elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Valverderen ibar isilean

2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Susa argitaratzailearen Emailuetan iritsi zaigu abisua: Antonio Valverde Ayalde (Errenteria 1915-Oiartzun 1970) enpresaburu, margolari eta idazlea jaio zenetik ehun urte bete direla hilaren 17an. Eta bide batez eskura jarri digu Susak intelektual polifazetiko haren liburu postumoa: Ibar Ixillean (Donostia, 1970). Aukera paregabea Valverdek euskaraz idatzitako artikulu, hitzaldi, ipuin eta poemak berriro dastatu eta gozatzeko.

«Liburu hontako ipui eta atal geienak Oiartzun herria dute gai. Pertsonajeak hemengoak dira, gertaerak eta elkarrizketak hemen gertatuak eta adituak izan dira. Eta hemen idatziak ere bai, nere studio gelan, ibarraren ixilpe honen babesean». (Hemen dioenean, Aiako Harriari begira dagoen Ayalde etxeaz ari da). «Ibar ixillean, Oiartzungo ibarran alegia, mamitu bait da nere euskera».

Hori dena zehaztu aurretik, liburuaren Aitzin Solasaren hasieran, euskaldun-berri aitortzen du idazleak bere burua; «euskaldun berri-zahar bat», umore tanta botata. Gizon heldua zela hasi zen euskara ikasten Elbira Zipitriarekin gau-eskolan. Hizkuntzaz jabetu ahala, euskaraz idazteari ekin zion; bere aitona Bernardo Valverdek Irunen sortutako El Bidasoa astekarian hasi zen argitaratzen, «Bidasoaldean euskera plazara berriz atera zedin (ilunpe luze baten ondoren)».

Agian euskaldun berri izateak lagundu eta guzti egin zion Valverderi; akats gramatikal batzuk gora behera, abantaila bat daukate haren artikuluek: garaiko euskal erretorikatik urrun daude;sakristia usainetik eta jatorkerietatik libre. Valverdek zuzen eta zehatz idazten du, ez betelanean, eta gainera gai gordinak aipatzeko beldurrik gabe. Bere idazlanen ortografiari buruzko oharrak egitean, 1970eko bueltan puri-purian zegoen H-aren auziari heltzen dio: «Alperrikako eztabaida honek, H-arenak, nazkatua nauka (...) Huskeri horrengatik, gañera, euskaltzaleen artean gerra zibil ero bat sortzeko arriskuan gaude».

Ibar isila bakea eta atsedena hartzeko gunea da Valverderentzat, toki idilikoa, bereziki bere margolanetan. Baina horrek ez dio eragozten urte haietako errealitate sozialari begiratzea. Kanpotarrak (El Bidasoa, 1957) eta Erri illak (Zeruko Argia, 1963) idazlanetan Espainiatik datorren etorkin uholdeaz dihardu, bide batez Gaztelako bere jatorria aldarrikatuz, Palentziatik Irunera emigratua baitzuen aitona Bernardo.

Arteari buruzko hitzaldietan —bata errealismoaz eta inpresionismoaz, Regoyosengan zentratua, eta Artearen Euskal Eskolaz bestea— erudizioa eta dibulgazioa konbinatzen ditu maisuki. Ipuinetan —Zarrabarra eta Flirt altobusian— mutilzahar, neskazahar eta alargunaren estereotipoetatik abiatu eta happy end-ik gabeko maitasun istorio herabeak ehuntzen ditu.

Poemen artean bere seme Antton Valverdek kantu bihurtutako parea: Hura eta Hutsa; azken hau Oteizari zuzendutakoa, euskal izaera historiaurreko harrietan ez, euskaran bertan bilatu behar dela dioen hura.

Oteiza, Jesus Guridi konpositorea, Fausto Arozena, Miguel Pelay Orozko eta Jose Artetxe idazleak, Manuel Lekuona —Ibar Ixillean-en hitzaurrea berak egin zion—, Koldo Mitxelena...horiek eta gerra osteko euskal intelligentsia osatzen zuten beste batzuk izan zituen solaskide eta lagun Valverdek. Ayalde sartu-etxe bihurtzen zen haientzat guztientzat, batez ere udan. Eta handik, Ayaldeko talaiatik margotu zituen Valverdek behin eta berriz Aiako Harria eta ingurua, landu zituen pintura mota eta estilo guztietan.

1978an edo izango zen, ikuspegi hori gozatzeko aukera izan genuen Zeruko Argia-n lankide ginen batzuek; Carlos Valverdek —astekariko maketatzailea zen orduan— Pilar Iparragirre, Joseba Sarrionandia eta hirurok eraman gintuen Ayalde etxea ezagutzera. Iluntze hartan ibar isilak Ayalde sortzailea zuen hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.