Aner Euzkitze.
ARKUPEAN

Ura bare dago ordutik

2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ez-pertsonentzako bi putzu daude Zarautzen: arrainen parkekoa eta ahateen parkekoa. Ahateena Villa Munda eraikinaren ondoan dago, bertso-eskolarentzako lokala daukagun eraikin hotzaren sarreran. Duela urte asko hil zen eraikina, eta haren gorpuaren barnean pentsatzen ditugu amaierak. Kuriosoa da poetikoa ez bada. Azken urteetan ia ostiral arratsaldero igaro ditut ordu-laurdenak urmaelari so, ikasleak noiz helduko.

Ahateen parkeak 30 bat metro luze eta 15 zabal izango ditu (neurri hauek oso desinformatzaileak dira). Ez da dena ura ere. Uhartetxo bat du erdian, eta bertan, txabolatxo bat, zuhaitz batzuk eta janaridun egitura berde-hori nahiko itsusi bat. Handik aurrera bihurgune bat egiten du urak, eta penintsulatxoak daude bihurguneen ertzetan. Uharterako zein penintsuletarako, uretan hasten (edo bukatzen) diren metalezko aldapatxo xalatuak daude, animaliak bertatik igo daitezen lurrera. Aldapak edo goranzko zubiak, ez dakit. Urmaelaren erdian eskultura altu bat, nire ustez iguana baten antza duen animalia bat duena. Ez du zentzu handirik baina hor dago.

Ahateen parkean ez daude ahateak soilik. Ikusi baititut,badakit hainbat koloretako ahateez gain, dortoka taldeak eta beltxarga batzuk ere badaudela. Arrainen batzuk ere egongo dira, beti daude arrainak. Tartean behin, txori marroi normal horietako batzuek ere hartzen dute lur hesi berdearen barruko eremuan, baina ez dira hor bizi.

Ni, neurez, ahateen eta beltxargen arteko hegemonia-borrokan ahateen alde nago. Ahate itsusiak eder bihurtu zelako lortu zuen loria. Orduan bai merezi duela itsusi izatea: proto zisne zuri bat ez bazara ixo, Txiribiton. Bai, ahateekin nago topera, eta halere, ahateen parkeko beltxargei buruz hitz egingo dut hemen.

2020ko udan beltxarga zuri bat ekarri zuten. Ez dakit zenbat beltz zeuden, baina zisne zuriaren eta beltz baten arteko harremana zen protagonista eztabaidaezina. Pena ematen zuen zuriak, benetan. Beldurtuta bizi zen, joan-etorri laburrean ihes, beltzaren eraso etengabeen pean. Ez da txantxa, e. Gorroto zentzugabea zion beltzak zuriari, gorroto eroa, bizia, odoltsua. Atzetik jarraitzen zion sarri, eraso egiten zion, lepoa luzatu eta kosk, fonetika estrainiozko oihuak entzuten ziren. Mehatxatuta bizi zen zuria, biolentzia etengabean. Ziur nago, maiz ikusten nuen, geldirik egoteak ere bortxa zekarkion zuriari, egonezina, laborria. Hesi berdeek ez dute beltzek baino belarraren antz handiagorik.

2021eko udazkenean, zurialepoa okertuta agertu zen. Antza, urmaelaz bestaldekoren batek, hesia gainditu eta jipoitu egin zuen. Kasua artxibatuta dago.Gizakiak ziren susmagarri nagusiak. Berri hau agertu zen 2022ko azaroan Zarauzko Hitza-n: «Beltxarga eta ahate berriak daude ahateen parkean». Zisne zuria sendatzera eraman eta berri bat sartu zuten haren ordez: beltz bat.

Ordutik gaur arte, ez dute inongo arazorik eduki zisneek. Elkarren lagun handiak egin dira. Hain ziren elkarren berdinak: ezin haserretu! Eskerrak ez zuten beste zisne zuri bat sartu. Hala izan balitz, berriro etsaitu beharko zukeen beltzak harekin, eta berez ez zaio borrokatzea gustatzen. Lasai bizi nahi du bere lagunekin, ez besterik. Bat esan dut, baina zer gertatuko ote zatekeen bi, hiru, zortzi beltxarga zuri sartu izan balituzte zuri lepokerraren ordez? Kaosa! Nori bururatuko litzaioke beltza hain babesgabe uztea, hain bakarrik, hain zapalduta? Gaizki pasatuko luke. Gizagabekeria! Ez opa besteei zuri egin dizutena. Egun, zorionez eta Jainkoaren graziaz, zisneek ez dute arazorik, eta asko maite dute elkar.

Astelehena, Zarauzko Hitza-n: «Hiru beltxarga desagertu dira Villa Mundako urmaeletik. Udalaren ustez, lapurreta kasua izan daiteke». Herriak egin zuen Jainkoak egin ez zuena edo horrelako zerbait esan behar nuen hemen, baina tira, zisne-jolasak baino ez dira azken finean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.