Hitz handien bila munduak gainezka egin dit. Gogotik konprimatuta ere, munstro erraldoi batzuk sekula ez dira nire hiztegi herbalean kabituko. Ekialde Hurbilera begiratu nahi baina lerro artera ezin ekarririk, leihotik begira jarri naiz azkenean.
Adreilu gorriko auzo arrunt bat da, balkoitik balkoira hitz egiten den horietakoa. Eguzkiak goizetan jotzen du u formako patioan, eta ziklo sakratu batean lez, auzokoen besoak ateratzen dira goizero arropa hezeak argi-haizetan lehortzera. Lehenengo pisukoak bete samar du esekitokia: maindire beixak, ilargi estanpatudun manta bat, azal koloreko kulero batzuk, boxer-galtzontzilo pare bi eta Mickey Mouseren albornoz arrosa iletsu bat ere bai. Bigarrena plastikozko poltsak mimatzen dituen horietakoa da, antza: pintza banarekin eskegi ditu supermerkatuko hiru poltsa busti, hurrengo erosketan berrerabiltzeko. Hirugarrenak, arroparen ordez, sikatzen utzitako hiru piper-zarta dauzka zintzilik, noiz deshidratatuko zain. Eta azken pisukoak zuriak egin ditu gaur, parpailazko barruko arropak eta hainbat izara eskegitzen ari da.
Baina badirudi badagoela auzo-lotsa sentitzen duenik oihalik intimoenak aire publikoan ikustean. «Eraikin itsusietan jende are itsusiagoa irteten da gustu txarreko trapu merkeak eskegitzera» pentsatuko du hainbatek, herriaren duintasunari-edo min egingo balio bezala. Zer egingo diogu ba, hori da gertatzen dena arropa lehortzeko lorategirik edo terrazarik ez dagoenean.
Askoren erreakzioa eragin duen albistea izan da arropak etxeen fatxadetan zintzilikatzearen ingurukoa. Diseinu arauak markatzen dituzten dekretu batzuen arabera, hainbat herritan debekatuta omen dago arropak begien bistara zintzilikatzea. Gertukoen artean Iruñeko eta Leioako Udalak aipatzen dira, besteak beste. Baina Zaragozako Gobernuak ere, kaleetako garbitasunaren izenean, kontainerretan bilatzen duen jendeari isunak jartzearekin batera, arropa bustia esekitzea debekatu zuen joan den apirilean. Egongo da berehalalogikoa irudituko zaionik, baina ironikoa iruditzen zait eremu publikoari garbi itxura eman nahia, etxeko oinarrizko garbiketa lanen gainetik.
Kale estuetako esekigailuen irudia erromantizatzeko joera egon badago. Gure kostaldeko herri arrantzaleetan eder eta autentiko gera daitezke, turistak eta argazkilari amateurrak erakarditzakeen atrakzioa izateraino. Akordatu naiz Marokoko Atlasean amazig emakume talde bat ikusi nuela urrundik arropa garbitzen. Erreka baten ertzean zeuden denak oihal koloretsuak lurrean zehar zabalik zituztela. Polita eta exotikoa egin zitzaidan estanpa eta erretratuarekin itzuli nintzen etxera, aitor dut. Ez litzateke, ordea, irudi soil gisa ulertu beharko, gure balkoiak etxe barruan egiten diren «lan horien guztien erakusleiho» direla esan daiteke.
Lerro hauek idazten ditudan artean leihotik begiratzen dut tarteka, adreiluzko auzo zaratatsu honetan inspirazio bila-edo. Eta horra auzokoaren manta planetaduna, horra kuleroak, fajak, pijama beroak eta galtzerdiak. Horra auzokoaren atzamarrak pintzak irekiz eta itxiz maindire more baten muturretan. Horrela ikusita bandera itxura hartu diot haizeak astindutako oihalari.
ARKUPEAN
Maindireak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu