oihana arana

Ondo nago

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Eguzkitako betaurrekoak buruan, arrosa sorta bat besoetan, belaunetan dardara eta begi zuloetan urmaeltxo bana nuela heldu nintzen etxera astelehenean, gauez. Beltz koloreko arropak soinean. Poltsan zortzi mukizapi pakete, hustutako hiru ur botila, ofertan erositako platano kilo bat, aterkia, badaezpadako galtzerdi pare bat eta hiru liburu neramatzala. Etxe ondoan utzi ninduen lagun batek, autoan ahalik eta gehien gerturatuta; bakarrik egin nituen azken ehun metroak. Ahal bezain duin. Fleabag telesaileko pertsonaia bat izan nintekeela esan nien ingurukoei. Erreferentzia ulertu zutenek barre asko egin zuten. Ez da oso polita norbere bizitza komedia dramatikoaren generoan kabitzeko moduko serie bat egiteko aproposa dela sentitzea, baina tira, niri ere egiten dit grazia apur bat kontuak. Eta hobe horrela.

Doluari buruz idatzi nahi nuelako idatzi dut eszena dramatiko hori. Gure aitaren hiletatik etxera bidean nekarren piurari buruzkoa. Doluari buruz idatzi nahi nuen, baina nondik hasi jakin ez. Galera baten ondorengo emozio multzoa omen da, inplikazio fisikoak ere izan ditzakeena, oro har, edozein emoziok bezalaxe. Harremanen hausturak, desalojoak, lan edo etxebizitza aldaketak, heriotzak... izan daitezke dolu prozesuen kausak, esate baterako. Dolu bakoitza diferentea da, eta bakoitzak ahal duen moduan kudeatzen ditu bereak. Ez dut uste horrelako egoerei aurre egiteko modu egokirik egon badagoenik, edo ez beste edozein baino egokiagoa denik behintzat. Nik korapiloa sentitu ohi dut sabelean, eta gosea eta logura aldatzen zaizkit. Ez dut bizitza serioegi hartzen eta hasieran behintzat ez zait minaz berba egitea gustatzen. Amesgaiztoak izaten ditut eta kontzentrazio gaitasuna galtzen dut. Galeraren neurriaren arabera, noski. Baina oraingo honetan dezente. Eskerrik asko mimoak egiten ari zareten guztioi: berdin otordu forman zein besarkada forman.

Abendu bukaeran Eresia antzezlaneko zati bat ikusteko aukera izan nuen. Oier Zuñigak hildako amari eskaintzen dion kantu bat da obra: erritual poetiko bat, lore bat, ardo kopa bat. Doluari buruzkoa da lana. Negar pila bat egin nuen. Obra ikusi eta zortzi egunera utzi gintuen gure aitak. Bertako langileek ederki zaindu gaituzten arren, Osakidetza egiazki oso gaizki dagoela; beilatokiak munduko lekurik makabroena direla; Lindt markako salted caramel motako bonboiak oso goxoak direla; amorrua eta pena elkarrekin sentitzeak gorputz txarra uzten duela; hileta zibilak norberak antolatu behar izaten dituela; ile-apaintzaile txarra naizela; loreak egunkari paperetan bilduta lehortzen direla; Mihiluze ikusten negar egin daitekeela; perfumea nik uste baino jende gehiagok erabiltzen duela eta munduko lagunik onenak ditudala ikasi dut ordutik.

Ardo txupitoak banatu zituen Oierrek antzezlanean. Gure aitak ardoa edaten zuen. Gure aitaren hiletan ardoarekin topa egin zuten. Ez dut sekula ardorik edan. Bi aldi horietan egon naiz edateko puntuan. Azkenean ez nuen edan. Burugogorregia naiz, akaso. Ez dakit damu naizen ala ez. Norbere pozak eta damuak kudeatzea da dolua egitea. Eta hori tokatzen zaigu orain. Ingurukoak zaintzeko esan didate hainbatek. Neure burua zaintzen aski lan badaukadala erantzun diet guztiei. Gero eta hobeto nago, baina etzanda pasatzen dut eguna. Printzipioz hotza da goiza ohean sartuta emateko erabiltzen dudan argudio publikoa. Ez omen du Donostiako La Sirena aterpetxea zabaltzeko moduko muturreko hotzik egiten, ordea.

Mezu-bidaltzen ari zaretenontzako oharra. Erantzuten ez badut litekeena da Operación Triunfoko 24 orduko kanala ikusten egotea. Eskertzen da babesa; ez gehiegi kezkatu, hala ere. Egunean hamar bat aldiz egiten dut negar, baina ohe handi bat eta hiru poltsa bero dauzkat, ondo nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.