Aitona zenaren belaunaldian gosea ez zen otorduen arteko tripa barruko hutsune desatsegin hori, apur bat gorritu egiten gaituena jendartean gaudela orroka hasten garenean. Gosea orduan zulo beltz handia zen, nola sortu, nola zabaldu eta noraino hedatzen den ez dakizun dena delako hori, infinitua izan daitekeena. Jendeak ez zuen disimulatzen orro horiek ozen entzuten zirenean; lotsatu baino tristatu eta amorratu egingo ziren, baina zertan disimulatzerik ez zuten izango.
Gerra ez da txantxetarako kontua, ezta gosea ere, baina aitonak barre egiten zuen sendi ugari hartako komeriak kontatzen zizkigunean. Adibidez, amak ogi bila joateko agintzen zionean presarik ez zuela izaten esaten zuen, berandu iritsita ere, ogia gogor iritsiko baitzen, iristekotan. «Eguneko ogia biharamunean jaten da gerran», esaten zuen bere okurrentziaz barre txikia eginez.
Beti harritu izan nau egoerarik zailenetan bizimodu arruntaren zantzuak ez galtzeko ahalegina egiteko gaitasun horrek. Biziraupenerako estrategia izango da, nonbait. Imajinatzea kosta egiten zaidan arren, aitonak kontatuta dakit txantxetarako ez ezik, jolas egiteko tartea ere izaten zela orduan. Bera gerrari esker maitemindu zela amonarekin, eta gerrarengatik ez balitz ez zuela azken hatseraino maite izan zuen tabako gorria deskubrituko. Gerran aspertu ere egiten dela bat esaten zigun, eta niri sinesgaitza egiten zitzaidan, baina hark horixe gogoratzen omen zuen gehien, zereginik izan gabe horrenbeste denbora eman behar izate horrek erotzeraino eramaten zuela jendea.
Siriako haurrak aspertzen ote diren galdetzen diot neure buruari maiz. Jolas egiten ote duten kalean, edo bonbek zartaturiko eskoletako korridoreetan ezkutatzen ote diren. Elkar harrapatzea atsegin ote duten olgetarako tartea badute, edo ahoz gora kantatzen ote duten gauean, zeru goia argiztatzen dituzten misilek non joko ote duten asmatzera jolas egiten duten bitartean. Eguneko ogia atzera sekula jango ote duten berriro galdetzen ote dieten beren amei, edo zer pentsatzen ote duten behin neskatoek auzune zaratatsua izandako basamortu berrietatik osteratxo bat egitera ateratzen direnean soldadu edo milizianoen artean. Honezkero, gerra besterik ezagutu ez duten makina bat haur dago Sirian, zazpi urte igaro baitira. Horiek eskolara joatea zer den ez dakite, ogi gogorra baino ez baitute ezagutu.
Gerra ohikotasunean eten bat dela pentsatzen dugu gerra bizi izan ez dugunok; besteentzat, ordea, eguneroko bizitza bilakatzen da. Aldea ez da txikia, ñabardura kontua iruditu arren.
Gerra guztiak desberdinak dira, eta gerra berberean bizi gara aldi berean, liskar guztiak gizatasunaren kontrakoak direlako, bizitzaren oinarrizko duintasunaren, jende xehe eta babesgabearen kontrakoak. Berdin dio non, berdin dio zeintzuen artekoa; berdin dio zeren alde edo aurka, zein lurralde, botere-zati, sinesmen edobalioak defenditzekoa.Gerra guztiek ispilu beraren aurrean jartzen gaituzte: bizikidetza antolatzeko geureezintasun patologikoaren aurrean.
Noizbait iritsiko zaigu oraingo gerren kontua argitzeko unea. Ez dakit noiz, ez dakit zein testuingurutan, baina geuk Gerra Handiaren, Bigarren Mundu Gerraren edo aitonak kontatzen zuen Espainiako Gerra Zibilaren kronikak testuliburuetan irakurri genituen bezala, geure ondorengoek oraingoak aztertuko dituzte. Eta kosta egingo zaigu azaltzea ez ginela jabetu gertatzen ari ziren basakeria horiez guztiez. Edo gaitzagoa dena: beren biharamuneko ogi gogorra busti genuena geure esne-mamitan.

ARKUPEAN
Ogi gogorra esne-mamitan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu