lizar begona

Kioskoak

2023ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Urteko azken astea da, eta luze gabe esan nezake zein izan den aurten burua gehien okupatu didan gaia. 2023ak izan dituen lau urtaro, hamabi hilabete eta berrogeita bi aste eta hirurehun eta hirurogeita bi egun hauetan guztietan presenteen izan dudana ekarri nahi nuke lerrootara. Prentsa eta liburuak saltzen dituzten kiosko klasikoak izan dira, hain zuzen ere, alamena ematen ibili zaidana. Idazketa prozesu baten akabura heltzen ari naizen honetan, ibilbide orotan sortzen diren obsesio txiki horietako bat izan da kioskoena. Horiek izan baititut idazteko ardatz eta motibo.

Kiosko hitza aipatuta ziur nago buruak klik egiten dizula eta herri ezagunen bateko kapsula txiki horietako bat etorriko zaizula lehenengo kolpean. Espaloiaren erdi-erdian jarrita, albo hegalak parez pare irekita eta apaltxoetan eguneko egunkari, aldizkari eta liburu aleak sailkatuta dituena. Litxarreria, giltzari eta jostailuren bat ere izango du, akaso. Eta, agian, barruko langilea ere imajinatuko duzu, gerritik gora bakarrik ikusten den gorputz hori, paper-produktuen arteko zulo karratuan sartuta.

Galzorian dagoen negozioa delako susmoa elikatu izan dut azken urtean zehar. Edozein kale kantoitan kiosko bat aurkitu izan dudan bakoitzean, ohi baino apur bat gehiago paratu naiz dendari so, nire intuizioari eta irudimenari jaten ematen. Ze ez pentsa ilarak sortzen direnik azken albisteak irakurtzeko. Ez ezazu uste paparazziek celebrity-ei in fraganti ateratako azken argazkiak inork baino lehenago ikusteko aleen erreserbak aurreko egunean egin behar izaten direnik, ezta Z edo millenial belaunaldia denik prentsa erosle fidelena. Ez pentsa, irakurle, tapa biguneko azken poltsiko-liburuak erosteko uztai jendetsuek kioskoak inguratzen dituztenik goizero-goizero. Ez pentsa.

Berretsi dut ez dela nik soilik usnatzen nuen patua kapsula-denda hauena, azken hamarkadan hainbat titularrek anuntziatu baitute kioskoen heriotza motela: «Kale Nagusiko kioskoak gainbeheran: Marcosek, 30 urtez lanean aritu eta gero, ozta-ozta saltzen ditu 10 egunkari egunean», «Prentsa kioskoak, 1888ko asmakizunak desagertzear», «León kaleko azken kioskeroa: paperaren krisiak saltzaileak zirt edo zart egitera daramatza: 'Zaharberritu ahal hil'». Eta egunkari honetan bertan duela bi urte argitaratutako artikulu batek ere goiburu hau zekarren: «Kioskoak, galtzeko zorian?».

Izenburu horren pean, Virginia Beitiarekin, 48 urtez Mutrikuko Virginita kioskoan aritu izandakoarekin eta Eusebio Martinezekin, Donostiako Bretxa merkataritza guneko saltzailearekin egindako elkarrizketa xumea irakur zitekeen. Estimu handia omen zion Virginia Beitiak dendari, eta urte horietan guztietan izan dituen erosle fidel denei. Baina etsipen zantzuren bat ere suma daiteke bere berbetan. Hitzez hitz hauek Beitiak esandakoak: «Gero eta jende gutxiagok erosten du egunkaria, eta erosten dutenak adinekoak dira; gazteek ez dute egunkaririk erosten». Eusebiori ere nostalgia kutsua nabari zitzaion. Bretxako kioskoan lanean hasi zenean orduan saltzen zituen egunkariak halako bi edo gehiago saltzen omen zituela kontatzen zuen, eta arrazoia ere argi zuen: «Digitalizazioak kalte handia egin dio papereko prentsari, jendea sakelako edo tableta bitartez informatzen baita».

Hiru salto luze: pentsa non geratu den Antzinako Erroman Julio Zesarrek zabaltzen zuen acta diurna delakoa, eguneko gertakariak edo etortzekoak ziren ekitaldiak jendarteratzeko kareaz pintatutako egurrezko plantxak zabaltzen ziren jada K.a. 59. urtean. Pentsa inprentak XV. mendean ekarri zuen informazio urakana: 1440an asmakizuna sortu eta ondorengo bi hamarkadetan Gutenbergen inprenta mundu osoan zehar hedatu zen abiadura bizian. Eta azkenik, etorri gurera eta galde egiozu zeta belaunaldiko senideari egunkari bat erosten duen bakoitzean (inoiz halakorik erosi badu) zer den sentitzen duena. Konbentzituta nago erantzunak Historiaren pista handiren bat emango ligukeela.

2023ko azken astea da eta urte osoan zerebroan sartuta izan dudan okilari lekua egin nahi nion, Euskal Herriko espaloiren bateko kioskoan akaso salduko den egunkari honetan. Besterik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.