8.089.320 boz, itxaropen berri baten egunsentirako

2017ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Zuzenbide graduko lehen ikasturtean ikasten den lezioa da. Momentu konstituziogileak, alegia, prozesu konstituziogileak abiatzeko momentuak, krisi momentuak dira beti. Une horietan, sistema politiko, instituzional eta ekonomikoa krisian ageri denean, herria agertu ohi da, botere subiranoaren jabe, estatuaren oinarriak berreraikitzera.

Historian, iraultza armatua, garaipen militarra edo estatu kolpea izan dira herriari bidea libre utzi diotenak, baina zorionez bide baketsuagoak tokia hartzen ari dira XXI. mendean, eta horren lekuko da Venezuela.

Chavezek, adibidez, Konstituzioan aurreikusita ez zegoenez gero, erreferendum bidez ireki zizkion zuzenean ateak herriaren botere konstituziogileari 1999an, herrialdea kolapso egoeran zegoenean. Madurok, oraingoan, orduan onartutako Konstituzioaren 348. artikulua baliatu du egungo krisi sakonaren aurrean Asanblada Nazional Konstituziogilera deitzeko. Artikulu horrek berak parlamentuari, udalerriei eta herriari zuzenean aukera ematen die deialdi bera luzatzeko. Bai, bai! Venezuela «diktatorialean» prozesu konstituziogile bat abiatzeko erraztasunak besterik aurreikusten ez direnean, Espainia «demokratikoan» aukera hori guztiz ixten zaie herritarrei. Komeni da gogoratzea, iparra galdu ez dezagun.

Izan ere, Venezuelaren gainean botatzen den zabor mediatikoa hain da handia, ezen pertsonarik kontzientziatuenarentzat ere zaila baita iritzi sendo bat osatzea. Mediatikoki Venezuela mundu aldrebesa da. Adierazpen askatasunik ez da, baina oposizioko liderrak mikrofonoz inguraturik ikus ditzakegu hori bera salatzen, baita estatu kolpera dei egiten ere, inpunitate ia erabatekoz. Maduro, herriak 2018ra arte hautatu zuen presidente konstituzionala, diktadore bat da, eta pertsonak bizirik erretzen dituztenak, berriz, «demokrata baketsuak», autodefentsan besterik ez dihardutenak (Anasagasti dixit).

Gero, noski, sorpresak datoz. Uztailak 30, igandea, hauteskunde eguna. Hilabeteetako saiakera kolpistaren ondotik, azken urtetan lozorroan eta ilusiorik gabe ageri zen herri chavista esnatu egiten da, zertarako eta erakustaldi demokratiko bat emateko. Oposizio faxistak jarritako oztopo eta mehatxu guztien gainetik, 8.089.320 boz presidentearen ekimenaren alde; bakearen zein konponbidearen alde; iraultzan sakontzearen alde. 8.089.320 zaplazteko oposizio faxistari eta Inperio osoari. Onartu behar dut ni neu izan nintzela lehen harritua, baina zer arraio: Gora herria!

Oposizioari, noski, errealitatea ukatzea besterik ez zaio geratu, eta «iruzurra!» oihukatu dute, hauteskundeak galdu dituzten beste 18 alditan egin bezala (antza, haiek irabazitako bakarrak soilik dira garbiak). Zorionez, nazioarteko ikuskari denek argi esan dute emaitza zalantzarik gabekoa dela.

Eta orain zer? Horixe erantzun beharreko galdera. Zuhurtziaz jokatu beharko luke chavismoak, eta jasotako babesa ongi administratu, egoerak biziki zaila izaten jarraitzen baitu. Eskuineko eskua luzatu, oraingoz bederen, elkarrizketa, negoziazioa eta adostasuna nahi ez dituen oposizio kolpista bati; baina bitartean ezkerreko ukabila itxi, asanblada konstituziogilearen bidez prozesuan sakondu eta herritarrek dituzten eguneroko arazoak konponbidean jartzeko.

Oposizioak, ziur, gogor ekingo dio kaletik eta parlamentutik asanblada konstituziogilearen lana oztopatzeari, 1999an egin bezala (orduan ere parlamentua kontrolatzen zuen); baina ez dirudi bere onenean daudenik. Batetik, kale protestek bere goia jo dutela dirudi, egunotan bareago ageri baitira. Hauteskundeak gelditzeko apustua egin zuten eta porrot egin dute. Bestetik, oposizioan etorkizunari aurre egiteko ikuspegi ezberdinak ageri dira: batzuek abenduko hauteskundeetara aurkeztu nahi duten bitartean, besteek saiakera bortitzarekin tematurik jarraitzen dute. Eta hori gutxi balitz bezala, haien barneko botere-lehia amaigabeak bizirik dirau. Edozein kasutan, herrialdea hankaz gora jartzeko eta hauteskundeak irabazteko gaitasuna erakutsi dute azken urteetan, eta nazioartean babes zabala izaten jarraitzen dute. Ezin da arriskua gutxietsi.

Hori horrela izanik ere, chavismoak arreta oposizioan edo kanpo-etsaietan jarri baino, herritarren eguneroko arazoetan jarri beharko lukeelakoan nago. Izan ere, oposizioaren 2015eko hauteskunde garaipena ez zen boz-igoera ikusgarri baten ondorio izan (ez baitzen eman); aitzitik, etxean, nekaturik, boza eman gabe geratu zen herri chavistaren zati handi baten ondorio izan zen. Eta zergatik nekaturik? Bada, sistema zaharretik datozen egiturazko arazo batzuk konpondu gabe jarraitzen dutelako eta oposizioak sustatutako gerra ekonomikoa eraginkorra izan delako, klase ertain eta xeheen eroste-ahalmena oso murriztua geratu delarik.

Egoera zail horren aurrean, asanblada konstituziogileak ez du ustelkeria, burokratismoa eta administrazioak duen eraginkortasun eza konponduko; ez ditu programa sozialetan dauden akatsak konponduko; ez dio petrolio-rentismo-ari amaiera emango, ezta ekonomia dibertsifikatuko ere; ez dio gerra ekonomikoari eta ondoriozko inflazio itzelari amaiera emango. Baina zorionez, arazo horien guztien gainean eztabaida demokratiko zabala egiteko balio dezake, eta baita arazo horiei guztiei modu eraginkorragoan aurre egiteko oinarri konstituzional hobea jartzeko ere.

Egingo duelakoan nago, chavismoarentzat hil ala bizikoa baita 2018ko abenduko hauteskunde presidentzialen aurretik arazo horietariko batzuetan aurrerapen nabarmenak aurkeztea. Zortzi milioitik gora herritarrek horretarako konfiantza eskaini dute. Izan bitez, Chavezek 1992ko otsailaren 4ko altxamendua definitzean esan bezala, «itxaropen berri baten egunsentia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.