oihana arana

Sargoria

2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Erosketak egiteko orgatxoarekin bueltatxo bat ematera atera naizenean jakin dut. Aurpegian behera izerdi tantak. Egun horietako bat da. Bero sargoria dago. Umetan ez nuen ulertzen zer esan nahi zuen «sekulako umedadea dago» esaldiak. Esaten hasi eta gero ikasten dira gauza asko. Egin dut erosketa eta banekien bazetorrela. Tantaka batzuk nabaritu ditut behatzetan. Garaiz iritsi naiz etxera.

Lentejak kozinatu ditut. Ez zegokion gaurko egunari, badakit. Baina hori izan da okurritu zaidana. Zatika urdintzen hasi da zerua bazkalostean. Sandaliak eta praka laburrak eta eguzkitako betaurrekoak. Ilara luzeak izozki dendetan. Jendeak elkarrengandik gertu, baina elkar ukitu gabe paseatzen du horrelako egunetan. Andra-gizon batzuk ikusi ditut bata kamiseta berdea eta bestea arrosa jantzita. Cosmo eta Wanda zirela esan diot aldamenekoari. Umore mota hori dagokie gaurkoaren moduko egunei.

Iluntzen hasi da arratsaldea. Asaldatuta zeuden kaioak. Halakoetan ez dakit elkarri bazka kendu nahi dioten ahotik, edo elkar jan nahi duten. Eszenaren biolentzia maila altuak lekuz mugiarazi nau ezinbestean. Mendebaldetik zetozen lainoak, beltz. Marrubizko irabiatu bat eman didate eskura eta banku batean egon naiz zerua noiz eroriko zain. Kaioak baino elegantexeago musuka zebiltzan bikote pila bat ikusi ditut. Ez zait iruditu egunari ondo zetorkion ekintza bat zenik, baina tira. Udaberriaren azken astinduak. Urte sasoi honi udara deitzen dion jende horri guztiari gauza asko esango nizkioke orain. Baina hau ez da uda jendea. Etorriko da.

Gautu baino lehen ilundu da eguna. Apurka-apurka abiatu naiz ekialderantz. Ez da ihesa izan, ez oso planifikatua behintzat. Egunak apur bat gehiago irautea nahi nuen. Tarteka burua biratu dut tximistak ikusteko tentazioari eutsi ezinda. Ikusgarria benetan. Hau imitatzeko asmatu zituzten su artifizialak? Baliteke. Zer xaloa den gizakia batzuetan.

Berriz akordatu naiz. Umetan (eta ez hain umetan) beldur handia ematen zidaten trumoiek. Amari besarkatuta egiten nuen lo. Edo burkoarekin belarriak estaltzen nituen ohetik ateratzeko bezain ausart sentitzen ez nintzenetan. Oraindik apur bat konektatzen dut emozio horrekin. Egun osoa igaro dut horri buruz pentsatzen. Leiho onak ditugu etxean, zorte apur batekin ez da ezer entzungo. Halako egunetan ezinezkoa da nostalgiko ez jartzea, pentsatu dut. Euriak oroitzapenak ekartzen dizkit eta eguzkiak ez.

Etxera joateko garaia zela erabaki dudanean lehertu da ekaitza. Heldu da. Banekien. Denoi gustatzen zaigu apur bat (ez dakit hau ironikoki esan edo ez) gure bizitzek pelikula kutre aurresangarri horien antza hartzen duten momentua. Gaur ere hala izan da. Beti izaten da hala. Sekula ez da hasten euria etxera iristen zaren momentuan. Unea erromantizatzea edo korrika egiten hastea. Halakoetan ez dago beste aukerarik. Lehenengoa egiten saiatu naiz, baina berehala abiatu dut lasterketa. Tximista batek zeharkatuta irudikatu dut nire gorputza asfaltoaren kontra. Badakit ez dela oso probablea, baina gauza inprobable asko gertatzen dira. Pelikula txarretan bereziki.

Afaria prest neukan mahaian iritsi naizenerako. Egunak eman dituenak kontatu dizkit pisukideak. Kezkatzen gintuen hura ondo dagoela, bihar ere lentejak bazkalduko ditugula... edozein euri-iluntzetan izaten den elkarrizketa mota hori. Ez zaio mundu guztiari gertatzen, baina jatortu egiten gaitu nekeak. Besarkada luze batekin agurtu dugu elkar.

Ohean sartu eta kasu apur bat egin diot pantailaz bestaldeko munduari. Ondo ote gauden galdetu du amak familiako WhatsApp taldean. Ekaitza zer moduz generaman jakiteko idatzi digula esan du gero. Zarata handia dagoela han. Esandakoa egiaztatzeko sei segundoko audio bat bidali du. Kilkerrak baino ez dira entzuten.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.