ARKUPEAN

Lurretik zerua

Lizar Begoña
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Taberna bateko terrazako aulki batean kamamila infusio bat hartzen ari zara larunbat arratsalde batean. Gaur ez da bereziki zure eguna, egoa errakitiko samar atera zara etxetik. Institutuko bi lagun zahar ikusi dituzu hurbiltzen lata bana eskuan. Atzean jarri zaizkizu. Zermoduzzaude-ri behetik gora erantzuten hasi zara. Sama jirafa batek bezala luzatuta, lepa-hezurra hiruki forman tolesteagatik garondoan sortzen dizun zimur potoloaz jakitun, eta trakeatik irten zaizun ahots indargeaz esaldi duinen bat ahoskatu nahi izan duzu. Horrela, behetik begiratuta, Travolta eta L. Jacksonen antza hartu diezu, plano kontrapikatu mitikoan pistolaz kamerari apuntatzen ziotenekoa. Eta zu, aldiz, hor behean Shreken katu botaduna sentitu zara, begi handi-handiekin kamerari gora begira ari zen eszena biral hartakoa. Jasangaitza egin zaizu rola eta esaldiaren erdian aulkitik altxatzeko inpultsua sentitu duzu. Zutik jarraitu duzue elkarrizketa. Zure begiak haien begiekin lerratuta hitz egitea duinagoa delakoan.

Badakizu ez dela gauza bera marra diagonalaren mutur batean edo bestean egotea. Alde handia dago lurretik zerura edo zerutik lurrera begiratzearen artean. Mendi tontorretako gurutzeetan selfieak ateratzen ditugu (euskal inperatiboarekin bat etortzeaz gain) arranoen altueratik gure herrien inurritasunari barretxo batez begiratzeko. Eta izarretara begiratzen dugu unibertsoaren magnitudea sentitu nahian, gure txikitasunaz jabetzeko.

Jakina da ortziaren konkista saiakera historikoa dela, Egiptoko lehenengo piramideetatik hasita: faraoien handitasuna eta eternitatea erakusteko hilobi erraldoiak altxatu ziren kareharrizko milioika bloke arrastatuta. Katedral kristauak ere Jainkoarengandik gertuago egoteko eraiki ziren, zenbat eta altuagoak orduan eta sakratuagoak. Gaur-gaurkoz Dubaiko Burj Khalifa dorrea da zerutik hurbilen dagoena, barruan Armaniren suiteak, goi-mailako jatetxe bat, luxuzko etxebizitzak eta, nola ez, azken solairuetan mundua goitik ikusteko begiratokiak. Azpitik pasatzen denak munstro ahaltsu baten tankera har diezaioke eraikinari.

Esku beretik dator hegoak izateko fantasia unibertsal eta eder hori. Nork ez du amestu besoen eta gorputzaren arteko mintz lumadunak astindu eta dena goitik ikustearekin? Amets zaharra da. Esaten da duela 2.500 urte inguru egin zirela lehenengo tresna hegalariak, txinatarrek banbuzko eta zetazko egitura sinpleak eraiki zituztela lehen kometak sortzeko. Ideia beraren atzetik ibili zen Da Vinci XV. mendean. Izan ere, hegan egiteko tramankuluak diseinatzea izan zen bere obsesioetako bat, txoriak pazientziaz behatu ostean, hego-egituren zirriborro famatuak trazatu zituen. 1783. urtean Montgolfier anaiek aire beroz betetako paperezko globo bat hegaldatu zuten aurrenekoz.

Baina begiratu atzekoari: Txinan sortutako kometa eder horiei erabilera militarra eman zitzaien sortu eta gutxira, distantziak neurtzeko eta tropei seinaleak emateko erabili ziren. Da Vinciren bozetoak I. Mundu Gerrarako abiazioaren lehen trazuak besterik ez ziren izan. Eta zer esan globo aerostatikoaz: Montgolfier anaien ondotik, hidrogenoz aireratutako beste saiakera batean Parisko aldirietako bizilagunek uste izan zuten zerutik erori zela usain txarreko izaki deabruzko hura. Labanekin, urkamendiekin eta harriekin armatuta tramankuluari eraso egin zioten. Orduko hartan kaltegabea izango zen, baina horiek dira gaur Gaza bonbardatzeko erabiltzen ari diren droneen aitzindari.

«Bizi gara oraindik, baina arimarik gabe», esan du Ahmadek, Ramallahn errefuxiatutako palestinarrak. Baina zer ote da eraitsitako etxeen hondakinen artetik, sarraskiaren erdian altxatzea, «arimarik gabe» eta «bihotza txikituta» hango lurretik zerura begiratzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.