Abenduaren 3a, Nafarroaren eta euskararen eguna

2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Izan al daiteke euskara Euskal Herriko biztanle guztien hizkuntza komuna, globalizazio testuinguru, beste hizkuntza batzuekin batera izanda ere, gurea ez den estatu batzuen mende edo haiekin partekatutako subiranotasun egoeran? Oso zaila. Estatu propiorik gabe, ezinezkoa.

Abenduaren 3a izendatuta dago Nafarroaren eta euskararen eguna ospatzeko. Egun berean bi gauzak batera gogoratzea ez da kasualitatea, sen onaren ondorioa baizik. Izan ere, ezin baitira ulertu bata bestea gabe.

Guk geuk, euskaltzale saiatuok, egia bailitzan irentsi izan dugu «Hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako», ez ikasteak ezjakinaren ignorantzia dakarrela gutxietsiz eta egoera horretan komunikazio posible bakarra ezjakinaren hizkuntzaz ematen delako errealitateari garrantzia kenduz.

Ondokoa ere ez da egia: «dakitenek hitz egiten ez dutelako» galtzen dela hizkuntza. Norekin hitz egingo du dakienak? Ez dakienarekin?

Hala eta guztiz ere, paradigma horren huts handiena ez da hiztunaren borondatearen esku ustea hizkuntzaren biziraupena, ez. Hiztunen borondatea, aldeko jarrera, militantzia edota eskubideen defentsa nahitaezkoak dira derrigortasunik ez duen hizkuntza derrigorrezkoa den beste baten ondoan bizi behar duenean; euskarak, adibidez.

Pentsamendu horren akatsik nabarmenena esaldiak bere barnean darama: eskubidea duen euskarak derrigortasuna duten erdaren aurrean hizkuntzen normalizazio eta biziberritzean parekideak izan daitezkeela ustea. Inoiz ez.

Euskaldun orok ongi ulertu dugu hausnarketa honi hasiera eman dion paragrafoa, euskaraz ez dakiena ezin horraino iritsi, itzulpen bidez eta borondatez ez bada behintzat. Gaztelaniaz eta frantsesez idatzi izan banu, zu, Iparraldeko, Nafarroa Garaiko edo Autonomia Erkideko euskaldun, iritsiko zinen, agian borondatez, agian derrigorrez, baina ziur horietako hizkuntza bat edo biak ikasiak dituzulako.

Hizkuntza bat ezin omen da inposizioz normalizatu; hortaz, zergatik dira batzuk derrigorrezkoak eta bestea borondatezkoa? Nork erabakitzen du zein ala zeintzuk diren derrigorrezkoak eta zein borondatezkoa, Estatua ez bada? Zergatik ez dira denak derrigorrezkoak ala denak borondatezkoak? Kasualitatea al da Estatuak berea propioa jotzen duena izatea ezagutzeko nahitaezkoa, eta besteak nor bere borondatekoak?

Bien bitartean, euskararen mesederako plangintza, hizkuntza-politika, militantzia, estatu quo honi desobedientzia eta ahalik eta ekimen gehien sustatzea nahitaezkoa da, baina horiek denek ez dute inoiz normalizazioaren helburua lortuko, derrigortasuna aitortzen ez dion eta gurea ez den Estatu baten pean dagoen bitartean.

Euskararen eguna esatea estatu propioaren eguna aldarrikatzea da. Estatu bat behar dugu, gurea. Jar iezaiozue nahi duzuen izena, baina euskararen lurralde osoan aginduko duen hizkuntza legedia ezarriko duena izan dadila, eta saia gaitezen derrigorrezkoak diren hizkuntzen artean euskarari, behintzat, aitor diezaion hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.