Aner Euzkitze.
ARKUPEAN

Nik ere maite dut jendea, lasai

2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Batzuetan inbidia ere ematen didate gureaitona-amonen belaunaldikoek, hiltzeko zeinen beldur gutxi, zenbat bake, zenbat konfiantza esperantzan. Gu hilobiak eta errautsak irudikatzera ausartu gara gehienez ere. Hori ez da batere polita. Bati baino gehiagori entzun izan diot guk ere beharko dugula fede berri bat hiltzeko, zeri helduko diogun guk ezjakintasunari heldu ezin eta. Eta hil baino lehen?

Behar duzunaren eta nahi duzunaren artean dagoen distantzia da desira. Hitzeman dizutenaren eta behar duzunaren artekoa, mesfidantza. Hori uste dut orain. Loreak, metaforak, poetika, politika, ametsak. Gorputzak, eskuak, azala, ahotsak. Gozo, bero, aske, eder. Biluz, huts, soil, aski. Hori dena. Zauria, zeurea, zoria. Zerua.

Jendeak zeruaz bezalaxe hitz egiten du maitasunaz normalean, maitasunaz oro har eta abstraktuki, monogamia, heterosexualitatea, patriarkatua edota jabetza pribatua bezalako auzi materialez hitz egiten ari dela ohartu gabe, edo okerrago, ohartuta baina esan gabe. Poemak egiten dituzte amodioaz, eta ondo daude, politak dira, baina poesia, maitea, ez da enter-dun fikzioa besterik. Egin poesia, ados, baina esan poesia dela.

Nire errua ere izango da, e, ez ulertu bereziki haserre nagoenik honegatik. Aski ohikoa da nigan. Beti eman izan didate amorru handia zorionak eta maitasunak. Egongo da bizitza gozatzeko koldarregia naizelako dela esango duenik. Neuk ere pentsatu izan dut osteko hutsune zoriongabe desamodiozkoari diodan beldurragatik dela, baina gero eta argiago dut iraunaraztearen alde begi-zuloetan ezkutatutako malko-hondarrekiko herra dela. Maitatzea erabaki duenak ez maitatzeari egin dio uko, eta dena ezin da.

Gero eta gehiago entzuten dira lotuta maitasuna eta zaintza. Zaintza gero eta gehiago darabilgulako izango da maitasuna gero eta binakakoagoa delako ez bada, eta binakakotasuna lehen bezain orotarikoa. Sendo ari gara zenbait sektoretatik zaintza eta interdependetzia batera aldarrikatzen—eta eskerrak—: zain ditzagun gure bikoteak, familiak, bikote-ohiak, lagunak, ikaskideak, bizilagunak, geure buruak. Eta ez hori bakarrik, oroit gaitezen, otoi, goizaldeko bostetan gure bizitzan lehen eta azken aldiz komun zikin batean hamabost minutuz baino ikusiko ez dugun gure lige hori ere zaindu behar dugula, errespetatu behar dugula elkar, ezinbestekoa dela kontsentsua.

Eta balirudike, ohartarazpen batzuk egiten ditugunean beste batzuk jotzen ditugula egintzat. Tira, egintzat edo egin beharrik gabekotzat. Balirudike gure komuneko lioa zaintzea ezinbestekoa dela, baina ez daukagula inori gogorarazi beharrik gure okina, medikua, iturgina, tabernaria eta pilateseko irakaslea ere zaindu behar ditugula. Nigatik balitz, sinetsiko nuke hala dela beste horiek guztiak ere zaindu behar direla inork gogora ekarri beharrik gabe dakigulako, eta sexua, aldiz, kontsumismotik baino ulertzen ez dugulako. Sinetsiko nuke hala dela ez baneki zein estrukturalak diren monogamia, erromantizismo toxikoa eta familia nuklearra. Sinetsiko nuke hala dela ez banitu neure azalean sentituko heteroaraua eta pertsonen kapitalizazioa. Sinetsiko nuke hala dela gure uniko lagun-taldeko lehen urteko tipa bisexual denak ez balira egun haien nobio helduagoekin bizi-proiektu mugagabe bat planifikatzen ariko. Sinetsiko nuke hala dela gurean ere zain ez baleude noizko eramango ote dudan bikotekide bat familia-bazkari batera. Baina ai, lagunok, badakizue hori dena, ezta?

Demisexual esaten zaie norbaitekin lotura afektibo sakonik izan ezean larrutan egiteko gai ez diren pertsonei. Nik gehiago ezagutzen ditut bikotearekin larrutan egingo ez balute harekiko inongo lotura afektiborik izango ez luketen pertsonak, baina beste batean hitz egingo dugu horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.