Ipuinak dio mamuek bisita egiten dutela Eguberrietan. Inoizko Gabonik ez-Gabonenak ari naiz izaten aurten, baina ezin hargatik haiez libratu. Zorionez, lagun minaren sofan harrapatu naute, pelikula bat ikusten ari ginela. Hirugarren batek gomendatu zigun erdi emozioz, erdi mehatxuz: «Tias, bete-betean jotzen du dianan, ikusi behar duzue». Elena Martinen Creatura filmaz ari zen. Dianan ez dakit, baina iltzatu zigun gezia.
Ikustaldi deserosoa izan zen, pantailak erakusten zuenagatik zein geure buruak islatzeko erraztasunagatik. Gehiegizko spoilerrik gabe, ekarri nahi dut lehen eszena. Bikote heterosexual bat ohean, Mila eta Marcel. Nagi eta erdi lo, Milak Marcelen bularraldea ferekatzen du. Hartu du iniziatiba eta minutu batzuen buruan larrutan ari dira. Berehala, ordea, nabari duzu sabaian iltzatu dela Milaren begirada. Bero hasi bada ere, zerbait ez dago ondo, ezin gorputzera itzuli. Blokeatu da. Marcel ohartu eta bertan behera utzi dute. Gogaitu samar dio honek «ez baduzu nahi esadazu, baina zu hasi zara». Mila hasi da estutzen eta lehertuko da negarraldian. «Ez dakit zer gertatzen zaidan».
Pelikulan zehar Mila neskatila, nerabe eta helduaren irudiak tartekatzen dira. Horietan topatuko duzu Milaren —eta inoiz tipa heterosexual bezala sozializatu eta sexualizatu den askoren— istorioa. Elena Martinek kontatu zuen ikustaldi baten osteko iruzkin batek zioela: «Zenbat elementu, eta zeinen konplexua kontatzen duzun guztia». Alabaina, Martinen ustez, filmak kontatzen duena ez da lagun batekin intimitateko hizketaldi batean kontatzen dena baino. Hala, kredituetara heldu orduko nire lagunen ahotsak etorri zitzaizkidan. Osatu zen niri ere gertatu zait titulua duen mosaikoa. Gabonetako estanpa inbertitua. Haiekin solasean eman nituen gauaren hiru laurden.
Ahotsetako batek ezezkoak negoziatzen zizkion mutil-laguna zuen. Beste batek «ez nauzu gustuko ala?» biktimista. Batzuk negarrez hasten ziren orgasmo bat izan orduko, jakin gabe ondo zergatik. Ahotsetako batek eta biok elkarri aitortu genion lehen aldi horiek ez zirela behin kontatu genituenak izan. Opor haietatik bueltan asmatu genituen maitasun istorioak gezur hutsa zirela, artean ulertzen ez genuen biolentzia estaltzeko. Etorri ziren ere erasotzailea auzoko jaietan topatzen duena, txortaldietan beren burua kanpotik ikusi zutenak eta «zer moduz joan zen bart?» bati «azkar pasa zen» erantzun ziona.
Ez dut estatistikarik, lagunak bai, ordea. Ez zaizkit zenbakiak ateratzen. Nola den posible denok galant eta jatorrak bazarete, hemen inor ez bada erasotzaile eta oro bada feminista, hainbeste gorputz biolentziaz lepo egotea. Lagun bati lankideak zita baten biharamunean harroxko esan zion dena ederto joan bazen ere, oheratu zirenean neskak itsas-izarrarena egin zuela. «Ez zaizkit neska pasiboak gustatzen». Nola esan, mutiko, zuk noiz amaituko segundoak kontatzen arituko zela. Hori ere biolentzia dela.
Blokeoak eta une biolentoak bizi dituen aldiro urtikaria batek hartzen ditu Milaren izter, alu eta hankak. Hazka eta hazka hasten da, ezin baretu eterno batean. Izan ere, bortxatu zaituen hura eta arautu zaituen begirada joan daitezke noizbait. Izan beste ohe batera edo beste norbait epaitzera. Baina zuk jarri duzu gorputza, zurean da zauria. Mina ikusten ez duzunean ere etor daitezke urtikariak eta fantasmak. Gloria Fuertesen poema batek dio mina denbora baino gehiago zahartzen dela. «Y que te duele todo todo sin dolerte en el cuerpo nada nada». Akaso horregatik, bart bisitatu ninduten askok ere esan zuten inoiz «ez dakit zer gertatzen zaidan». Biktimismorik ez dugu nahi. Ez izan erruki, hartu kargu. Orain, ongi asko dakigu zer gertatzen zen.