Udaberrian loreak oparitzen ez dituztenek kalabazak ematen dituzte udazkenean. Eskerrik asko gure asteazkeneroko pureen erantzule zareten ortudun lagun guztioi. AMZ.
Asteazkenetako errituala. Purea eta zinema. O corno ikusi dugu aste honetan, gizon arruntek emakumeentzako katalogatuko luketen pelikula horietako bat da. Txikia, gordina eta ederra. Ikusteko modukoa, nire ustez behintzat.
Zinema aretotik etxera nentorrela pentsatu dut gehiegitan haserretzen garela herriaz eta askatasunaz mintzo ez garela esaten digutelako. Politikarik egiten ez dugula iradokitzen digutelako klasikoagoen begiradek. Esaten diegu pertsonala politikoa dela eta ahosabaiak porlanezko bilakatzen zaizkigu betiko leloa errepikatzearen errepikatzeaz. Hala ere, gure aititak ilustratuak eta jakintsuak direla esaten dugu, irudikatzen ditugu besaulkian betaurrekoak sudur puntan pausatuta Saber y ganar ikusten. Eta gure amamei buruz berba egin behar dugunean, kasik ihes egiten digu analfabeto hitzak, eta berba esan eta gero ixten dugu ahoa badaezpada ere. Ez dugu sekula onartuko Sálvame ikusten genuela haiekin batera sofan, eta onartzekotan haiei faborea egiteko ikusten genuela esango dugu. Ez dugu onartzen Sálvame kendu zutenetik gure aititek erabakitzen dutela gure amamek zer ikusiko duten telebistan. Eta haiekin batera Far West-eko filmak ikusi ordez harrikoa egitera joaten garela.
Gure amamaren lehenbiziko gizona oso jakintsua omen zen. Inteligentea esaten du berak. Egunero goitik behera irakurtzen zuen egunkaria. Hori da bere argitasuna justifikatzeko erabili izan duten argudiorik biribilena. Jakinduriaz hitz egin nahi badut, hautsez betetako sinboloa da egunkaria, badakit. Eta oximorona da hori hemen idaztea, baina tira, onartuko didazue atrebentzia. Halere, lasai. Ez dut fake news eta halakoez berba egingo. Ez dut egunkaria paperean irakurtzen duten izaki mitologikoei buruzko gogoetarik egingo. Ez dut nik egunkaria noiz eta nola irakurtzen dudan esango. Jakintza zeri deitzen diogun pentsatu nahi dut, eta sinbolo zaharkituak pentsatzeko leku ona dira.
Gizon hura jakintsua zen ala ez ez dakit. Niri behintzat ez zidan ezer baliagarririk erakutsi. Egunero irakurtzen zuen egunkaria eta amamak miretsi egiten zuen horregatik. Gurasoen etxetik joateko maletak egiten ari ginela, kazola bakarretik errezeta bat baino gehiago ateratzen erakutsi zigun amamak. Esan zigun presta daitezkeela purea, salda, haragia eta garbantzuak kazola bakarra zikinduta. Oilasko bakarretik hamaika lagunek jan dezaketela ere erakutsi zigun. Salda, paparra, hegalak, izterrak, kroketak. Eta aski arrautza ez baldin badugu, esne apur batekin nahastea irtenbide ona dela ere bai. Anekdotak dirudite, baina bizitza salbatzen duten aholkuak dira.
Uste dut apur bat pentsatu behar dugula zergatik maite ditugun hainbeste amamaren kroketak eta aititaren patxada. Amamaren garbitzeko trikimailuak eta aititaren usaina. Amamaren meriendak eta aititaren txisteak. Uste dut autoritate gehiegi ematen diogula mitoari eta ahaztu egiten zaigula gorputza.
Eta badakit aitita-amamak karikaturizatu ditudala, gehiegi sinplifikatu dudala gure amamaren izaera artikuluaren mesedetan. Eta bai, zuen aititak ez dira hain horrelakoak, eta erakutsi dizkizuete gauzak, eta egiten dituzte karrillera goxoak Gabonetan, eta siesta orduan batzuetan uzten diete zuen amamei telebistan nahi dutena jartzen... Baina zuen amamak munduko sukaldari onenak dira. Baietz?
Ez naiz ni ezagutzen dudan sukaldari onena, baina txar-txarra naizenik ere ez dut esango. Amamaren aholkuei neure bat gehituko diet, bai, ausart nabil gaur: kalabaza purea zerbitzatu eta gero, kazolan gelditzen diren hondarrak nahastu ur apur batekin. Salda gehiago lortzen da. Eta salda beroak beti laguntzen du eztarrian trabatutako galdera ikurrak irensten.