mikel elorza
ARKUPEAN

Mendez mende mendean

2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizartean aldaketak izaten dira eta legeetan horrek izaten du ispilua, edo hala beharko luke, batzuetan pentsa baitaiteke legeetan egiten direla hainbat aldaketa gizartean nagusia ez den baina nagusi nahi den iritzi bat lortzeko: Espainian PPk Zigor Kodearekin edo abortatzearekin egin duena. Maiz elite baten interesei erantzuten die legeak, gizartean agian iritzi eta eztabaida sendorik eduki gabeko aferei buruzkoak, eta bide honetatik arautzen dira hainbat jarduera ekonomiko, zerbitzuen pribatizazio eta tankerakoak.

Botoen bidez hautatutakoek egiten dituzte legeak, bai, eta beraz gehiengoaren iritziaren emaitza behar lukete, baina guztiok dakigu hainbat gaitan herritarren iritziak ez duela berak hautatutakoarenarekin bat egiten. Edo hautetsiak aldatu egiten ditu iritziak beti ere ondasun gorengo baten izenean, eta horretan aspaldian Espainian alderdi sozialistak hainbat adibide eskaini ditu, errepublikartasunetik hasi eta Yolanda Barcinaren gaitzespeneraino.

Gizartean izandako aldaketak arautzera datoz, baina, lege aldaketa zenbait, benetan, eta halaxe iragarri du Eusko Jaurlaritzak mendekotasun lege berria egin eta Legebiltzarrean aurkeztuko duela urte amaierarako. Badu drogamenpekotasuna arautzen duen legea, Nafarroako Foru Erkidegoak ere plana duen bezala. Baina jokoa, alkohola eta bestelako substantziekiko mendekotasunaz gain, beste batzuk ere badirela egin du gogoeta EJk, tartean teknologia berriek eragin dituztenak, eta jendarteko ohiturak ere diferenteak ei dira, eta arau berriaz gain, izena ere mudatu diote legeari, droga kendu eta mendekotasuna bere soilean utziz.

Alor honetan egin den lana eta proiektuak oso aintzat hartzekoak dira, noski, baina beti eman dit erreparoa administrazioa bere herritarren osasunarekin gehiegi kezkatzeak, herritarrek bizimodu osasungarri eta garbiagoa egin dezagun aspaldian gero eta handiagoa den setak. Herritarrek dituzten arazoei erantzun behar dien heinean, normala ez ezik derrigorrezkoa da mendekotasunoz arduratzea administrazioa, eta zerbitzuak, planak eta aurreikuspenak egitea, baina ez zait oso sanoa iruditzen herritarren osasunarekin lar tematzea. Nork bere iritzia baitu osasungarri zer denari buruz; eta beldur naiz osasuna arautzen hasi eta herritarron zoriontasuna arautu nahian amaituko dutela. Ahaztuta, grina arautzaile horretan,zoriontasuna eta osasuna arautu baino, izan dezaten aukerak eta baliabideak eman behar zaizkiola herritarrari.

Eta utzi nork bere bizioak gara ditzan, hurkoarenak errespetatzen dituen bitartean, ona eta guzti baita bizio batzuk izatea. Bizio txikiak, eta agian handiren bat ere bai. Izan ere, eta mendekotasunak anitz direla ahaztu gabe, mens sana in corpore sano sustatzea ondo dago, baina erne esaldiaren bigarren zatiarekin bakarrik gelditzen direnekin, erabateko mendekotasunik eza mendekotasun zenbait baino arriskutsuagoa izan daiteke-eta.

Bada, azkenik, betiko beste puntu bat: legeek gauzak arautu bai, baina arazoak ebatzi ez dituztela ebazten. Mendekotasuna, hain zuzen, adiera zenbait dituen hitza da, eta heroina edo alkoholarekiko lotura bezala, deskribatzen du pertsona batzuek besteengan dutena, batzuek besteak mendean hartzen dituztela, hartu nahi dituztela. Azken egunotan Euskal Herrian hainbat adibide izan ditugu, mendekoa beti emakumezkoa dela. Eta menderatzailearen edo menderatzaile nahiarena ez da bizioa, kasu honetan, biolentzia baizik.

Mendeak daramatzagu gaitz honen mende, bada garaia aldaketa benetakoak egiteko, legeekin edo gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.