Jule Goikoetxea
ARKUPEAN

Politika transferiezina da

2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zer dute erabakiak, jabekuntzak, autoritateak eta Gure Esku Dago ekimenak komunean? Boterea birsortzeko erak dira. Gure Esku Dago ekimenak herri jabekuntza du helburu, autoritate politikoaren iturri den herri erabakimena mamitzea. Norberak hartutako erabakiak egiten du bat burujabe, hortaz, jabekuntza politikoa edo burujabetza norberak duen autoritate politikotik (duintasunetik) abiatuta boterea kolektiboki birsortzean datza. Botere politikoa bere zirkuitu ohietatik desbideratu eta erabaki herritarra oinarri, bide eta helburu duen praktika da burujabetza edo jabekuntza politikoa. Horregatik, presente eduki beharko genuke beti, boterea errepresiboa bezain askatzailea dela, erlazio bat izanik, hutseratzailea eta deuseztatzailea bezain produktiboa eta emankorra. Gakoa orduan ez da esku artean dugun boterea, botere erlazioetan dugun posizioa baizik. Gure kokapenaren arabera botere jarioa handitu edo murriztuko dugu, errepresiboa edo emankorra bilakatuko zaigu. Muina beraz posizio berriak eraikitzen datza eta hori da Giza Kateak lortu duena: autoritatea berreskuratu dute herritarrek, eliteek eta legeek monopolizatu nahi izan duten autoritatea. Jabekuntza itxura hartu eta politika egiten hasi da duintasuna.

Zuzenean burutzen den boterea da jabekuntza eta, kapital ekonomikoa eta kultura ez bezala, transferiezina da, karisma transferigarria ez den moduan. Elkarrekin baina norberak burutu beharreko ekintza da politika. Transferiezina da politika. Giza Katea osatu zuen herritar bakoitzak politika egiteko erabakia hartu zuen eta erabaki horrek eraman gaitu duintasunak eskatzen duen jabekuntza pertsonaletik burujabetza kolektibora, indibidualtasunaren fantasiatik, Almudena Hernandezek dioen moduan, indibidualtasunaren errealitate komunera: komuna denaren erreprodukzio sortzailera, komunitatea eraikitzera.

Herria politika egiten duen heinean izango da subjektu politiko. Erabakimenak definitzen baitu subjektu politikoa, erabakiak erabakimena sortzen duelarik, ez alderantziz.

Erabakimen politikoa ez da klausula edo enuntziatu sorta bat. Botere posizio zehatz batetik jende multzo batek esandakoaren hezurmamitze prozesua da erabakimen politikoa, zeinaren bidez hasierako botere posizio hori eraldatzen den jende multzo horren erabakimena handituz.

Erabakia errealitatea sortzeko tresna magikoa, hots, performatiboa da. Gizakiak piztia politikoak gara, ez soilik taldean bizi garelako, inurriak ere taldean bizi baitira, diskurtsoa daukagulako baizik. Horrek zer dakarkigu? Omen gauza beraren aurrean gauza ezberdinak ikustera garamatza. Leku berdinean egonda, posizio desberdin eta kontrajarrietan kokatzea, denbora-espazio bera dibergenteki pentsatu eta bizitzeko aukera. Laburbilduz, erabakiak hartzeko gaitasuna eta ezinbestekotasuna dakar abstrakzio diskurtsiboak, hizkuntzaren praktika sozialak. Hortaz, erabakiak dakarkigu autoritate politikoa gutako bakoitzari: bizidun izaki, bizitzeko era ezberdinak imajinatu ditzakegulako, eta, beraz, hautuak egiteko premia dugulako.

Hautuak ardura suposatzen du, ardurak jabekuntza, jabekuntzak askatasuna, askatasunak autoritatea. Ardura beregain hartu eta ardura horrek dakarren autoritate politikoa berreskuratu dute Giza Katean parte hartzea erabaki duten herritarrek. Jabekuntza transferitu ezin den botere edo kapital horietakoa da, bakoitzak egin baina taldean mamitu beharrekoa. Duintasuna pertsonala eta transferiezina den bezala, erabakimen politikoa ere herriarena eta transferiezina da. Herritarrek bere egin dute dagokien autoritate politikoa eta munduko herri guztiona den giza historian euskal herria birsortzea erabaki dute.

Hori da Politika egitea eta Politika egiten duen herria bakarrik izango da herri burujabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.