Inaki Galdos

Peron eta 'Salome'

2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Berrogeita hamargarren urteurren interesgarriz betea dugu 2024 hau. Jakina, urtero gertatzen da hori, baina pertsona orok ditu bere bizipen eta zaletasunak, eta horien arabera jartzen ditu begirada bereziak egutegian. Euskal Herrian, berriki oroitarazi digute Leizaola lehendakaria 1974an Gernikara ezkutuan joan zenekoa, irakurtzen ari gara LAB sindikatua jaio zenekoaren inguruan, eta uda ostean gogoratuko dugu ETA erakundearen zatiketa historikoa. Everesteko Tximist espedizioa ere urte hartan izan zen. Mundu zabalera begira, Nixonen dimisioa eta Portugalgo Krabelinen Iraultza izango dira ziurrenik garrantzitsuenak, baina konpli da gogoratzea maiatzeko egun hauetan gertatu zela Argentinan peronismoaren zatiketa bortitza, sekulako eragina izan zuena errepublikaren historian; oraindik ere baduena.

Maiatzaren 1a zen Juan Domingo Peron presidenteak Maiatzeko Plazatik Montoneroak bota —edo joanarazi— zituenean, mukizuak eta ergelak zirela leporatuta. Peronen barne aliatu leialak izanak ziren gazte hauek, baina harremanak okertzen hasiak ziren, batez ere aurreko urteko ekainean, Peron behin betiko itzuli zenean, Eceiza aireportuan izandako liskarren kariaz, hildako asko tarteko. Eskuineko hautua egin zuen orduan liderrak eta Lopez Regari botere osoa eman. 1973an sortua zuen honek Triple A talde terrorista parapoliziala. Beraz, teorikoki gobernuko alderdi (mugimendu) berean zeuden sektoreek talde armatu bana zuten. Testuinguru horretan egin ziren, adibidez, Rucci sindikalista eta Mugica apaizaren kontrako atentatu ezagunak, ustez behintzat fakzio banak eginak. Hori bai, Montoneroek etena zuten borroka armatua, euren gertukoa zen Hector J. Campora presidente aukeratua izan zenetik, Peronek jarria bera oraindik legez aukeraezina zenean. Baina abuztuaren 1ean Peron hil eta berehala itzuli ziren klandestinitatera, beranduago orduko militante askok akats historikotzat onartu izan duten erabakia.

Peter Watson historialariak kontatzen duenez, 1905ean Richard Strauss Salome izeneko opera estreinatzear zegoen. Asaldatuak zeuden musikari eta abeslariak entseguetan, hura ezinezkoa zelakoan dena bertan behera utzi eta etxera joatekotan. Oboe jotzaile bat ausartu zen zerbait esatera: «Strauss jauna, agian partitura hauek ondo aterako dira zure pianoan, baina guretzat izugarri zaila da». Bueltan esandakoa mundiala izan zen: «Oker zabiltza, nire pianoan ere ez dira ondo ateratzen». Antzerako zerbait erantzun zidan duela urte batzuk La Platan euskal jatorriko peronista batek, euren mugimendua ulertzea oso nekeza egiten zitzaidala esan nionean: «Lasai, guk geuk ere ez dugu ulertzen». Ez zen kontsolamendu txarra izan.

Baiki, duela berrogeita hamar urteko hura aditzea zaila da zinez, baina handik aurrerakoari antzik ematea ere ez da erraza. Adibide bat jartzearren, 2015ean Mauricio Macriren kontra hauteskundeak galdu zituen Daniel Scioli Buenos Airesko gobernadore ohi peronista —Cristina Fernandez Kirchnerrek (CFK) hautagai jarria— diputatu izan zen gero eta zenbait kargu izan zituen Alberto Fernandezen gobernuan. Bada, orain Mileiren gobernuan dago lasai asko, bihar-etzietan nork daki… Eta ez da bakarra, asko daude horrela. Eskuin muturretik ezker muturrera doazen aukera ideologiko guztietan daude peronistak eta horregatik daude sarri banatuta. Baina beste askotan elkarrekin, elkarri tiroka aritzen ziren garai haietan bezala. Kirchner familia iritsi zenetik gertatu denak areagotu egin du, gainera, zurrunbiloa.

Horregatik egiten zait ulertezina, hona iritsi nahi nuen, ze arin jokatzen dugun sarri hangoa hizpide dugunean. Adibidez, ze erraz onartzen ditugun CFK bezalako pertsonaia ilunak, ustelkeriaz blai eginak, Lula da Silva edota Pepe Mujicaren kuadrillan. Nazioarteko politika (ere) berez bada zaila aditzea, Salome opera hartako musikariei baino askoz ere nekezagoa egiten zaigu askori Argentinako peronismoarena. Duela 50 urteko maiatzean gertatutakoa testigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.