Inoiz ez dut mozorrotzeko zaletasun handirik izan; halere, jendeak mozorrotzekoerabiltzen duen irudipena miresgarria iruditzen zait. Seguruenik, asko izango dira egunak emango dituztenak ingurukoak aho zabalik uzteko erabiliko duten itxura berria prestatzen. Egunerokotasunetik zein klasikoetatik hartutako inspirazioak, eguraldiak zapuzten ez badu behintzat, jaia eta libertimenduz beteko du giroa; maskarek neguko aurpegi hotza ezkutatzen dute, eta berotasuna eskainiz, arazoa zoriontasun bihurtzen saiatzen dira, herria birsortzen den bitartean. Horretaz gozatzeko gogoz atera ginen zapatu gauean lagun kuadrilla. Bilboko alde zaharra, Izarretako bidaiariz beteta zegoen, baita ere sukaldari, mariatxi, betiko jeans eta erlijioaren inguruko zenbait estamenturen arropaz jantzitza zeudenekin batera. Umorea eta juergarako prestasuna edonon, baina plan gehienetangertatzen den bezala, honetan ere, Bilbon, hirusta irudidun bere baldosa bezain ohikoa den euria andrea ere juergalagun izan genuen; eskerrak plana zarratuta eta gordetzeko lekuak zabalik zeudena! Eta holan, Basaraseko antxoa gozoarekin hasiera eman ondoren, merkatu zahar-berritutik zenbait girodun aterpek harrera egin ziguten. Euriarekin partitu genuen mozorro gaua jendetzaren artean kamuflaturik, guk maskararik eraman ez arren.
Eta biharamuna etorrita, oraindik fantasiazko giroa gogoan, egunkariari irakurtzeari ekin diot. Gustukoa dut igandeak egunkariekin hastea, eta gustukoak ere berriekin batera agertzen diren iritzi eta kolaborazio zenbait artikulu irakurtzea; aitortu behar dut gehienetan politikaz edo kulturaz hitz egiten dutenak direla gusturago irakurtzen ditudanak. Gaur ere, eta bizi ditugun gertakariak gogoan, Urresti jaunaren ustez politikaren inguruko hausnarketan murgildu naiz. Arnasarik hartu gabe irakurri diot, eta gaiak bera bezain ukitua utzi nau. Une batez pasatutako eta pasatzeko nituen orri guztien garrantzi eta interesa desagertu egin dira. Pasartea errefuxiatuez eta eurekin gertatzen ari den ikaragarrizko drama humanitarioaz bertatik bertarako testigantza batez zihoan; bolondresak, oraindik Siria herrian, 700.000 arima Mediterraneoko uretan ordu bateko bidaia noiz egingo zain daudela zioen, zelan ferryak egiten duen bidaiak hamabost euro balio duen bitartean, errefuxiatuek 1.000 eurorainopagatu behar izaten dieten mafia trafikatzailei, eta zelan giza merkatariek zigortuak ez izateko, lurrera heldu orduko uretara botatzen dituzten, jakinda, baina, ehunka ez direla magal urdinatik bizirik aterako. Gorrarena egiten diegu gerra zibil gordinetik datozkigun laguntza garrasiei, eta itsuarena telefonotik baino heltzen ez zaizkigun heriotza, tortura eta negarraren ikaragarrizko irudiei. Une batez, etxearen babesa utzi duten 270.000 ume eta desagertutako hamar milen begi tristeen aurpegiak begiratzen didatela sentitu, eta hotzikara larri batek hartu nau. Ordu batzuk lehenago ikusitako maskara bat izatea lortuko banu, musikak eta ikuskizunak jarrai dezatela esateko indarra berreskuratuko banu... Baina bularreko kolpeek ez dutela gizakien gaiztakeriaren kulpa berrerosiko jakin arren, ez dut lortzen barruak erretzen dizkidan ezintasuna arintzen.
Egunkaria astintzen dut; gobernua egiteko dantzak, barku bat zalbatzeko piurak, kirolaren zorionak eta zoritxarrak, AEBetako etorkizuna, eskola baten aterpe berria, politiko batzuen komeriarekiko begirune lotsagabea, inauterien zeta eta lumak... Miatu egiten dut, baina irakurritakoaren arrastorik ez, gaur ez da tokatzen zorigaitza. Bat-batean dena hotz eta huts iruditzen zait. Eta nigandiko kulpa aitortuz, bihozgabetasun inauteririk baldarrenetako maskara, erru aitorpena mozorrotzen digun maskara, munduaren irudia lausotu eta ezkutatzeko jartzen dugun maskara gezurtia eranzteko ordua heldu dela diotsot neure buruari. Min hartuta ere, mozorro eta maskarak gorabehera, hobe errealitateak erakusten digun aurpegiari aurpegia ematea; begira daukagu eta tematia baita.

ARKUPEAN
Maskarak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu