Madrilgo kaleetan azken asteotan eskuindarrek eta ultrek eskaini duten ikuskizunari kontalari bat falta izan zaio: Miguel Gila umorista. Zer ez luke aterako hark manifestariek telebistako kameren aurrean eskaini dituzten performanceetatik. Alde batetik, emakumezko bat arrosarioa errezatzen ozenki, munduaren bukaera baletor bezala. Bestetik, protestarien lehen ilaran, gizonezko gazteak panpina puzgarriak astintzen –burlaizez, ministro diren andrazkoen aurka–. Tartean, estelada bat erre dute. Zerbeza eta pintura poteak molotov koktel gisa erabiliz, polizien eta kazetarien aldera botatzen dituzte. Jaurtitzaileen artean bi motatako arrak bereizi zitezkeen: batetik, ikastetxe garestietara joan daitezkeen burges gaztetxo pijoak –pijo, gaztelaniazko zentzuan–; bestetik, kaleko jende liskarzalea, subentzionatua agian. Tartean, lider modura, Vox-eko buruzagi nagusia; txaketa eta gorbataz jantzi arren, legionario plantan, bularra hanpatuta, Urriaren 12an Espainiako Armadak egiten duen desfilean akerrari helduta balihoa bezala. Ramón María del Valle-Inclán idazleak esperpentoa asmatu zuenean ez zuen asko usteko mende bat pasa eta gero esperpentoa errealitatean hain modu gordinean gauzatuko zenik.
Joko-zelaia erabat aldatuz. Joan den igandean, Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean, Bilboko Bizkaia frontoia gainezka. Peio Etxeberriaren jarraitzaileak jo eta su Zenotzeko pilotaria animatzen. Diskretuago ibili ziren Jokin Altuna amezketarraren aldekoak. Dena dela, ia hiru mila pilotazaleren harrabotsak dar-dar jarri zuen pilotalekua. Tarteka, ordea, jokoaren etenaldietan, ikusleen korua megafoniak zapaltzen zuen: txunba-txunba jasanezina nagusitzen zen. Kirol-ekitaldiari zarata gehitzen diote antolatzaileek, ustez publikoa hauspotu nahian, eta lortzen duten bakarra da giroa lardastea. Izan ere, megafonia dezibelez ondo hornitua egon arren, soinuaren kalitatea kaskarra zen benetan; pilotalekua ez baita juxtu auditoriuma. Eta kontua da protagonisten –pilotarien– hitzik ez genuela entzun batere. Pilotalekuak baditu bere protokoloak, garai batean Angelusa errezatzea eta guzti. Ez gara hartara itzuliko, baina susmoa daukat oraingo hau Estatu Batuetatik inportatutako moda dela, espektakularizazio merke baten kopia. Bide batez, zergatik izendatu behar dira ingelesez euskal pilotako torneoak? Jai Alai World Tour, Eusko Label Winter Series...
Bestelako burrunba batzuk entzuten jarraitzen dute Palestinan. Su eten labur baterako akordioa egingo ote duten. BERRIAk Atef Abu Saif idazle eta politikariaren Gazako egunerokoa dakarkigu hilaren 14az geroztik. Arnasa mozten dizuten kontakizunak dira, eta esango nuke egunetik egunera gogortuz doazela, prozesu osoak daraman bilakaera zoroaren baitan. Idazlearen baieztapenetako bat: «Bizialdia bi heriotzaren arteko etenaldia den bezala, Palestina ere gerra askoren arteko etenaldi bat da, izateko era bat». Bizitzaren eta heriotzaren arteko mugatik idazten du, eremu latz horretako kronista da.
Melina Burlaud pianista eta organojole frantziar-alemaniarrak eta Gorka Robles Alegria tenorrak hitzaldi-kontzertua eskaini zuten Donostian asteartean, Hamaika Bide Elkarteak EHUrekin batera antolatutako Musika erbestean batzarrean. Saioaren izenburua: Musika gatibua. Zuberoako Ospitalepea herritik bertan dagoen Gurs-eko kontzentrazio eremuan, 1939-1946 inguruan hainbat presok sortutako kantak aurkeztu zituzten. Euskal musikarien artean, Jose Uruñuela, Isidoro Fagoaga eta Regino Sorozabal –Pablo Sorozabalen anaia–. Hainbat herrialdetako presoak egon ziren Gurs-en; haien artean 6.500 judu. Kontzentrazio eremuko hilerrian juduak dira gehienak.