Inaki Galdos
ARKUPEAN

Kokatzen

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Hauteskunde usain nabarmena zerion pasa den ostegunean Gasteizen egin zen politika orokorreko eztabaidari, eta ez soilik politikarien hitzaldietan nabaritu genituen tonu zein edukiengatik. Dagoeneko hasiak dira izenen dantzak, baita txutxu-mutxuak ere, eta horrek giro berezia sortzen du osoko bilkuretan, are gehiago datozenak udal eta foru hauteskundeak direnean, hau da, zerrendetan joango diren pertsonen kopurua askogatik biderkatzen denean beste hauteskunde guztiekin alderatuta.

Iñigo Urkulluren diskurtsoen estiloak baditu ezaugarri batzuk oso berezkoak direnak: egindakoaren eta egin beharrekoaren zerrendatze luzeak, datuak eta zenbakiak azken detaileraino xehatu beharra, eta entzuten jarraitzeko errazak ez diren egiturak, hau da, batez ere irakurtzeko sortuak. Bi abantaila nagusi ditu lehendakariaren jokamoldeak, gisa honetako bilkurak orbanik gabe, eroso, bukatzen laguntzen diotenak. Alde batetik, lortzen du eztabaida marko horretan ezartzea. Bestetik, plazaratzen duen irudia bere gobernuaren lana goitik behera izugarri ondo ezagutzen duenarena da. Politika molde ideologiko eta dialektikoagotan gehiago gozatzen dugunontzat badu gabeziarik ere hitzaldi mota horrek, baina horra hor hirugarren abantaila bat berarentzat, parlamentuko arautegia lagun: etorriko da gero Joseba lan horretara, bere estilo bereziarekin.

Aldaketa handixeagoa ikusi genuen EH Bilduren diskurtsoan, neurri batean iragarria zegoena aurreko hilabeteetan ikusten ari ginenaren haritik, hainbat akordio tarteko. Bazuen arazo bat Maddalen Iriarteren taldeak —legebiltzarkide ona galduko dugu laster—, izan ere nabarmenegiak ziren gai bertsuen —edo berdinen— inguruan Iruñean edota Madrilen erabili izan dituzten eta Gasteizen erabili izan dituzten tonu eta jarreren arteko ezberdintasunak. Modulatu beharra zuten (dute) hori guztia, are gehiago bere burua hiru lurraldeen erkidegoan alternatiba gisa sinesgarritasunez erakutsi nahi badu. Ulergarria da jokamolde ezberdinak izatea eta nabarmenki oposizioko lehen indarra zaren tokian jarrera oldarkorragoa erakustea, baina handiegia (izan) da jauzia sarri. Bide batez, bi alderdi nagusien arteko lehia honetan kokatu behar da akordioen eskaintza zabala ere, nor itunzaleago agertu beharra.

Hortik aurrera, iruditzen zait sozialistak gustura egoteko moduan zeudela ostegunean Eneko Anduezarekin. Ondo landutako mezua, erantzun onak —eztenkada bikainen bat tarteko— gainerako taldeei emanak, eta bere alderdia Gasteizen eta Madrilen egiten ari den lanaren salmenta ona. Kontua da, ordea, hemengo sozialistek euren jendearen barne kohesio eta autoestimua igotzea baino zerbait gehiago behar dutela garai batetik hona galdutako indarra berreskuratzeko. Eta horretarako biderik egokiena ez da Pedro Sanchezek egiten duen oro itsu-itsuan defendatzea, nahiz eta erkidegoko herritarren interesen kontra joan. Kezkagarriagoa da Elkarrekin Podemos-IU taldearen irudia, espazioa Estatu osoan bizitzen ari den arazoen ispilu, zalantzarik gabe. Berria jaio aurretik zaharra nola ehortzi jakin ez, maiatzean nola aurkeztuko diren erabaki gabe, hainbat gaitan sigi-sagaka ari diren itxura, barne zatiketa ezkuta ezinak eta ordezkari batzuengan ahitze eta etsipen zantzu nabariak.

Laburbilduz, garbi geratu zen pasa den astean, udal eta foru hauteskundeetarako kokatzen hasiak direla legebiltzarreko hiru alderdi nagusiak eta ordura arte egingo duten oro ikuspegi horrekin egingo dutela. Maiatzean ze komeni, Gasteizen hura egin. Gaurko gure laugarren protagonista, aitzitik, kokatu gabe, kokatu ezinik dabil, besteak beste etorkizunean ustez salbatzaile izango duenak erabaki baitu bera gabe ere konponduko direla datorren urtean, hurrengo geltokian izango dela zain. Trena iritsi egin behar ordea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.