Europar hauteskundeak igaro dira berriki eta bozkatu dugu, europar hiritar gisa, berriro ere, Batasuna zer den zehazki ulertu gabe. Ikuspegi anitz eta kontrajarriak daude Batasunaren inguruan. Federalistentzat (zientzia politikoetako pentsamendu korronte bat) nazio anitzeko estatu baten antzekoa da Batasuna. Aldiz, errealistentzat (beste korronte bat) gainerako nazioarteko erakundeen (NATO, OECD) berdina da: helburu oso zehatzak betetzeko sortutakoa, helburuak lortutakoan desegingo dena. Zerk lerrotzen gaitu, baina, alde batera edo bestera? Zergatik da Batasuna estatu federal bat batzuentzat eta nazioarteko erakundea besteentzat? Desioa. Adituen artean, Batasuna estatu federaltzat duten horiek eta estatu federal bat izatea nahi duten horiek ia-ia berberak dira. Eta nazioarteko erakunde bat besterik ez dela diotenen artean berdin. Desioa. Errealitatearen osagarri gailena. Baina zergatik joko luke nire edo zure desioak federalismorantz, errealismorantz jo beharrean (edo alderantziz)? Gizabanakoarekiko eta estatuarekiko dugun iritziaren araberakoa da lerrotzea. Gainontzeko diziplinetan bezala. Gizabanakoa bakuna al da? Estatua anitza al da? Eta arrazionalak al dira? Eta arrazionalak izanik subjektua eta estatua, historikoa al da arrazionaltasun hori edo naturala? Naturala bada, zer da orduan giza natura? Eta estatu arrazoia? Zerk du garrantzi handiagoa errealitatea sortu eta birsortzerakoan, anitza, arrazionala, historikoa edo naturala den gizabanakoak, edo bakuna, historikoa… den estatuak?
Egun giza naturan sinetsi eta esentzia natural hau gizakiaren zintzotasunean edo aitzitik bere arrazionaltasunean oinarritzen dutenek gehiengo absolutua dute. Liberalismo politikoaren hardcore-a da hau eta Europar hauteskundeetako programa ia-ia guztien oinarri: Europa zintzotzeko boza. Europa ez da zintzoa —diote laborista anglosaxoiek, sozialista alemanek, euskaldun ezkertiarrek eta eskoziar independentistek—, baina arrazionaltasun demokratikoa ekarriz dugu zintzotuko. Herria mobilizatze aldera diskurtso hori erabilgarria ote den galdezka ari natzaio neure buruari, oraindik. Galdezka ari natzaio, Estaturik ez duten nazioek estatu arrotzekiko armarri moduko bat sortzeko egin ote duten sekula demokratikoa izan ez eta Estatudun nazioak indartzen dituen Batasun baten alde.
Batasunaren fundatzaileak (Konrad Adenauer, Winston Churchill, Robert Schuman… ) enpresa handien interes ekonomikoen ordezkari ziren, horregatik sortu zuten Ikatzaren eta Altzairuaren Batasuna, ez Zintzotasun Unibertsalarena. Informazio bit hori galdu egin da, hor nonbait. Desioa, hor nonbait. Helburua lehengaiak, industria eta ondasunen merkatua beren artean banatzea zen. Hau ez da arrazionaltasun demokratikoaren hezurmamitzea. Kapitalaren desioen mamitzea baizik, kapitalaren arrazoia da, anitza, historikoa eta partikularra. Jabegoaren arrazionalismoa, ez herriarena. Azken Ituna ere (Lisboa, 2007) kapitalen produkzio mekanismo eta sektoreen birbanaketa arautzeko ituna da.
Batasunak ez ditu herritarrak eta herriak huts egin batez ahazten, azalaren latzaren latzez baizik.
Euskal Herriko alderdi gehienak ez bezala, ni errealistetik gertuago nago federalistetik baino, beharbada horregatik iruditu zait gehiegizkoa Europar hauteskundeak bahitu dituen wishful thinking humanista. Desioa beharrezkoa da, baina datu historiko eta sozioekonomikoak ere bai. Batasunaren ontologia fantasmagorikoetan oinarritutako prospekzio utopikoez hitz egin duten alderdiek azaldu ez dutena da zergatik ari garen berriro ere gure esplotazioa legeztatzen duten mekanismoen sofistikazio puntua bozkatzen. Informazio bit hori ere galdu egin da, hor nonbait.

ARKUPEAN
Zer da Europar Batasuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu