All is not iron, baina distiratsu ikusi genuen Athleticen burdin-zaina, distiratsu eta itzela Bartzelonako kale eta bazter, Camp Nouko hegalak zuri-gorriz tindatuz eta ilusioaren indarrak baino bota ezin dituen orroak zabal zebiltzalarik. Diruak erosi ezin duen sentimendua jokalariak airean eramaten saiatu zen arren, haizeak ez zuen indar nahikorik, antza, eta ezinezkoa gertatu zitzaigun. Eta hori taldea hazi egiten dela horrelakoetan; pare bat goletara gelditu zen loria, eta miraririk lortu ez bagenuen ere, aurrean futboleko jainkoak izateagatik ere, berriz ere esan dezakegu Athletic bera dela benetako miraria. Maitasunez gainezka egon behar da carretera y manta lepora bota eta poltsikoak bero-bero daudela Bartzelonarantz abiatzeko. Eta miraririk lortu ez bada ere, behintzat ilobei kontatzeko «han egon ginela» merezi izan duela uste dute han kanpatutako milaka zalek. Bartzelonan, tabernari eta ostalariek, biltegiak ondo hornituz, pozik Rambletatik gora eta behera pasieran ibilitako zuri-gorriekin; asteburu probetxugarria, alajainkoa! Galdu dugula? Partida izango da, zeren harrotasuna, klubaren nortasuna eta ondra, Tibidaboa bera baino altuagoa.
Eta biharamunean, partidan nabarmendutako berria, notizia, berbabidea... Txistu sorta. Errege berriari txistu zaharrak, denak futbol zelaiaren neurrietakoak. Gauza da aurten ehun mila txistulari eta flabiolerrek askoz bere gortuagoa egin dutela musika. Baina, zoritxarrez, arin-arinak eta sardanak gustukoak ez dituztenek, zeintzuk neurri hartuko diren afruntuari erantzuteko oihukatuz hasi dute astea; zigorra merezi dutela, errespetu falta onartezina dela, egindako kaltearen erantzuleak pikutara bidali behar direla! Ufa! Salaketak edonondik, eta horrenbeste maite duten aberria, «patriota» hondatzaileak, aurretik.
Eta benetako politikan, aurreko igandean egindako hauteskundeetako osagarriekin, alderdiek orea prestatzen ogia falta ez dakigun. Horretarako batzuk eta besteak berbaz berbaz dabiltza, zenbakiak kontuan hartuz, hurrengo lau urteetan gobernatuko gaituzten erakundeak burutze aldera; nahiz eta ematen duen Espainian aurre errebalida bat besterik ez dela izan, irteeran ematen baitute benetako lasterketa hasteko prest. Madrilgo parlamentua ei da helburu nagusia, eta berarekin Espainiako gobernua. Gurean, aldiz, erakunde hurbilen etorkizunak garrantzi handia du, euren esku baitaukagu gure eguneroko bizi-kalitatea eta giza garapena; horregatik zorrotz begiratzen diegu gure arduradunei. Aztertu, neurtu eta bozkatu egin dugu, eta horretan gobernatzen ezaguna dugun EAJ garaile. Saria ondo egindakoari? Zigorra huts egin duenari? Konfiantza? Esperantza? Edo denagatik? Dena dela, zorionak! Halere, gurean betiko aukerek ez dute porrotik izan; PSOEk berak ere ez du deskalabru handirik jasan; eta PPk ere, Estatuko hondamenditik erdi salbu geratuz, Gasteiz mantentzea lortu du. Ezker abertzaleak ere sendo jarraitzen du. Errotutako alderdiekiko bozarekin batera, baina, berria eta inork ez dakien zer egiteko kapaz den Podemosen ezusteko sarrera, zertatik? Euskadin hirugarren indarra, Nafarroan laugarrena eta Bilbon bigarrena. Kontuz! Ikusitakoa ikusita, uste dut ezker abertzaleak baduela lana ez badu atzean geratu nahi. Eta bidelagunak topatzeko saiakera horretan, EAJk dio PPrekin ez doala inora ere; gainera, zenbakiek ez dute ematen; EH Bilduk ez omen du ezer jakin nahi EAJrekin eta alderantziz, eta PSOE... Hitz egiteko prest eta zenbakiak alde; eta hori dena Erkidegoan, zeren Nafarroan garai berriei aukera berriekin aurre egiteko gogoa sumatzen baitzaie; denoi, elkarrekin, eta polita da; Camp Noun gertatu bezala, txalo ziztrin eta despistatutako Espainiako banderaren bat kenduz, txistu gorgarriak gustukoa ez den soinuarentzat, eta Bartzelonakoan bezala, ondorioak seguruenik. Pozgarriak espero.

ARKUPEAN
Txistua eta flabiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu