oihana arana

Lasai egotea

2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Gauean prestatu genituen motxilak eta entsaladak. Toalla, liburua eta janaria. Ez da ezer gehiago behar eguna hondartzan pasatzeko. Krema ere bai, barka. Jaiki orduko tuperrak motxilan sartu, kantinplora bete eta autoan egin genuen Hendaiara arteko bidea. Astegun buruzuri batean opor garaia performatzean sortzen den gaiztakeriazko giro hori lagun, pozik. Kalean berokiarekin, baina harri kontran etzanda arroparik gabe gustura egoteko eguraldia egiten zuen, tenperatura goxoa.

Dunbarrien pareko hondartza zatira joan ginen, toallak eta liburuak zabaldu eta han egon, munduari eguzkitako betaurrekoen atzetik begiratzen. Hondartzara noanean beti gustatzen zait jendeak zer irakurtzen duen ikustea; irakurketa publikoak beti direlako performatiboak. Nik horregatik aukeratzen dut beti nigandik espero ez den zerbait. Paparazzirik balego nire irudi publikoa distortsionatuko lukeen argazkia atera dezan.

Halako lasaitasun momentuetan, igande arratsaldeetan pelikula txarrak ikusteko joera daukadalako izango da seguruenik, zerbait txarra gertatuko dela pentsatzen dut sarri. Munduak biraka jarraitzen duela ahazten dute pertsonaiek eta orduan gertatzen da tragedia. Orduan agertzen da gorpu bat itsasertzean, orduan hasten da euri zaparrada. Ezer gertatzen ari ez dela dirudienean gertatzen da eguna aldatuko dizun hori. Beti gertatzen da zerbait.

Isiltasuna zen nagusi. Bazegoen jendea, baina ez elkarrengandik hogei metro baino gutxiagora. Pasa dira urte batzuk hondartza zati horrek legalki nudista izateari utzi zionetik, baina biluzik zegoen jendea. Arropak jantzita egon nintzen ni, kulerotan aldamenekoa. Lasai egon ginen harik eta geure ondoan, belar batzuen artean «ezkutatuta» arropa jantzita zeraman gizon bat eseri zen arte. Ez gehiegi kezkatzeko esan nion neure buruari behin eta berriz, aurreiritziak kaltegarriak direla eta guk adina eskubide zuela gizon hark hondartzan egoteko. Baina batzuetan egia izaten da pelikuletan gertatzen dena, fikzioa errealitatean bizi den jendeak idazten duelako batik bat. Ez kezkatzeko ziostan aldamenekoak ere. Begiak itxi eta burua itzaltzeko ahaleginari ekin nion orduan.

Pare bat minutuko bakea izan genuen. Mutil gazte bat etorri baitzitzaigun segituan aldamenera alboko gizona argazkiak ateratzen ari zitzaigula esatera. Frantses hiztuna zen, guk ez dakigu frantsesez berba egiten, baina erraz ulertu genuen elkar. Testuinguruak asko laguntzen du beti. Batzuetan ez da ona arrazoia izatea, pentsatu nuen. Beste gizon batzuk ere konturatu ziren eta gu ezer esateko gai izan aurretik bota zuten handik. Harrotuta eta oihuka erantzun zuen, gaztelaniaz. Inork ez ziola zer egin aginduko, are gutxiago frantses batek eta Hondarribira zihoala lasai egotera.

Egunaren hasiera samarrean gertatu zen hori, zorionez ez zigun askorik eragin eta egun polita pasa genuen. Badaezpada ez nituen bi begiak itxi, ordea. Denok ez daukagu lasai egoteko eskubiderik antza.

Hemen grabea dena ez da biluztasuna. Ez da tipo batek mugikorrean titi batzuen argazkia izatea. Bada, e, baina grabeena argazkia bera da. Titiak nahi ditugunean atera ditzakegu eta titiak ateratzea ez da ez iraultzailea, ez gehiegizkoa, ez bortitza, ez berritzailea ez ezer. Titiak ateratzea titiak ateratzea da. Eta listo. Bufanda eta eskularruak jantzita ere ezin zaio inori argazkirik atera. Ekintza ez da larriagoa titiak tartean daudelako. Ekintza bera da larria. Baina intuitu dezaket biok jantzita egon izan bagina ez litzatekeela halakorik gertatuko. Gizon banarekin joan izan bagina edo joan izan ez bagina ere ez. Baina tira, halako eguraldiarekin ez ginen etxean geratuko.

Inork argazki hori eskuratuko balu, ez esan inori, mesedez, zein zen irakurtzen ari nintzen liburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.