Idazlea, dibulgatzailea

1592: uztailak 7, San Fermin!

Iñaki Lopez de Luzuriaga
2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten, berriz ere ospatu ditugu sanferminak, lagunak berriz elkartzeko parada, bizipenez horditzeko aitzakia. Festaren gune nagusia dugu Iruñea, hiri buruzagia. Gure emozioak eta San Fermin uztartuz, indarberriturik hasten dugu urtea. Zauri eta orbanak atzean utzi, gogoa berritu, uda gozatu, tradizioa lagun. Uztailaren 7an txupinazoa. Historia geruzak metatzen joan dira, narrazioak sortu eta moldatzen. Sanferminen ospakizunaren jatorria denboraren lainoetan galtzen da.

Done Saturdi izan dugu luzaz hiriko santu zaindari (San Zernin). Fermin santuaren historia, berriz, istorio interesgarri bat omen da, faltsua bezainbeste (besteak beste, Goñi Gaztanbidek: «composición tardía y totalmente desprovista de veracidad» [konposizio berantiarra da, batere egiazkotasunik gabea]). Iruñeko San Fermin ospakizunaren datari erreparatuz gero, ez zen udan ospatzen, urrian baizik. San Ferminen presentzia areagotuz joan zen Iruñeko bizitzan Nafarroaren konkistaren azken fasean (1512an hasia): 1527ko urriaren 10ean egin zen San Ferminen lehen prozesio ezaguna, 1525eko sorgin ehizaren lorratzean. Errepresioak egin zuen bere lana, gerra bukatzen ari zen, boterearen sinboloak finkatu behar ziren.

Haatik, 1591 eta 1592 izan ziren Sanfermin festen urte erabakigarriak. Izan ere, 1591n, ospakizuna urritik uztailera aldatu zen. Ohiko azalpena, hauxe: Iruñeko hiriak hala eskatuta egin zela hori, eguraldia hobea baitzen udan, eta azienda feriak uztailean egiten ziren. Bada, dakigula, horixe da egia: «Nos fue pedido por esta Ciudad que la fiesta y celebracion del bienaventurado San Fermin […] se pasase al mes de julio» [Hiriak berak eskatu zigun San Fermin dohatsuaren festa eta ospakizuna uztailera aldatzeko]), Iruñeko apezpikuak.

Haatik, besterik dira gauzak hautaturiko egunaz ari garela. 1591n, Bernardo Sandoval y Rojas Iruñeko orduko apezpikuak (espainiarra, eta bere aurrekoak bezala, atzerritarra, alegia, ez nafarra) agindu zuen uztailaren 7an ospatu zedila engoitik Iruñeko San Fermin feria. Bati baino gehiagori bururatu ere egin zaio zazpigarren hileko zazpigarren eguna zelako hartu zuela erabaki hori. Erabakia bere baitan kantuan ari zela hartu ote zuen apezpikuak?

1591 tentsio politiko goreneko urtea izan zen Aragoin, Nafarroaren mugakide. Galdera larria zebilen airean: galduko ote ditu Nafarroak bere foruak? Antonio Perez erreboltariak Aragoitik ihes egin eta aterpe hartu zuen Henrike III.a nafar erregearen Nafarroa–Biarnon, Bortuz iparraldera. Filipe II.a (Nafarroako IV.a) errege espainiarrak, bestetik, etsaiak besterik ez zituen egiten euskal erresuma zaharrean. «[Los navarros]braman por su rey natural» [Nafarrek orro egiten dute beren berezko erregearen alde], Perezek berak.

Bada, Iruñeko apezpiku espainiarraren San Fermini buruzko erabakia hurrengo urtean aplikatu zen. Alajaina: Nafarroako konkistaren hasieraren 80. urteurrena zen! Uztailaren 7a, berriz, Fernando Katolikoak (Iruzurtia ere deitua) Nafarroa Gaztelako Koroan sartzearen efemeridea (1515). Sinbolismoz beterik, 1592 hartatik zintzo errepikatu dugu erritua uztailaren 7an, ospakizuna guztiz naturalizatuta. Gora San Fermin! Bihotz zimiko txiki batez bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.