Fisioak esaten dit tentsio handia daukadala diafragman eta bizkarrean daramadana deskribaezina zaiola. Dena dagoela lotuta. Dena dagoela kargatuta. Ariketak egiteko eta hartzeko arnasa lasaiago. Nola egiten den jakingo banu egingo nukeela esaten diot beti. Barre egiten du berak.
Aita askotan haserretzen zitzaidan haurra nintzenean nire eguneroko outfitaren parte zen Barrio Sesamoko eskola motxila horren pisua zela eta. Apur bat ilusionatu egiten naiz norbait zaintzeko norbait horri haserre egiten dioten pertsonekin. Oraindik ere ez dakit motxilan beharrezkoak izango diren gauzak bakarrik eramaten, orain beste pertsona batzuk haserretzen dira nirekin nire eguneroko outfitaren parte den motxila serioaren pisua dela eta. Arrazoi zenuen, arrazoi duzue. Baina zer egingo dut nik gauzek pisatu egiten baldin badute. Motxilaren metafora ihartuta dago. Badakit. Baina ez naiz metaforikoki ari.
Motxilan gauza gutxiago eramatea eta arnasa lasaiago hartzen hastea lotuta egongo dira seguruenik. Bi gauzok egiten hasten naizenean zoriontsuago biziko naizen ez dakit. Baina min gutxiagorekin biziko omen naiz. Mina eta zoriona alderantziz proportzionalak ote diren ez dakit. Ezetz uste dut, baina posible da nik arrazoi ez izatea ere. Ez litzateke lehen aldia izango.
Halere, interesgarria da motxilan zer daramagun pentsatzea. Orain bai, barka eragozpenak, metafora ihartua baliatuko dut esan nahi dudana esateko. Metafora ihartuak baliagarriak dira batzuetan, bestela halako zerrenda bat idatziko nuke, eta ez dut uste inori asko inporta zaionik: Nik beti eramaten dut ura, pare bat koaderno, boligrafoa eta arkatza, badaezpadako jertsea eta galtzerdiak, irakurtzen ari naizen liburu parea, hortzetako eskuila, nezeserra, koilara eta sardexka ere badituen erabilera anitzeko labana... eta gero, egunaren arabera, beharrezkoa izango dela aurreikusten dudan edozein gauza. Ordenagailua, mobileko kargadorea, aldatzeko arropa... segun.
Uxue Alberdiri entzun nion, orain dela ez asko, literatura gizakiak nolakoak garen esplikatzeko ariketa kolektibo bat dela, bakoitzak bere aletxoa jartzen duela horretan, eta, modu fragmentatuan bada ere, gizatasuna den horren irudi bat osatzen dela azkenerako. Nahiko ados nago. Literaturak balio du, askotan, motxilan daramagun horri begietara begiratzeko, nostalgiari bizkarrean mimoak egiteko, begiratu ez genuen leku horietan zer gertatu zen jakiteko. Garen hori zerk eraiki duen ez ahazteko.
Pentsamendu hau buruan nerabilela irakurri dut Miren Amurizaren Pleibak. Nik ez dizuet esango zer egin behar duzuen zuen bizitzekin, baina ahaztu ezazue irakurtzeke daukazuen liburu multzo hori guztia eta irakurri liburu hori oraintxe bertan. Danele Sarriugarteren Erraiak irakurri nueneko poz antzekoa sentitu dut irakurtzerakoan. Nolabaiteko zirrara nerabe bat. Euskal literaturan batzuetan faltan bota izan dudan «guri buruz ere ari da» bat. Ez nuke esango liburu ahizpak direnik, baina liburu lagunak bai, edo liburu maitale potentzialak, eta Maite Aizpuruak eta Intza Alkainek Promesa berdina egin diegu gure lagun guztiei antzezlanean esaten duten bezala, lagunek elkarren antza izaten dute batzuetan. Antz handiegia izatea problematikoa da beti, baina erromantikoak izateko eskubidea ere aitortuko diogu geure buruari, adiskidetasunaz ari garenean batik bat.
Bere belaunaldiaren motxilan arakatu du Amurizak. Aurkitu du berbakera bat, gaitegi bat, min batzuk, gorputzaldi batzuk, erreferentzia pop pila bat. Eta egin du adiskidetasunari buruzko liburu erromantiko bat, hitzaren adierarik iraultzaileenean, doluaz hausnartzera derrigortzen gaituena, hiru lerrotik behin irribarre, edo zuzenean barre, eginarazi diguna. Ez al da ba hori, finean, motxila bat elegantziaz eramatea?