Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Nora goaz?

2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Behin bakarrik egin dut. Hilabeteko oporrak antolatzeko betarik ez, eta Donostiako autobus-geltokira urreratu nintzen, bidaia zoriaren esku uzteko asmoz. Txarteldegian, libre geratu zen lehen ilarako billetea hartuta irten nintzen estaziotik; bederatzi ordu pasatu eta gero, Bartzelonan nintzen. Bidaiaren bigarren etaparako ere, sistema bera erabili nuen, eta bigarrenez jarri nintzen patuaren eskutan. Begiak itxi, ilaretara hurbildu eta... Bederatzi ordu pasatu eta gero, Donostian bueltan nintzen.

Batzuetan gertatzen da, ez da? Gure xalotasunean, patua ez zaigula sekula makur etorriko uste izaten dugu, zerbait gertatuko dela azken momentuan. Alta, errealitatea da egiazki alde batetik bestera eramaten gaituena, eta jokoa, izatekotan, dadoetan da.

Ez da harritzekoa apur bat galduta sentitzea. Sentitu idatzi dut, ez pentsatu, buruak arrazoiez janzten duelako maiz barruak ezin uler dezakeena. Alde bateko eta bestekoak entzun nituen joan den osteguneko Politika Orokorreko Bilkuran Gasteizko Legebiltzarrean, eta gotorlekuetatik elkarri eraso eta posizioa babesten duten jokalariak irudikatu nituen. Hitzak jaulki dizkiote elkarri, elkar entzun bai, baina ulertzeko intentzio handirik gabe, ene uste apalean. Ñabardurak ñabardura.

Urliak autogobernua agortu dela eta zerbait berria behar dugula. Sandiak oraindik bide egin dezakeela eta huraxe berraztertuta aurrera egitea dela zentzuzkoena. Berendiak horiek guztiak asmakeriak direla. Bartzelonatik Donostiara, eta buelta etengabe.

Noiz egingo diogu elkarri galdera nagusi eta deserosoa? Izan ere, itxura baitu antolamendu juridikoarengan ezarri dugula xedea, eredu-marko batera iristea bihurtu dugula helburu. Eta nago, lehendabizi badagoela erantzun ez dugun galdera handi potolo bat.

Nora iristeko bidea izango da eredu bat edo bestea? Zertarakoa argitu gabe, zaila dirudi bide bat edo bestea hobesteak. Zein da batzuek mendeko, besteek independente edo batzuek elkar-interdependente irudikatzen dugun herriaren jomuga? Nolako gizartea eratzea nahi dugu?

Argi eta itzal guztiekin, gurean ongi bizi izan gara orain arte. Industriak lanpostuak sortu zituen, eta lanpostu horiei esker aberastasuna, herritar eta erakundeentzat. Zerbitzu sozialak garatu ditugu, inguruko herrietakoak baino askoz sendoagoak, gainera. Herri aberatsa izan gara; herri aberatsa gara oraindik. Izango garenik dudan dago. Zertaz biziko da datorren belaunaldiko Euskal Herria? Nolako harreman-ehuna izango du?

On eta gaitz guztiekin, herri bat gara. Ez da erraza izan, ez zaigu opari eman sekula, baina nortasun partekatuak sortu ditugu, elkarbizitzaren zerbitzura jarrita emaitza onak eman dituztenak. Hobeak izan zitezkeen, jakina; baita askoz okerragoak ere bai. Zein da gure arteko oreka desiratua? Nolako bizikidetza eratu nahi dugu? Eta hori guztia gerta dadin, zer egiteko prest gaude gaur bihartik hasita?

Kontu garrantzitsuegiak dira libre geratutako ilararen apustuan jokatzeko.

Gogoratzen dut barruan iltzatuta geratu zitzaidala katu irribarretsu haren gogoeta, artean ume mokoa nintzela: nora iritsi nahi duzun ez dakizunean, bideak ez du gehiegi axola. Aliziak sator-zulotik behera Lurralde Miresgarrirantz amiltzean nabari zuen zorabio berbera eragin zidan niri Chesire Katuaren erantzun biribilak. Bada, Bartzelonatik Donostiara bueltan nindoala sentitu nuen noraeza berritu zait. Non gaude orain? Ez dakit erantzuten. Ez baitakit nora goazen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.