Irati Zubia Landa.

'Mierda' bat zara eta hori denok dakigu

2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Espainiako zinema industriako hiru emakumek salatu dituzte Carlos Vermut zuzendariak egindako sexu erasoak. Eskandaluak blaitu ditu pantailak eta alfonbra gorriak, joan den udan Rubialesen kasuaren harira, futbol zelaiak antzera. Pisuzko izena eta maila bereko galoiak dituzte erasotzaileek, eta batez ere inpunitatea, tonaka. Emakume haiek une hartan Vermuten erasoak salatu ez bazituzten ere, industriako hamazazpi pertsonak omen zuten kasuren baten edo besteren berri. Aurretik jakinak ziren bezala Rubialesen itzalak ere. Boterearen engranaje infinituen artean, bada bat ia beti presente dagoena: isiltasuna.

Hala, tituluek jarri gaituzte espainiar zinemari begira. Futbolari begira. Galdera da ea inoiz izango dugun adorerik gure etxeari begiratzeko. Oli Artolak zorrotz iltzatu zuen dardoa: «Rubiales da, bai, baina inguruan zenbat Rubiales dituzue?».

Onintza Enbeitak seinalatu zuen euskaldunok izan dezakegula geure burua mitifikatzeko joera. Eta mitoa puztu eta puztu, heldu gaitezkeela pentsatzera matxismotik salbu dagoela gure oasia. Inpresioa dut, gainera, klasismo eta arrazismo dosi batekin. «Pentsatzen dugunean kultuagoak izan diren gizonak, ezkerrekoagoak izan diren gizonak, kulturan gure inguruan ibili diren gizonak besteak baino hobeak direla». Rubialesen edo Vermuten aurpegietan errazago ikusten dira munstroak. Botereak baditu, ordea, horren eskandalagarriak ez zaizkigun formak ere.

Nik badakit kariñoa diogula gure etxeari. Txikia dela komunitatea eta babestu nahi dugula ehundutako sarea. Maite ditugu gure auzoak, harro gaude sortutako musika eta kultur zirkuituez. Babestuko dugu gaztetxea, inork ez du izerdiz jasotako asanblada hankaz gora jarri nahi. Seguru zure kuadrillako tipoa oso jatorra dela. Baina idealizazioak izan behar du inon mugarik. Sentitzen dut, baina etxea eraikitzeko adreiluak jartzen lagundu zien esku berak zauritu ditu gutako asko.

Gainera, ez da idealizazio kontua bakarrik. Erasotzaile askoren aurrean ez da beste alde batera begiratzen soilik tipo jatorrak direlako. Salatzen ez den erasotzaile bakoitzeko, haren inpunitatearen dosi bat eramaten dute inguruko zenbait gizonek. Bere egiten dute erasotzailearen pribilegioa. Logika perbertsoa da, baina elkarri egoa puztuaz ematen diete askok elkarri babesa. Tituluek eraso bat argitara ateratzen duten aldiro denok pizten ditugu alarma gorriak. Alabaina, aurretik egon den isiltasun horrek pilatzen du apurka-apurka erasotzailearen kapital soziala.

Ezkuta liteke zaborra alfonbra azpian, baina darion kiratsa ez da aise aienatuko. Zeren, bai, guk ere hitz egiten dugu gure artean. Badakigu nork egin digun min eta nor geratzen den isilik, eta abisatzen diogu elkarri. Eskerrak, bihotzez, gure arteko enkontru horiei guztiei. Kentzen dute erruaren zama eta egiten dute bizigarriago zure sentitu nahi zenukeen baina oraindik segurua ez zaizun espazioa. Bad Gyalek ez zuelako debalde esan «que eres un mierda y eso todas lo saben». Ez gaituzue engainatzen, zuek ere badakizue nortzuk diren. Kontua da ez duzuela ezer esaten.

Akituko da denbora eta lehertuko da burbuila, dagoeneko lehertu ez bada. Eta nago hori ere badakizuela zuek. Zinema industriako bulego askotan adituko ziren azken astean berba deseroso eta dardara kezkatiak. Hori ere ez duzue esaten, baina kikilduko zineten zuetako asko. Lucia Lijtmaerrek ohartarazi zuen ez ahazteko guk ere hitz egiten dugula gure artean, disko gogor bat dugu informazio horrekin guztiarekin: noizbait informazio horrek denak guri gauez etxerako bidean pauso batzuk entzuteak adinako ikara emango dizuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.