Tribua benetako edo fikziozko arbasoa partekatzen duten familia batzuen elkartea ei da. Eta tribuak elkartzen direnean, beste tribu handiago bat sor dezakete. Marshall Sahlinsek zioen tribua, familia taldearekin batera, nazio baten autonomiari ere lotu behar zaiola. Gaur egun, aldiz, tribuak beste definizio eta testuinguruetan ulertzen ditugunez, funtsean duen esangura ia ahaztuta izango genukeen duela gutxi Kataluniako ordezkari politiko batek berreskuratu izan ez baligu. CUPeko aurpegia den Anna Gabrielek, «tribuarentzat» erreklamatzen zuen umeak hazteko betebehar eta eskubidea; tribua, hitzak duen zentzu antropologiko txikienean, pentsatu nahi dut; bestela, nola ulertu bere taldeak joan den astean, tribuarekiko aldarrikapena baliorik gabe uztea? Balio eta babesik gabe tribu handia, nazioa sentitzen dena, hain zuzen ere. Pena eman zidan CUPek gobernuak aurrera egiteko hain beharrezkoak zituen baliabideei ezetza eman ondoren, Gabrielek agertzen zuen poza eta barre-algara; nori barre, baina? Herriari? Herritarrei? Tribuari? Aitortu behar dut Kataluniak hasitako ibilbideari, beti, ilusioz begiratu diodala; ilusioz, baina kontu handiz, zeren edozein proiektuk, eta etorkizuna baldintzatzen duenak are gehiago, oinarri eta babes sendoa behar baitu. Ezin da «tribu» handi baten etorkizuna, euren buruarekiko asteroko definizio edo indefinizio berria agertzeko okurrentzia duten eskuetan utzi. Ezin da tribuko familien onurak edo zorigaitzak hamar pertsonaren aldarteei fidatu, ezin denez Jainkoak emandako aginduaren ordezkari fedegabeengan sinistu.
Ni neuk, behintzat, esperimentuetarako ez nituzke etxea edo etxekoak erabiliko, ez behintzat beste aukerarik edukiz gero. Eta horretaz doa, nahiz eta ez duen horrela ematen, hemendik hamabost egunetara berriz dugun hartzeko erabakia. Komunikabideetatik datozkigun mezuak ez doaz aurpegiak eta zenbakietatik askoz haratago. Keinuak aztertzen dira, arropak, alderdien barruko nahasketak, gehiketak emango duen edo ez, «sorpasso-rik» izango den... Baina eta gureaz? Inportanteaz? Ezertxo ere ez. Seguru nago edozeini sigla bakoitzak proposatzen dituen hiru neurri aipatzeko galdetuko bagenio, kostatuko litzaiokeela baten bat aipatzea. Galdera, aldiz, hautagairen batek egindako hanka sartzeari buruzkoa bada? Plenoa! Eta egindako bisita, errepresentazio, dekoratu edo mitinetan gertatutako bitxikeriak? Telebista guztietan. Itxurakeria hutsa.
Ez dut zalantzarik gehiengoak jakin dakiela zer nahi ez duen, eta baita zer nahi duen ere, baina zertarako? Edo nola? Edo norekin? Hemen, Euskal Herrian, jendarteak argi omen dauka une oro zein den egin beharreko hautua; Madril edo Gasteiz indartzea helburu jarrita, batera edo bestera egingo dutela adierazten digute inkestek eta galdeketek. Benetan dira hain ezberdinak tribuaren eskari eta ilusioak batean zein bestean? Benetan sinisten dugu Gasteizen egiteko kapaz ez direnek Madrilen zerbait egingo dutela gure alde? Benetan sinets daiteke talde handi baten murgilduta inor guri begira jarriko denik? Edo jartzeko aukera izango duenik? Nik ez behintzat, inoiz ez baitute egin. Zaharrak zein berriak izan, duten kolorea dutela, kasurik ez; ez behintzatgeure beharrizanik ez duten bitartean. Beraz, eta tribua garen aldetik, geurea antolatu, babestu eta aurrera aterako badugu, hauteskunde hauetan zuhur jokatzea dugu geure ordezkariak aukeratzean. Ditugun helburu garrantzitsuak lortze aldera, egin beharreko lanak primerakoa izan behar du eta horretarako, hemengoa eta hangoaren ezagupena ezinbestekoa da.
Gure tribuan, gurea lortzeko hara joan behar dela da hemengo alderdien leloa, baina horretan sinistu egin behar da, sasoiak edo zailtasunak gorabehera. Horregatik, nik, etxekoen alde egingo dut, batez ere, Madrilerako bidaiarekin batera, Madrilen izan eta nire tribuarentzako onurak ekarri dituztenen alde; erakutsi didatelako betidanik, euren helburuetan, Euskadi dela lehena.

ARKUPEAN
Tribuez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu