Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Urte askotarako!

2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantzisko Xabierkoa Shangchuan uhartera heldu zen Santa Cruz ontzian, 1552ko abuztuaren amaieran. Iparraldeko Nafarroako Jasoko Juan eta Baztango azpilikuetarren Mariaren semea, Txinan sartzeko zain hiru hilabetez egon ondoren, biriketako gaitz batek jota hil zen abenduaren 3an; 46 urte zituen. Tradizioaren arabera, hil aurreko azken hitzak, otoitz xume batzuk, ama hizkuntzan esan zituen, euskaraz. Nafarroako semearentzat naturala zena, eta urteen poderioz disolbatzen joan dena, berriz ere gorpuzten ari da bere Zangoza aldean. Euskara indarrez berpiztu da sainduaren lurretan eta sainduaren antzean, indarrak eta ekimenen garrantzitsuak Euskal Herritik, Europatik, eta historiatik askoz haratago, inbasio eta jazarpenei gogor aurre eginez, biak ala biak, irauteko kapaz izan dira. Batak zein besteak kemena, sendotasuna eta komunikatzeko gaitasunaren jabe direla erakusten jakin dute, beste hizkuntzekiko malgutasunarekin batera. Arrazoiak arrazoi, 1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko eguna, eta 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik instituzionalizatu egin zuten, eta, harrezko, aldarrikapen eta ospakizun eguna bihurtuda.

Ez dago ospakizunik garrantzitsuagorik baina, egunero milaka euskaldunok euskara geure eguneroko bizitzaren errail eta garraio bihurtzen dugunekoa baino; argi baitago euskaldunik gabe ez dagoela euskara aurrera ateratzerik. Berriak zein zaharrak, berezko dutenak zein asko kostata erabiltzen dutenak, euskal hizkuntzaren suspertze honetan ez dago inor sobera eta denok gara beharrezko. Istorio honetan, beste batzuetan bezala, batzuek ondo dakigu euskararen gaurko egoera ezinezkoa izango zela 60ko hamarkadan ameslari militante batzuek egindako ikaragarrizko lana barik; ikastolak biderkatu egin zituzten, euskalduntze mugimendua martxan jarri eta, helduen alfabetatzearekin batera, batuaren oinarria ezarriz joan ziren. Pixkanaka-pixkanaka, euskal irratiak eta aldizkarien zabalkuntzaz gain, abeslari, bertsolari zein hainbat idazlek euskara bereganatu eta herriari hizkuntza zaharberritua eskaini zioten. Euskal komunitateak ere, etengabeko ahaleginetan eta 1981ean bere gutxiengo historikoari gainezka eginez, pauso sendoak ematen jarraitu zuen.

Bakoitzaren konbentzimendua izaten zen ezinbesteko erregaia euskararekiko jarrera abiadura har zezan. Lagunok elkarri «Egin dezagun euskaraz!» eskatzea izaten zen motibaziorik handiena. Urteetan ahaztu edo utzitako mintzairara bueltatu eta hizkuntzaren balioaz jabetzen ginenean, zelako harrotasunez ekiten genion! Ahaztu barik euskararen berreskurapenak izan zuen abertzaletasunarekin lotura. Guretzat, hamarkada haietako gazteontzat, euskara eta euskal kultura ere eskutik zihoazen. Guk, abestiak, bertsolaritza, lehen gau eskolak, ezkutuan pasatutako aldizkariak, mendi martxak... denak zurrunbilo batean bizitzen genituen. Eta lokalak, eta erakunde batzuen konpromisoa, eta Eliza euskalduna eta adrenalina ere, ezinbestekoak. Halere, norbaitek esan dezake; etekinik bai? Jakina! Nahiz eta denboraren joanean gutariko konpromiso eta bideek batetik edo bestetik sakabanatu gaituzten.

Urte honetako abenduan, euskal abeslari, bertsolari, idazle eta kultur eragilek bost egunetako erakustoki erraldoian milaka pertsonarekin euskaraz partitzeko aukera dutenean, argi geratzen zait euskara bizirik dagoela, eta baita zein garrantzitsua den erakundeen konpromisoa ere. Argi ere, modernitateak eta aurrerabideak hizkuntza minorizatuen desagerpena ekartzen duten faltsukeria; gure euskara ez delako bakarrik euskal tradiziodun hizkuntza, euskara zientzia eta artedun hizkuntza ere badelako. Horregatik, argi dago euskararen arrakasta eta iraunkortasuna guztion eguneroko lanean datzala. Beraz, jalgi hadi euskara, gero eta indartsuago, eta urte askotarako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.