elixabete garmendia lasa

Traktore baten gainean...

2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Haur kanta horren inozentziarik gabe igo dira traktoreetara laborariak nonahi. Sekula izan den traktore mugimendurik handiena ari gara ikusten, eguna joan eta eguna etorri, zuzenean ez bada, telebistan. Hemen Ipar Euskal Herrikoak izan ziren lehenak, Nafarroakoak gero, hurrena Gasteizen eta Bilbon ere hartu zuten kalea. Azkenik, Donostian; gazte jendea nagusi hemen.

Alemanian hasi ziren protestak, urtarrilean jada. Hortik aurrera Europako hainbat herrialdetara zabaldu dira lehen sektorekoen mobilizazioak: Frantzia, Belgika, Grezia, Italia, Holanda, Espainia, Portugal... Errumanian eta Polonian ere mugitu omen dira. Tokian tokiko arazo eta arrazoiak dauzkate oldarraldi honi ekiteko, baina azken batean Administrazioen burokrazia, Europako merkatu libreko akordioak... eta nekazaritza lantegi txikien errentagarritasun eskasa daude jomugan. Eskuinak sartu du eskua han eta hemen, aitzindari izan da zenbait tokitan mobilizazioak antolatzen, irabazi politikoaren bila; tartean, Espainian, Xaime Da Pena abokatu galiziar ultra aritu da protesta hauspotzen. Atzetik, bultzaka, lobby industrialak.  

Kataluniako ez dakit zein tokitan, zer pentsa uzten zaituen pankarta: Gu suntsitzen ari zarete. Ez dakizue hazia garela. Hurrena, Lizarra inguruko gertakaria: txaleko berdexkaz jantzitako hainbat gizon traba egiten ari zaien Guardia Zibilen autoa errepidetik baztertzen, bultzaka, garai bateko kale borroketan manifestariek egin ohi zuten bezala; behin eta berriz eman zuten eszena TVEko albistegietan. Telebista horretan bertan Kataluniako beste irudi bat: mikrofonoan borrokarako arrazoiak azaltzen, bata bestearen atzetik hainbat nekazari... emakumezkoak denak. Badirudi zerbait —ala asko?— aldatzen ari dela laborarien munduan. 

Gipuzkoan beste afera bat ere izan berri da baserritarrekin. Azaroan Gizarte Segurantzako ikuskatzaile bat ibili zen nonbait Tolosako azokan, adineko saltzaileei kontu eske. Dozenaren bat erretiratu zigortu omen zituen: 6.000 euroko isunak ordaindu behar eta bi hilabetetako pentsioa bertan behera. Orain, erretiroa hartutako baserritarrek bi baldintza bete beharko dituzte azoketan salmentan jarraitzeko: Gizarte Segurantzan izena eman eta kotizatu egin beharko dute hilean 1.134 euro baino gehiago irabazten badute.

Kontua da auskalo nondik ekarritako jeneroa saltzen duten makro-dendetako garai honetan luxua dela ondoko herriko baserritarrei erosi ahal izatea brokolia, indabak, letxugak, garaiko tomatea, arrautzak, etxeko menbrilloa, gazta... eta, gainera, opari gisa, perrexil sorta jasotzea. Areago, azokak, toki irekiak, sozializatzeko aproposak dira zinez, bai saltzaileentzat, eta baita bezeroentzat ere, batzuen eta besteen arteko konfiantzazko harremanean. Agian Gizarte Segurantzakoek kontuan izan beharko lukete negu gorrian ere goiz osoa kalefakziorik gabeko tokian pasatzen duen gizon edo emakume adindun horrek ze onura dakarkien bere bezeroei, ala?

Nahas-mahas honetan bada oinarrizko kontzeptu bat: elikadura burujabetza. Hau da, herrialdeek eta komunitateek beren nekazaritza, arrantza, eta lurralde politika propioak garatzeko daukaten eskubidea, nork bere ezaugarrien arabera. Europako erakundeen politika beste bide batetik doa, ordea. Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEren bozeramailearen hitzetan, klabea: «Europako merkatu libreko akordio guztiak bertan behera utzi behar dira [...]. Akordio horiek galbidea ekartzen ari dira Europa osoko nekazariei» (BERRIA, 2024-02-10). Eta, bide batez, galera, auskalo nondik nora ibilitako barazki, fruta, ale, haragi eta beste kontsumitzera behartzen duten herritarrari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.