Erreportajea ikusi nuen lehengoan albistegibaten baitan, ETBn,influencer-ei buruzkoa. Bizpahiru azaldu ziren, beren burua noski influencer-tzat dutenak, haien lanbide edo jardun horri buruz hizketan. Fundamentu handiko ezer ez zuten esan, baina ez dakit influencer eta fundamentu oso ongi uztartzen diren hitzak ote diren, ezezkoan nago. Baina ez balorazio negatiboa eginez: ni neu ere ez naiz fundamentu hitzarekin oso ongi konpondu izan, hitz horri darion keru autoritarioagatik (nahiz eta ondorengoei edo gazteei gauzak leporatzen dizkiegunean keru horixe bera guk jariatu, gure garaian hitzekin esaldiak hasiz pulpitutik jaitsi ezinik biziko bagina bezala).
Ez zuten gauza handirik esan, baina buru barruak hazka hasi zitzaizkidan. Konpondu behar duen soinekoari jostunak begiratzen dion bezala erreparatzen diet nik ere hitzei, tolesak, azpildurak eta litsak aztertuz, eta hasteko eta behin ohartu nintzen gure alboko hizkuntzek ez bezala, ordain zuzen eta erabilia daukagula guk, aspaldi, influencer esateko: eragile. Horixe lirateke influencer-ak , ezer izatekotan: eragileak.
Baina ez, eremua beste bat da (eta gainera ingelesezko hitza edukita, nola hasiko gara bestearekin!).
Eragileek gurean manifestuak eta deialdiak sinatzen dituzten horiek dira, izan dira behintzat, gehienetan lortutako merituengatik —nork bere jarduera eremuan— eragile bihurtuak. Zenbaitek meritu handiegirik ere ez —gauza asko sinatzeaz aparte—, eta batzuk iazko jogurtak baino iraungiagoak, baina tira, eragileak.
Influencerrek —utz ditzagun letra etzanak, guretartu dezagun hitza, hasteko— ez daukate zertan ezer egin. Ez behintzat kategoria horretara iristeko. Ez da merituz edo jardunaren kantitate edo kalitateaz lortzen duzun izaera bat. Asko influencer dira influencer izatea erabaki eta euren burua hala aurkezten dutelako. «Kaixo, Y naiz, eta influencerra naiz». Ez da gehiagoren beharrik. Eta hala onartua izanez gero, horrek bai meritua!
Sekretua ez baitatza berak eragingo duen horretan, ezpada halakotzat hartua izatean. Komunitateak influencertzat hartzen badu, kito. Eragina etorkizunean proiektatzen da, gerokoek ekarriko dute distira, ez norberak ordura arte metatutako merituek.
Aurrerantzean egingo duenak, edo egingo ez duenak, biek, izango dute eraginik, influentziarik. Batzuen kasuan behintzat (influentziarik batere gabeko influencerrak ere badaude, noski). Aparteko jardunik gabe, nora doan, norekin dagoen, zer gustatzen zaion, zer ez, zer ikusten duen, zer entzuten, zer ez, zer jaten... jarduera berezirik ez dago. Izan ere, zer egiten du influencer batek? Ezer ez, influencerra izan.
Eta ez ditzagula mespretxa. Haiek ez baitute kea saltzen, kea, gehienera ere, mugitu egiten dute, eta guk erosi. Garesti pagatuta, maiz. Elementu determinantea, azken batean, ez da influencerra, influitutakoa baizik.
Nik telebistan ikusi nituenek ez, baina gerora hor zehar deskubritu ditudanetako batzuek meritu-motxilarik ez, baina motxila bete diru daukate, guztion ke zuriarekin puztu dugun puxika erraldoi honetan. Gure lagun batek esan ohi du lan handia egin beharra dagoela lanik egin gabe bizi ahal izateko, baina akaso esamoldea aldatzen hasi beharko du. Egun bizi liteke lan handirik egin gabe, eta ondo bizi gainera (errenta oso altuko familietan sortutakoek eta goi karguetan aulkitutakoek, horiek ere lortzen dute).
Guk lanean segituko dugu. Atzo eta gaur, batzuk, greban(eta Urkullu jauna eta haren meza-mutilak purrustaka, grebalarien aurka). Denok ere puxika handi honetan, zerua helburu.
Beste batzuk, berriz, eta berriro, hiltzeko lur zati ñimiño bat ere ez, zeruari izuz begira, hurrena zer bonba eroriko. Kea han beltz-beltza da.

ARKUPEAN
Ke zuri eta beltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu