Beso bakoitzean maleta bat. Tarrazean daramat neure burua etxe deitu izan dudan leku honetatik autoraino. Parez pare aurkitu ditudan turistei begietara begiratzen diet. Argi ikus dezaten ez naizela euretako bat gehiago. Gu goazelako sartzen direla jakin dezaten. Izerditan daukat lepogaina, ekaitza omen dator gauerako. Ekaitzik ez baletor bezala dabil jendea kalean, turistek ez dituzte koloretako xira kutreak erosi oraindik.
Nora noan galdetu dit bizilagunak kalearen erdian, trasteekin laguntzarik behar ote dudan. Buruarekin ezetz esan eta banoala esan diot, aurkitu dudala bizitzeko beste leku bat, ez hain garestia, ez hain desegonkorra. Asko pozten dela eta biziaro berri on opa didala esan dit haren txakurra laztantzeko maleta bat askatu dudanean. Hau da faltan izango dudan detaile klasea. Irati Zubiak inspiratuta, «Mz perra» xuxurlatu diot txakurrari, ez dakit entzun duen, baina lasai geratu naiz esan diodalako.
Biziaro berri on. Solstizio gauarekin akordatu naiz. Lagunekin egin nuen erritualarekin. Egonkortasun apur bat eskatu nion eguzkiaren energiari. Urak lagundu zigun bakoitzaren desioak gorputz osora zabaltzen. Oraindik ez da desioa bete, baina pazientzia apur bat izatea beti da lagungarria. Mudantza garaiak ez dira batere egonkorrak.
Azken buelta da. Orain artekoak ez ditut bakarrik egin, baina gauza batzuk egiteko inportantea izaten da bakardadea. Maleteroan sartu ditut oraindik atera gabe nituen azken bizimodu pusketa horiek eguzkitakoaren eta larrialdietako triangeluen aldamenean. Komikoa da irudia.
Astiro gidatzen dut hiri barruan, beti luzatzen ditut gehiegi azken agurrak. Poliki joateak so egoteko aukera ematen du, eta hala noa, uda jendeari so. Turistekin nahas daitekeen jende multzo hori da; bidegorria patinetan ibiltzeko erabiltzen duena, bizkarreko azala udaro mudatzen duena, koloretako Crocsak jantzen dituena, sudur punta gorrituta izaten duena, izozkailua koloretako flashez gainezka izaten duena, supermerkatuan aurtengo BatiCaoa erosi edo ez erabakitzen minutu batzuk igaro dituena, entsalada baino jaten ez duena... denok ezagutzen dugu gaugiro hitza bizkarrean tatuatuko lukeen norbait. Turismoak jandako lekuetan uda sufrimendu aro baino, plazererako eta erresistentziarako garai izan daitekeela adierazten diguna.
Inbidia apur bat eman izan didate, ez dut ukatuko. Hain alai eta hain sinpatiko beti. Bizitza gainetik pasatzen ez zaion jende mota hori, udan bizitza kontrolpean daukala performatzen duena. Edo are, bizitza kontrolpean ez izatearen onurak azaltzen dizkizuna. Beti da erosoagoa zerbait erromantizatzea madarikatzea baino. Gauza jakina da hori. Gehiegi idealizatzeak tuntun bilaka zaitzake, ordea. Tuntun idatzi dut, baina gauza askoz larriagoak ere jar zitezkeen.
Komeni da, beraz, uda jende toxikoa eta uda jende onargarria bereiztea. Eta hau diot badagoelako ogia eta ohea aldarrikatu eta edaria eskaintzen dizun jendea; itsasoaren parean petrilean eseri eta ilunabarrari so egon ordez, inoiz halako tramankulu batean oporretan egotearekin amesten, luxuzko itsasontziei begira egoten dena; eraso arrazistei «jaietako mobida bat» deitzen diena... Muga bat dago positibotasun extremoaren eta hutsaltasunaren artean zeina ondo identifikatuta izatea beharrezkoa den.
Udaberri jendeaz fio ez banaiz, ez dut ezer gehiago esango uda jende toxikoaren inguruan. Sinpatikoa iruditzen zait, hale ere, uda jende onargarria. Ez dut uste, ordea, sekula izango naizenik izotza jaten duen pertsona klase hori.
Elkartuko gaitu berriz irailak. Artean, adi egonez gero, aurkituko nauzue, akaso, erreka bazterren batean bainatu berri, liburu txikiak irakurtzen. Pozik, baina udazkenaren esperoan nagoela igar dakidan bezain serio. Biziaro berri on denoi.