Maiatzaren bata da gaur, Langileen Nazioarteko Eguna. Ez dizuet nik egunaren historiaz hitz egingo. Ez dut pretentsiorik, ez da nire lana, egingo dute beste inon, baina egun historiko eta garrantzitsua da, inondik ere. Aterako dira erreportajeak eta komunikatuak eta albisteak eta alderdi politikoen hitzartzeak eta gizonak manifetan oihuka eta kartelak eta leloak. Aterako dira, asko, mugimendu feminista langile mugimendutik desplazatzeko ahalegin esplizitu eta inplizituekin. Gaur ere, esaten eta egiten denaren, ez denaren, eta mekanismo horiek aktibatzen dituzten agenteen azpian usaindu ahalko dira ziurrenik, besteak beste, klase-borrokaren subjektu ustez zentral ustez unibertsalen eta gainerakoen arteko markajeak. Gudu-zelai bat gehiago.
Baliteke langileen borrokaz hitz egiten dugunean hitz egitea meatzaldeko senarrez eta ez emazteez. Baliteke ez hitz egitea emakume eta gizonak, klase antagoniko gisa, sortzen eta sostengatzen dituzten produkzio-erlazioez. Baliteke hitz egitea gainbalioaz, jabeen irabaziez eta langileei kentzen dieten lan-indarraz, baina ez hitz egitea jabe diren gizonen mesedetan dohainik edo modu prekarizatuan egiten den lanaz edo erlazio hori gertagarri eta desiragarri bilakatzen duen erregimen politiko heterosexualaz. Baliteke gaur sozialismoaz hitz egitea klaseen desagerpenerako tresna emantzipatzaile gisa, eta ez bollerismoaz. Horiek gure gauzatxoak dira, ez dira guztionak.
Baliteke, beharbada, klase-borrokan ari garela, jabeentzat lan egiten duten langileen despolitizaziorako arrazoiak zerrendatzea. Langile horiez hitz egitea eta lumpenekin ahaztea. Baliteke langileen borroka lan-eskubideak lortzeko baliatzea, patronalak seinalatzea, eta auziaren konplexutasunagatik, edo subjektuaren ezarpen-asmo sutil horregatik, edo ez dakit zergatik, ez oroitzea lanik egin ezin duen jendearekin. Ardura hartu behar genuke klase-borroka gizon zurien borroka izan ez dadin, zuri supremazistona izan ez dadin. Baliteke, langileen borrokan sinesten dugunez gero, zuri bezala hura erreformatzeko erantzukizuna edukitzea.
Baliteke lan-sektore zaurgarriak bilatzea, topatzea eta azpimarratzea zein lan-eskubiderik gabeak argitara ekartzea abolizionismoa besarkatu bitartean. Baliteke prostituta-lana ama-lana edo ostalari-lana edo garbitzaile-lana baino lehentxeago abolitu eta kriminalizatu nahi izatea. Baliteke puta publikoak gaitzestea puta pribatuak (nobiak, amak, emazteak —ezkontzak—) idealizatu, zoriondu eta txalotu bitartean. Langile-mugimenduaren lanbide historikoak bailiran iruditeria batzuk ezarri eta laudatu nahi izatea —maskulinizatuak— beste zenbait lanen prestigio faltaren erroei begiratu gabe.
Baliteke klase-batasuna aldarrikatzea ardatz bakarretik, eta beharbada, sakoneko interes klasista oharkabeekin. Edo ohartuekin. Batasun horretan klase sozial bakarraren ideologia faltsua bermatuz, edo gainerako klase-zapalkuntzak azkenetsiz, edo langile zenbaiti langiletasuna ukatuz. Baliteke langile-klasearen batasun antiburgesa eta gizon-emakumeen interklasismoa esaldi berean defendatzea.
Klase-borrokaz ari garenean ere pentsatu behar genuke irudikatzen eta sortzen dugun subjektuari buruz, haren unibertsaltasun faltsuaz. Nor apartatu nahi den hortik eta noren mesedetan. Ez diegu boterea, hitza eta diskurtsoa menderatzen utzi behar transfeminismoa klase-gizartea amaiarazteko tresnatzat ukatu nahi dutenei, borroka partzial gisa abandonatuta. Unibertsaltasuna gezur erraz bat da, kapitalismoari borroka espezifikoetatik egin behar zaio aurre. Baliteke hau dena izatea klase-borroka (ere) gizonek monopolizatu nahi izan dutelako, eta segur aski ez genieke hori permititu beharko, haien aurkako klase-borrokaren izenean.