso batzuk ematea ez dela hain zaila. Saiatu egin behar, hori bai.

Batzuetan kafea berriz hartzeko behar den bakarra norbaitek kafea prestatzea da. Kafe usaina ematea eskura. Batzuetan beste min batzuek estaltzeko ukatzen diogu plazera geure buruari. Eta ez dakit, kafea berrartu dudan modu berean, akaso, hemendik urte batzuetara beste zerbaitekin ausartuko naiz eta orain arte egin bako guztiak egingo ditut. Edo ez, ez dakit. Ez dut ezer kategorikorik esango.

Garai gogorrenetan ezagutu nauzuenontzat, lasai, ez naiz azalberritzen ari, hausnartzen baino enabil. Zorrotz jarraituko dut kafea ez den gainontzeko guztiarekin. Ez naiz ni aldatzeaz ari, zuek aldatzeaz ari naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.