Idazlea

Abusua eta engainua baino ez

2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Espainiako Estatuan berriki argitaratu da Eliza Katolikoaren sexu-abusuen gaineko inkesta garrantzitsu bat. Inkestaren arabera, Elizako kideek egindako sexu-abusuak jasan dituzten biktimen kopurua 440.000 ingurukoa dateke, Herriaren Defendatzaileak jakinarazi duenez. Albisteak oihartzun eskasa izan du harrigarriki, kopuru asaldagarriak izanagatik. Berebat, Euskal Herria erdibitzen duen beste estatuan, Estatu Frantsesean, 330.000 kasuren kopurua azaldu zen.

Elizaren agintariei sinestera, Elizaren barneko pederastak kasu bakanak baino ez omen direnak ehunka azaleratu dira azken urteotan, mugaren alde banatan azaldu ere. Gezurrak, buztan motz.

Artzapezpiku, gotzain eta Eliza Katolikoaren hierarkiaren isiltasun konplizeak merezi du gure arbuio eta destainarik handiena, ezkutatu eta mozorrotu dituztelako delituak eta delitugileak lekualdatze isilen bidez, kasu larriak izanagatik urteak eta urteak pasatzen utzita; hartara, «kontu zaharrak» direlako alibia baliatzen dute, eta garrantzitsuagoa den beste alderdi bat eragotzi: izan ere, justizia arruntera kasu zaharkitu horiek eramateak ez dirudi deusetarako balio dezakeenik, kartzelara apaiz pederastak eraman ahal zituen delituek —anitz eta anitz bederen— iraungi eta preskribatu dutelako.

Orobat, artzapezpiku, gotzain eta enparauei ez zaie eskatzen, beste batzuei bezala, justiziarekin kolaboratzea delituak argitze aldera, inpunitate lotsagarria agerian utzita.

«Hori abusu bat eta engainu bat baizik ez da», dio Elhuyarrek, abusua engainuaren sinonimoa ere badelako. Hori horrela, Eliza Katolikoaren barruko pederastek umeak dituzte abusuen jomuga, eta jendartearen engainua, xede eta helburu.

Horra hor, Javier Garrido Goitia teologo frantziskotarraren auzia, Alemanian ikasia eta hainbat libururen egilea, oso gizon jantzia bai, baina Nafarroan bi seroraren kontrako abusuak zirela-eta kondenatua... Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezek ederki ezagutzen zituen Garridoren kondenak ordurako, urriaren hondarreko prentsaurrekoan ukatu zuen arren. Gezurrak, buztan motz, berriz ere.

Hamasei urtez Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako apezpiku izan den Francisco Perez Malagara joanen da erretreta hartuta, berarekin hainbat eta hainbat sekretu eramanda. Kapilau militar eta Iruñeko artzapezpiku ohia pasieran irudikatzen dut nik, klaustro eder batean, ahantzi nahi lituzkeen irudiak eta auziak buruan jiraka-biraka dabilzkiolarik, Done Beñardoren hitzak gogoan... Vere claustrus est paradisus, «Zinez klaustroa paradisua da»... Paradisua baiki, zeren eta infernua ume anitzek ezagutu dute apaiz pederasten eskuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.