mikel elorza

Ongarriak eta txargarriak

2024ko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Lurra defenda dezagun! Garai batean garbia zirudien aldarrikapenak, baina mahuka-has ibiltzen hasi garen otsail honetan ez dago batere erraza belar txarra eta ona bereizten. «Gure lurra defenda dezagun» batera ekarri dugu eskabidea; eta oso jator eta kolektiboa den gure hori nire-ra aldatuta, pluralak hizkuntza alorrean ere jada ez baitituzte maite aro modernook, areago hesitu dugu oihua: «Nire saila defenda dezagun» (hau da, defendatu denon artean, denek ordainduta, baina saila nirea dela ondo zedarrituta; txarrantxa-hesiz zorrotz markatuta). Pentsa aldarrikatzaile batzuen deriba, «gure pestizidak defenda ditzagun»-era ere iritsi direla. Soroetan baino aniztasun handiagoa dago protestetan.

Baina ez dezala horrek oinarrizko garrasiaren zilegitasuna ezkuta. Ezin ukatuzkoa baitirudi nekazaritza pikutara bidaltzen ari dela eredu kapitalista basa, merkatu libre deituak dakarrena —gatibutzan oinarritutako libertatea—, eta jarraitzera behartu nahi gaituzten ildoak jarduera bat ez ezik bizimodu oso baten, naturaren, bioaniztasunaren eta beste hainbaten galera dakarrela ezinbestean.

Hori argi dagoela esango nuke. Handik aurrerakoak...

Nekazaritza alorreko enpresa handien ordezkariak, lurjabe handiak, Europako funtsak ahurka jasotzen dituztenak daude traktore askoren bolantean, monokultiboa eta laborantza intentsiboaren aldezleak, bat datozenak eta gauzatzen dutenak egungo eredu nagusi sostengagaitza. Kontrario hartuta dauzkatenak trantsizio ekologikoaren aldeko pausoak, trantsizioa aski ez eta erabateko iraultza behar dela gero eta agerikoagoa denean.

Errotik ebaki behar direnak nekazaritza ereduaren sustraiak dira. Alegia, bizimoduarenak.

Eta hor jotzen dugu sega kamusten digun harria.

Adierazgarria izan zen Von der Leyen presidenteari entzutea, erranez legea atera aurretik laborariei entzun behar zitzaiela. Eskertzekoa da sektorea arautuko duen legea onetsi aurretik sektoreari entzutea, hagintari anderea! Baina ez zuen hori esan nahi, ez hori bakarrik: jakitera eman nahi zuen baimenduko dutela larrialdi klimatikoaren aurrean hartu beharreko neurriei —beti ere motzak— galga jartzea. Industriarekin egin duten bezala. Eta diskurtso berean haien ongarri magikoa aipatu zuen: errentagarritasuna.

Hortxe baitago gakoa: errentagarritasuna. Seguruenik laborantza mundutik datozkigun hitzekin esanda: mozkinak, etekinak. Helburua ez ote den hori eta hori besterik ez, eta beraz berdin diola bidean zer erre edo agortu behar den, natura guztiz pobretu behar den gu aberasteko. Batzuk aberasteko, alegia. Nekazari aberatsak lehenesten ditugu nekazaritza aberatsa baino; lurjabe aberatsak lur aberatsak baino; supermerkatuak merkatu txikiak baino. Eta horrela, nahi adina txargarri gure miserien baratzean.

Laborantza jarduerak irautea dago jokoan, eta protesta hauetan beste faktore eta langile batzuk ere sartu dira, eta interes ez sasikoak dituztenak bildu: nekazari txikien egoera prekarioa, jarduera baten duintzea, burokrazia itotzailea... Igitaiak dantzan jartzeko motiboak badaudela, badaudenez, baina garbi izanda, eta batez ere dakienari eta dabilenari entzunda, zein nekazaritza eredu defendatu behar dugun. Ezker eta eskuin begiratu behar da, batez ere eskuin, traktoretara igo aurretik, denetan konpainia ez baita hain noblea izango.

Eta hipokritak ere ez gaitezen izan. Ez diezaiegun laborariei exijitu euren izerdiaz ongarritu dezatela guztiontzako mesede izango dena, protesta egin dezatela bai baina protesta ekologikoa, naturala, biodegradagarria eta erro ideologiko sakonak dituena kalekume ilustratu ekoloon begietara: jarduera iraunkor eta berde eta justu bat gordetzeaz gain, haiek ere egunero soldata duin bat nahi dute. Horren alde ere ari dira, eta zilegi da.

Lurra defenda dezagun, dudarik gabe. Gugandik, batez ere. Gu gaitu etsairik handienak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.