elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Oskorriren gorria

2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Akabo, bukatu da, agur esan du Oskorrik Euskal Herriaren ertz batetik bestera, zazpi hiritara eraman duen Despedidea jirarekin. Kontzertu totalak, aterrunerik gabekoak, 44 urteko ibilbidean ezarritako mugarriak markatuz, eta lokarri gisa popurri oskorritarra erabilita. Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez beteranoen ondoan, banda musikalki oso potentea osatzen dute Iñigo Egiak, Gorka Eskauriazak, Iker Goenagak, Jose Urrejolak eta Xabier Zeberiok.

Osotara, The Pub Ibiltaria-ren traza hartu zuen emanaldiak, Donostiako Victoria Eugenian behintzat, urriaren 25ean; hitzekin ez bazen, esku-zartekin lagundu zien publikoak hainbat abestitan. Bi ordu inguruko saio betea, izerdi patsetan bukatzeko horietakoa, eta, hala ere, ezin guztia bildu: 44 urteko emaitzak gainezka egiten zuen.

Aspaldi izan genuen notizia bazela Bilbon abizen bitxiko —de Felipe— unibertsitario bizardun bat, gitarra hartu eta euskaraz kantatzen zuena. Geroxeago hitz berri bat erakutsi zigun jada talde bihurtua zenak: Oskorri. Laster jakinarazi zigun su emateko prest zeuden Eibarko forjarien kanta, langile borroka baten kronika ezin adierazgarri eta biziagoa.

Baina, guztietan, Adela gurea kantak markatu gintuen bereziki. Adela, bere ederrean, ez zen fikziozko izena; haren atzean istorio triste bat zegoen: andereño bat, ikastolatik kanporatu zutena —gorria izateagatik, nonbait— eta abortatzean hil zena. Ahapeka kontatzen zen hori dena, tabuak eta errespetuak erdi eta erdi eraginda. Melopea moduko musikaren gainean, hitz klabeak: herria, berria, gorria… gurea.

Sustatun topatu dut Adelaren historia, Goio Aranak duela ia hiru urte argitaratutako Adela, geurea artikuluan (2012-12-11). Adela Ibabe, aramaioarra, 1968an Arrasateko San Frantzisko Xabier ikastolaren sorreran andereño. «1972an, alegia, ikastola sortu eta lau urte eskasera, 17 lagunek osatutako klaustrotik, 15 kalera bota zituzten. Adela Ibabe kaleratutako irakasleen artean zegoen». Hurrengo urteko otsailaren 11n hil zen Adela, «abortu klandestino baten ondorioz».

Natxo de Felipek eta Gabriel Arestik ondutako kantan, emakume burujabe izateko bide malkartsu eta oztopoz betearen oihartzun poetikoa. Adela, noranzko horretan abiatutako emakumeen sinbolo. Garaiko heziketa sentimental zurrunean, mugarri bat jarri zigun abesti hark.

Oskorri kontsekuentea zen bere izenarekin, eta gorri izatea, gorri jokatzea, gorriak ikusiz ordaindu behar izan zuen. «Españolistak» omen zirela-eta, boikota ezarri zitzaien ETAren inguruko giro orduan oso zabaletan. Sektarismoa gailurrik gorenean zegoen artean, sarritan paranoiara iristeraino. Abertzaletasunaren izenean, birrindu egin nahi izan zuten baten batzuek euskaraz etaeuskal munduaz ziharduen musika taldea, inor soberan ez zegoen eremu latz eta pobre hartan.

Halako batean, zentzatu ziren gauzak eta euskalduntasunaren ikur izatera heldu zen Oskorri Xabier Amurizak idatzitako Euskal Herrian euskaraz-ekin; ereserki bihurtuko zen kanta hura. Zegokion tokia hartu ahal izan zuen musika taldeak, eta urte askotarako, gainera.

Orain, despedidan, ohore guztiak jaso ditu Oskorrik, ezker-eskuinetatik. Poztekoa benetan. Haien musikak eta hitzek esango diote bakoitzari dena delakoa, ostadarraren ñabardura ezberdinetan. Ez dadila ezkutuangeratu gorritasuna, gizarteak aurrera egiteko bidean akuilu eta erreferentzia izan zena —eta dena—.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.