9 pertsona, 9 istorio, 9 leku eta momentu

2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bi milioi pertsona inguru daude kutsatuta. Birus honek munduan zehar gauden euskaldun guztiongan izan du eragina. Baina birusak ez du bere bidea era paralelo batean egin, eta ez da bat-batean guztion etxeetan, eskoletan, lantegietan edota parkeetan momentu berean agertu. Bakoitzari desberdin eragin dio: dela konfinamenduari dagokionez, momentuari dagokionez, legeari dagokionez, edotainguruko kutsatuen eta hildakoen kopuruari dagokionez.

Munduko mapa konbentzionala dimentsio bitan begiratzen badugu, ekialde moduan ezagutzen den alde horretan agertu zen COVID-19a lehenengo, eta, apurka, herrialde horietatik mendebalderantz joan da. Euskal Herria, gutxi gorabehera, mundu maparen eta egoeraren erdialdean kokatzen da. Txina eta Italiaren ondoren, eta Ameriketako Estatu Batuak eta Ameriketako beste hainbat herrialde baino pixka batlehenago.

Esan bezala, munduan zehar hainbat eta hainbat euskaldun daude, eta bakoitzari tokatu zaio egoera hau era desberdin baten bizitzea. Nahiz eta bakoitza leku eta momentu batean bizi, guztiok dugu komuna den zerbait: euskal jatorria eta Euskal Herriarekin lotura. Ondorengo lerroetan kanpoan bizi diren euskaldun batzuen bizipenak ezagutarazi nahi izan ditut. Horretarako geografikoki leku desberdinetan kokatuta dauden euskaldunekin hitz egin dut, eta galdetu, komunikabide eta albiste berak kontsumitzeak euren jarreran eraginik izan duen eta informazio horri esker, birusak ekarri diena aurreikusteko aukerarik izan duten. Izan ere, bizi ahal izan dugunaren arabera, patroi bera (edo oso antzekoa) da errepikatzen dena.

9 pertsona, 9 istorio, 9 leku eta momentu desberdin: Dania Beach (Florida, AEB), Boise (Idaho, AEB), Weligaman (Sri Lanka), Río Negro (Viedma, Argentina), Montevideo (Uruguay), Balí (Indonesia), Glasgow (Eskozia), Zúrich (Suitza), eta Bartzelona (Katalunia). Publiko diren datuen arabera, herrialde horietatik Ameriketako Estatu Batuak dira kutsatu eta hildako gehien dituena; Sri Lanka, gutxien.

Bizipenak guztiz desberdinak dira kokatuta dauden lekuen arabera. Kasu batzuetan, konfinamendu zorrotza bizi dute, beste batzuetan, oraindik, egunean behin kalera irteteko aukera dute,kirola egitera irten daitezke eta 8-10 pertsonako taldeetan kalera joan daitezke (Dania Beach). COVID-19aren eraginak ere desberdinak izan dira herrialdearen arabera. Gehien azpimarratzen dituztenak langabezia eta ekonomiarekin loturikoak dira. Sri Lanka bezalako herrialdeetan, egunero irabazten duten horrekin bizi dira, eta egoerak gauzak asko zailtzen ditu. Balin ere, etorkizun hurbila ilun ikusten dute, turismoaz bizi den herrialdea izanik horren faltak gogor jo du herria.

Ia guztiek Euskal Herriko egunerokotasuna eta albisteak jarraitzen dituzte eta informazio hori jasotzeko, batez ere, harreman interpertsonalak dira erabilienak, ondoren sare sozialak (gehien Facebook eta Instagram), eta hirugarrenez egunkari digitalak. Guztiek diote Euskal Herriarekin harremana izateak eragina izan duela egoera ulertzeko eta ikusteko eran. Albisteak eta informazio hori jasotzeak bi ondorio izan ditu: batzuei aurretik prest egoten lagundu die; beste batzuk, ordea, urduriago baino ez ditu jarri, jakinda, egoera hori euren herrialdeetara laster iritsiko zela, eta familia urrun zegoela. Gure atzetik dabiltzan herrialde horietan egoeraz askoz azkarrago jabetzen lagundu die «eskuak maizago garbitzen eta aurpegira ez eramaten; jendea dabilen lekuetan ezer ez ukitzen hasi nintzen hemen ia entzuten ere ez zenean, badaezpada» (Dania Beach); gertuago sentitzen lagundu die, animoak ematen, nahiz eta jakin, hurrengoa euren herrialda izango zela (Viedma, Argentina). Sri Lankan, kasurako, konfinamendua beranduago heldu zen, eta informazioari esker «denbora euki dut neure burua prest edukitzeko».Jatorriko herrialdeko albisteak gazi-gozoak direla adierazten dute. Nahiz eta eguneratuta egoten lagundu, batzuk «sentsazionalistegiak» direla diote, eta urduri jartzen duten albisteak direla azpimarratzen dute; familia eta lagunekin duten harremanak, ordea, kontrako eragina sortzen du eurengan: lasaitasuna. «Ama eta aitagaz berba itzeak lasaitasun handie emoten dozte, eta nik eureri. Baia Euskal Herriko albisteak batzutan urduri jartzen doztie. Hemen galdera da: zenbet osatu dire? Euskal Herrian hildako kopurua azpimarratzen deurie behin eta berriro». (Sri Lanka)

Albisteak hasiera batean urduritu egiten dituzte, baina familia eta lagunekin hitz egin ondoren, orokorrean lasaitasuna sentitzen dute. Ikusten dugu, beraz, fisikoki inoiz baino urrunago bizi garen egun hauetan, jatorriarekin eta familiarekin dauden harreman interpertsonalak direla baretasun eta indar gehien ematen dutenak, bai Euskal Herrian, bai Balin zein Glasgowen.

Esperantza mezuak, luxu gutxiagorekin ere bizi gaitezkeela, gure ingurukoak zaintzea... horrelako mezuak bidali dizkidate gomendiorik eskatu diedanean. Sobran egon beharko luke hori esateak, baina hala ere, etxean ematen ditugun orduak izan dira kasu askotan gure inguruan era kolektibo batean pentsatzera bultzatu gaituztenak. Honekin amaituko dut esanez, azkenean dena pasatuko dela, pazienteak izan behar garela, eta Bartzelonan bizi den euskaldun batek esan zidan moduan, euskaldunok solidarioak gara, «...horrek lagunduko du egoera honi aurre egiten inor ahaztu gabe», inor munduan ahaztu gabe, ez orain, ez hau pasatzen denean ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.