Noiz itzuliko gara normaltasunera? Hori da egunotan askok buruan duen galdera. Baina ez al luke galderak «zein normaltasunetara itzuliko gara?» izan behar? Normaltasunaz bakarra balitz bezala hitz egiten da maiz, unean uneko normaltasunak hala ematen duelako, bakarra. Baina, perspektiba historikotik begiratuta, zentzuzkoa ematen du garaian-garaian normaltasun ezberdinak izan direla onartzeak.
Zientziaren filosofiaz halako zerbait proposatu zuen Thomas Kuhnek. Haren arabera, zientzia ezin daiteke eremu soziologiko batetik kanpoko zerbaiten gisa irudikatu, eta, beraz, eragina dute zientzia unean-unean praktikatzen dutenen egitura sozialek eta konpartitzen dituzten sinesmenek. Horren baitan, zientzian ziklo ezberdinak planteatzen zituen berak.
Lehen zikloa aurrezientzia litzateke. Garai honetan garbi daude zein diren zientziak ulertzea helburu dituen fenomenoak. Baina fenomeno horiek azaltzeko, aldi berean, teoria ugari leudeke. Bata bestea bezain zilegi, elkarrekin lehian. Azkenean, teoria batzuk erortzen joango dira, izan esperimentu batzuen emaitzekin ez datozelako bat, edo zientzialarien gehiengo handi batek baztertu egin dituelako. Eta fenomeno jakin batzuk azaltzeko teoria bat onartuko du komunitatearen gehiengoak.
Onartutako teoria hori baliaturik, ondorengo garaian, Kuhnek zientzia normala deritzona egitera pasatuko da zientzialarien gehiengoa. Ez dute marko orokorra kuestionatzen, baizik eta hura baliatuz aurreikuspen berriak egin, bertatik abiatuz teoria berriak garatu, emaitza berriak frogatu... Baliteke teoriak azaltzen ez duen fenomeno puntualen bat agertzea, baina zientzialari normalak paradigma zentrala defendatuko du. Harik eta azalezinak diren fenomenoak puntual izatetik gehiegi izatera igarotzen diren arte.
Krisi garaia iristen da orduan, erabat onartuta zegoen teoria batek huts egiten duela onartzen denean. Zientzialariek behartuta ikusten dute beren burua teoria berriak berrasmatzera. Eta garai honetan ematen dira Kuhnek iraultza zientifiko-tzat dauzkanak. Iraultza garaia litzateke, adibidez, Newtonen mekanikak huts egiten zuela onartu eta erlatibitatea eta mekanika kuantikoa garatzen hasi zirenekoa.
Hartara, berriz ere aurrezientzia fase batean sartuko litzateke krisia jasan duen komunitate zientifikoa. Berriz teoria ezberdinak elkarrekin lehian; egokiena denak, sinpleena denak, aurreikuspen zehatzenak egiten dituenak edo popularrenak irabazten duen arte. Eta hala jardungo luke zientziak ziklikoki etengabe: aurrezientzia, normaltasun edo paradigma berri, krisi eta iraultza, aurrezientzia, normaltasun...
Zientziaren filosofo zenbaitek kritikatu izan du Kuhn zientziaren ikuspegi soziologikoegia ematearren, baita paradigma berri batek aurrekoa ordezkatzean aurrekoa baino hobea dela argudiatzeko modurik ezagatik ere.
Zaila da paradigma bat bestea baino hobea den esaten asmatzea, eta zientziaren filosofoek ere zailtasunak dituzte hori argudiatzeko. Hobea aurreikuspenei dagokienez? Teoria globalagoa delako, sinpleagoa, praktikoagoa? Ongizateari laguntzen diolako, teknologiari...?
Koronabirusak krisian jarri du gure normaltasuna, eta hasi gara nor bere iraultzatxoa diseinatzen. Batzuek nahiko genuke gizarte berdinzaleago bat, osasun publikoa ekonomiaren gainetik eta elkarren zaintza erdigunean jarriko duena, ez dena konsumoan oinarrituko, justuagoa izango dena... Baina krisi faseetan teoriak ez dira bakarrak izaten. Badira normaltasun berria bestela irudikatzen dutenak. Badira paradigma berririk irudikatzen ez dutenak ere.
Denborak esango du zein teoriak irabaziko duen. Hobea izango den, hori ziur aski filosofoek ere ez dute adosten jakingo...
ARKUPEAN
Normaltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu