mikel elorza
ARKUPEAN

Lotsa

2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Espainiako Zigor Kodean ez dator lotsa hitza. Frantziakoan ere ez. Ezta kode zibilean edo zigor alorreko prozedura legeetan ere. Animaliengandik bereizten gaituen ezaugarri hau (Darwinek berak esana, oker ez banago) ez da, nonbait, kontzeptu juridiko arautua. Edo ez, behintzat, gaur egun. Erdi Aroan bazen, Espainian bederen, zigor bat, eta delitu jakin batzuetan plazan erakusten zen delitugilea, jendaurrean lotsarazten zen (gehi zigorkadak, lumaztatzea... eta bestelako zehapen fisikoak).

Ez da izango, hala ere, lotsak gaur egun harremanik ez daukalako zenbait deliturekin, eta haien ondorioekin. Aldea izan daiteke gaur egun lotsa biktimak bakarrik nozitzen duen zama dela, kalte erantsi bat, delitugileari ezartzen ez zaiona.

Ugazaba eta jopuen artean gertatzen diren eraso eta abusuetan aurki liteke, jauntxoen aldetiko gehiegikerien kasuetan, baina gaur egun nagusiki erasoei lotua doa lotsarena, emakumezkoen aurkako erasoei lotua (abusuak jasandako haurrengan ere bai, asko, eta homofobia eta kideko eraso eta tratu txarretan). Eta eragiten duena da erasotuak jasandako erasoari gehitu behar diola erasoa jasan izanagatikolotsa (gehi erasoa probokatzeko faltaren bat egin izanaren erru sentimendua hainbatetan). Biktimak lotsaz bizi du, maiz, egin diotena, eta isilean gordetzen du, ezkutatzen; ez errepresalien beldur —hori ere bai—, ezpada jendaurrean erasoa jasan izana aitortzearen beldur. Lotsaz. Bortxatu egin zaituzte? Hobe ahalik eta gutxienek jakitea. Astintzen zaituzte? Hobe horiek etxean gordetzea. Eta horrela, erasoa jasan duenak, horrek dakarzkion minez gain, eta horren salaketak ekar ditzakeen tramite-oztopoez gain, erasoa jasan izanaren lotsa ere bizkar gainera jaso behar du. Zenbat dira abusuak hogeitaka urte pasatu eta gerora ere plazaratzeko lotsaz direnak?!

Eta horren ifrentzuan, nekez imajina dezakegu erasotzailea lotsatuta, ezta jendarteak azioa gaitzetsi dionean ere. Kasu bakanen bat egongo da, eta agian erasotzailea bera bainoago haren ingurukoak. Erasotzaileak ez baitira lotsatzen, gehienera ere deitoratu egingo dute ordaindu behar izatea; deitoratu haien portaera behiala baimendua orain kritikaren edo zigorraren pean hartua izatea. Delitua izan gabetanik ere, izaera desberdineko erasoak izan badiren hainbat jarrera barne.

Azken egunotako kontua da Espainian, Malagan, apaiz bat espetxeratu dutela, lau emakume—gutxienez— bortxatu dituelakoan (eta ekintza grabatu eta...). Atzeman dutelarik, publiko egin direlarik bere liturgiak, lotsatuta egonen da? Egingo nuke biktimak izango direla, kasu honetan ere, lotsaren zama garraiatuko dutenak. Epaitegiko eskaileretan, nago Luis Rubialesek baino Jenni Hermosok izango duela beheratuago begirada. Eta abar.

Ez dut azterketarik egin, intuizio hutsa baino ez da, baina esango nuke lotsagabea, gurean, umea izan dela, alde batetik, eta batez ere botereari edo ezarritako arauei aurre egin diena, men egin ez dien disidentea. Indar bereziz jendartearen jokalekuko arrastoa gainditzera ausartu den emakumezkoa. Lotsagaldua, beste galdu batetik oso urrun ez dabilena.

Genero-markak, sakonenak, ezabatzen zailenak, ez dira gramatikak erakuts ditzakeenak, hiztunok indar handiz irarritakoak baizik.

Ez da azaltzen legeetan lotsa hitza, eta beharbada ez du egon behar. Ez dakit erasotzailea lotsarazteak zerbaiterako balioko lukeen. Zigor eremuan bainoago, erasorik ez dadin egon hartu behar ditugu neurriak eta erabakiak; eta balio-sistema bat sustatu eta eraiki inor lotsatu behar izan ez dadin erasoa jasan duelako. Jendarte gisa lotsarik gabe azaldu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.