50 urte Zemlako sarraskitik

Jesus L. Garay
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Aaiungo kaleak ez ziren ohi bezala hutsik agertzen arratsaldeko lehen ordu horietan. Sahararren talde txikiak alde batetik bestera mugitzen ziren, eta zenbait lekutan istilu txikiak sortuak ziren. Noizean behin, autoz edo oinez zihoazen gazte talde txikiek independentziaren alde eta okupatzaileen kontra oihu egiten zuten eraikin ofizialen aurrean edo polizia patruilekin topatzean, baita Espainiako Gobernuak deitutako manifestaziotik zetozen beste sahararrekin gurutzatzerakoan ere. Goizean baino urriagoak ziren gazte talde horiek eta aurreko egunean baino askoz gutxiago, egun osoan zehar, sortu berria zen Sahararen Askapenerako Mugimenduaren (MLSren) kontsignei jarraituz, kaleetara ehunka atera zirelarik.

Bai, saharar gazte zein nagusi gehienak Zemla (Jatarrambla espainolentzat) deitzen zen auzoko zabalgunean zeuden elkartuta. Aaiungoak eta Mendebaldeko Saharako beste tokietatik, batez ere iparraldetik, Saguia el Hamra lurraldetik etorritako milaka pertsona. Inork ez zuen hainbeste jende espero. Are gutxiago Espainiako agintariek, baina jendea hor zegoen, zain.

Sahararen Askapenerako Mugimendu berriaren liderrak, Mohamed Sidi Brahim Basir Bassiri-k idatzia zuen: «Kontua ez da batere erraza eta egoera oso arriskutsua izango da, baina elkarrizketaren bidez konponduko dugu. Eutsi. Ez arnegatu!» eta jendeak eutsi egin zion. «Kontua» Espainiako gobernuari bidalitako eskaera multzoari erantzuna itxoitea zen. Eskaera argi eta garbiak: independentziari eskubidea onartu, hura lortzeko bitarteko epean espainiar administrazioaren laguntza trantsizio baketsua izateko, Chiuj batzuen (buruzagi sahararren) pribilegioak bertan behera utzi, saharar guztientzako hobekuntza sozialak eta mugimendu berria onartzea solaskide gisa negoziazioetarako.

Ordurako, goizean, Perez de Lerma probintziako gobernadore nagusiak ezetza emana zien eskaerei. Baina jendea zain zegoen. Eusten. Polizia patruila txiki bat besterik ez zuten aurrean, harroa bai, tiro pare bat bota baitzituen kapitainak, baina haiek milaka ziren; gazteak, zaharrak, emakumeak, umeak, dendak altxatuta, behar zen denbora guztia egoteko prest zeuden.

Bat-batean, Arcocha kapitainak gidatutako Juan de Austria Legio konpainia bat agertu zen. Aginte bakarra zuen: kanpalekua desegin. Jendetzaren kontra zuzen tiro egin ondoren, kulata kolpez jendea sakabanatu eta haimak suntsitu zituzten.

Bassiri, askapen mugimenduko liderra, ez zegoen kanpalekuan armada iritsi zenean. Gaueko ordu txikitan atxilotu zuen poliziak, eta aste batzuen buruan desagertu zen, harea alea basamortuan bezala.

Isilunea. Torturapeko oihuak, zaurituen eta hildakoen senideen min eta amorru garrasiak 50 urtez isildu dituzte Espainiako gobernuek. Frankistek eta demokratikoek. Eskuin eta ezkerrekoek. Hildakoek, zaurituek, ehunka atxilotuek, desagerraraziek ez dute izenik. Ezta zenbaki bat ere. Ez dira inor. Ez dira ezer Espainiako gobernuentzat. Senideek galdetu dutenean, ukatu egin zaie informazioa.

Baina historia ezin da alfonbra azpian gorde. Berdin dio denbora edota legeak aldatzen badira, berdin Auzitegi Gorenak zer dioen, estatu espainiarra zen orduan eta oraindik bada Mendebaldeko Saharako administrazio arduraduna eta berari dagokio justizia egitea.

Pedro Sanchez, Pablo Iglesias, Arancha Gonzalez, Fernando Marlaska, zuei galdetzen dizue historiak eta herriak: zer gertatu zen? Zenbat eta zeintzuk ziren hildakoak, zaurituak, atxilotuak? Nork agindu eta nork egin zuen tiro? Zergatik? Nola zigortuko dituzue errudunak? Nola eta noiz erreparatuko zaie biktimei?Galdera horiek erantzun ezean, zuen aurreko gobernukideek daramaten bezalaxe, tragedia honen erantzukizunaren karga ezin izango duzue bizkarretik kendu. Egia, justizia eta erreparazioa da giza legea. Egizue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.