Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Zemendia oroimenean

2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur filosofiaren eguna da. Etimologikoki, jakinduriarekiko jitea da filosofia, zentzuaren inguruko gaiak, arlo pertsonalean zein gizartekoetan, arakatzen dituena; J. Beneteren esanetan aldiz, «filosofia, mundu guztiak dakizkien gauzak konplikatzen dituen zientzia da», eta askotan pazientziaren sinonimoa baino ez. Bueno bada, pazientziaz edo filosofiaz hartuz, neguaren atea den zemendiari ekingo diogu. Baina zemendia ereiteko hilabetea ere bada; nahiz eta gaur egun, bai lihoa, bai garia historia bihurtu diren gure soloetako jardunetan, badira gure eremuetan erein daitezkeen zenbait amets eta proiektu. Baditugu hilabete honetan elkarbizitzarako adibide eta ikasbide diren zenbait une eta gertaera gogoangarri. Ematen du zemendiak horrenbesterako.

Data esanguratsuak bizi izan eta biziko ditugu azaro honetan, gogoetara eraman behar gaituztenak, bideak zabaltzeko aukerak ematen dituztenak, ezin ahaztekoak! Honezkero, kataluniarrek ekimen jendetsu batez, bultzada ederra eman diote euren burujabetasunari. Berlingo harresia behera etorri zen egunak, azaroaren bederatziak, badu beste une garrantzitsu bat ospatzeko; porrotaren adierazpen tristearen aurrean, Herri bat zutik jarri zenekoa. Eta azaroaren bederatziari, hamarra darraio. Zemendiaren 9ko etorkizunerantz garamatzaten pauso berriei so gaudela, Oroimenaren eguna.

Letra larriz idazten den Memoria, denona eta bakoitzarena dena, bat eta mila izateko gaitasuna duena. Aspaldi honetan hamaika gara honen inguruan idaztera ausartutakoak, baina benetan zein da oroimen zuzena? Zein egiazkoa? Bat datoz gurea eta zurea, nirea eta berea, goikoa eta behekoa edo ezkerrekoa eta eskumakoa? Oroimena bakoitzak izandako gorabehera eta eskarmentuetan oinarrituta dagoela diote. Nik neurea dut, eta horretan oso gogoan ditut 75eko zemendian, bere ohean hil zen diktadore madarikatuaren garaiak, beldurrak, biolentziak eta askatasun faltak. Gogoan ere aurrekoek bizi izandako guda, erbeste eta kartzelak ekarritako ondorioak. Gogoan azken berrogei urteko hilketak, zemendian zenbait, bahiketak eta mehatxuak. Ezin ahaztu batzuen eta besteen izenean egindakoak, gogoan batzuk eta besteak. Eta gero eta sakonago sentiarazten zidaten mina. Bazioen Ortega y Gassetek; «elkar ulertzen hasteko lehen pausoa, ustekabean hartzea eta harritzea da». Aurten, Bilbon, biktimen oroimenez jarritako monolitoaren aurrean denok batu ginen, batzuk eta besteak, elkarrekin; eta bihotza zabaldu zitzaidan. Eta bertan nengoelarik, zemendi batean joan zitzaidan aita gogoratu nuen. Oso kontuan ditut bere jarrerak; haren begietako garrasi mutuek adierazitako berbarik gabeko kontaketak; bere aurrera egite kementsua, beti atzokoa aldean mantenduz eta herriarekiko konpromiso tinkoa. Eta kontuan keinuak; edonori luzatutako esku emate sendoa eta begirada argia, gorroto bakoa, arrazoiak ematen duen zilegitasunezkoa. Eta oso kontuan lezioa; elkarbizitzaren alde egin behar den etengabeko ahaleginarena.

Eta emakume senak 1960ko zemendiaren 25a ere oroimenean. Dohakabeko egun hartan, Dominikar Errepublikan, Mirabal ahizpen gorpuak amildegi sakon batean aurkitu zituzten. Askatasunaren aldeko borrokalari sutsuak Trujillo diktadorearen aginduz erail zituzten, baina euren heriotza ez zen alferrikakoa. Herriak gogor erantzun zuen; diktadura suntsitu eta ia 40 urte geroago 1999an, NBEari, hiru tximeleten oroimenez, Emakumearen Kontrako Ez Biolentziaren Eguna ezartzeko eskatu zion, eta ezarri egin zuen. Halere, gaurkoz, emakumeen aurkako erasoak baimentzen eta legitimatzen dituzten jarrerak ugariak dira; horregatik, gizarteak eta erakundeek batez ere, argi utzi behar dute emakumeen osotasunari eraso egiten diotenek legearen indar osoa jasango dutela, borrero eta hiltzaileenganako justizia eta zigorra aldarrikatu behar ditugu. Mirabal ahizpek hiltzerainoko ausardia erakutsi zuten arren, ez dugu horrelako gehiago nahi, ezta zigorrik gabe jarraitzen duten UCAko martiriak bezalakorik ere. Atzo bete ziren 25 urte askatasunerako teoriaren jarraitzaileak, fedea, konpromisoa eta maitasuna zela medio, zuzentasunagatik asasinatuak izan zirela. Zemendia edo azaroa, duintasun eta askatasunaren gomuta eta oroigarriz betetako hilabetea, baina ondoriorik? Sartre filosofoak, zera zioen: «Zoriontasuna ez da gogoak ematen duena egitea, baizik eta egiten dena gogoz egitea». Bada, horixe bera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.