Badago Erresuma Batuan Daniel Kitson deitzen den umoregile bat. Collaborator deitzen da bere azkeneko lanetako bat eta ikusleen parte hartzea eskatzen du bertan. Antzezlan baten gidoia banatzen du antzerki konpainia bilakatu zaion publikoaren artean eta inoiz hasiko ez den obraren inguruan bere aktore berriek egiten dizkioten galdera, zalantza eta beldurrei erantzun behar die. Harrigarriena da Kitsonek gorroto duela publikoaren parte hartzearena. Ez zaizu hain harrigarria suertatuko ni, ikusle gisa, nahiko deseroso sentitzea ere. Antzokietako besaulkietan daudenek arnasari eusten diote aktoreetako batek oholtzatik salto egin eta korridorean aurrera egiten duenean. «Ez, ez, ez, ni ez, mesedez» otoitz egiten dute. Zerk eramaten duen aktore bat publikoko pertsona bat hautatzera eta ez beste bat, auskalo. Logistika egongo da tarteko. Mikrofono bat helarazi edo eszenatokira eramateko bada, hobe korridoretik gertu dagoen norbait hartzea. Ala beharbada aktoreak animaliak bezalakoak dira, beldurra usaindu dezakete besaulkietara ondo eutsita daudenen artean. Zalantzan jartzen dut, herri honetan behintzat, ikusleen parte hartzeko grina zabaldua dagoenik eta, hala ere, ez dira gutxi parte hartzearen tartea duten antzezlanak. Inoiz ez da une funtsezkoena. Saihestu genezake, egia esan. Ez da istorioak aurrera egiteko baliatzen, ezin du, publikoa ez da fidagarria horretarako. Obra astindu egiten du ezinegonak, beste zerbait da, uneko zerbait, espero gabea bezain neurtua. Inprobisazioaren ilusioaren ostean, bere bideari jarraitzen dio antzezlanak, hala idatzi duelako norbaitek, hala antzezten dutelako hitzak barneratu dituzten aktoreek. Arnasa itzuli egiten da besaulkietara eta bakoitza bere lekuan dago berriz. Han eta hemen.
Beste agertoki batzuetan, politikan eta enpresan adibidez, jada ez da herritarren edo langileen parte hartzearena hainbeste entzuten. Hark ere happening, inprobisazio eta irekieraren ilusio kutsu bat zuela iruditzen zait. Ez zela hainbesterainokoa. Ez zela gauza garrantzitsuak erabakitzeko baliatu inoiz, mahai gainean aurrekontuak bezalako gai potoloak jartzen baziren ere. Zeozer erabakitzen zela baina ez guztiz, puntatxoa bakarrik. Obrak beste egile, zuzendari eta protagonista batzuk zituen. Oso puntualki ezagutu nituen bilera-dinamika parte-hartzaile haien aulkietan ere, publikoa pertsonaia zen. Protagonista bilakatu nahi zuen heroi anonimoa, bere monologo autobiografikoa amaitu ezinik zebilen beste hura eta funtzioan parte hartu bai, baina atzean dagoen zuhaitzarena egitea nahiago zuen taldea. Horrelakoetan bazegoen gauzak erraztu eta narrazio logiko bat ezartzeko lana hartzen zuen zuzendari bat, Daniel Kitsonek bezala, kakofoniari zentzu bat, eguneko ordenaren gidoiari jarraipen bat eta presente zeuden ahots guztiei bozgorailu bat emateko. Amore eman eta baja hartu baino lehen ziurrenik.
Jende askok bezala nik ere uste dut demokrazia ez dela lau urtean behin bozkatu eta sekula gertatzen ez den plot twist baten zain gelditzea. Horretarako herritarrok ondo informatuak egon behar dugula entzungo zenuen behin baino gehiagotan, baina zein zaila bilakatu den hori. Etengabeko (des)informazio isuriak gertatzen den gauza bakoitzari erantzun bat ematera eramaten gaitu. Asaldatzera gehienetan. Batzuetan gertatzen ari denak ez duelako ez hankarik ez bururik. Batzuetan gertatzen ari dena ez delako benetan gertatzen ari. Batzuetan gertatzen ari dena iritzi bat da eta ez gertatzen den zerbait. Batzuetan gertatzen ari dena ez da anekdota bat besterik baina arazo potolo bat bilakatzeko orokortua. Eta bizi dugun eta ez dugun errealitatearekin daramagun etengabeko elkarrizketa honek porru eginda uzten gaitu, besaulkian botata, haria galduta eta zer esan behar genuen jakin gabe.