Abuztuaren 15a, faltsukeriaz inguratutako egia

2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Egia da Orreagako gudua jazo zela, baina laster ahalegindu ziren lausotzen han zer gertatu zen, nork parte hartu zuen eta, batik bat, zer ondorio eragin zituen. Hainbat agiri gordetan egiaztatuta dago, batetik, gertakaria bera eta nor borrokatu zen, eta, bestetik, zer ondorio eragin zizkien Orreaga aldean 200 kilometroko inguruan bizi zirenei —batik bat, baskoiek frankoekiko independentzia sendotzea—. Karolingioen urte liburuetan dago jasota lehenbiziko aldiz; Eginhardek idatzi zituen, Karlomagnoren seme Luis I.a Errukitsuaren erregealdian, eta han ageri da nola eraso zioten baskoiek Karlomagnoren armadari Hispaniako espediziotik itzultzean, Iruñeko harresiak eraistetik Pirinioetatik zetorrela.

Pierre Narbaitzek, beste ikerketa askoren hainbat egilek bezala, nahiko fin zehaztu du gudua non gertatu zen: «Gertalekua —edo, behintzat, abiaburua—: Bordele-Astorgako erromatarren galtzada, Ibañetaren gainetik; Bentartetik ez oso urrun». Hala, bada, lasterra izan zen guduaren mekanika: Txangoaren hegoaldean bildu zen baskoien armada, eta, gutxi gorabehera, frankoen armadako erdiei utzi zieten iragaten; gero, maldan behera hedatu ziren Txangoaren iparraldetik galtzadaraino. Ordurako, galtzadan zebilen frankoen atzeragoardia, milaka batzuek osaturikoa; galtzadak euskarri zuen plataforman indarrez ekin zietenez, maldan behera ihes egin zuten babes bila, baina behean zeuzkaten itxaroten gainerako baskoiak, eta segadan harrapatu zituzten. Nahiko ongi dokumentatuta daude Orreagako hiru guduak, bata bestearen atzetik jazo baitziren: 778an, 812an eta 824an. Azkenekoan irabazi eta gero, urte hartan bertan sortu zen baskoien edo Iruñeko erresuma; Eneko Aritza izan zuten lehenbiziko erregea.

Garaian-garaian, Santiagoko kondairari lotuta erabili izan dute Orreagako gudua, helburu politikoak lortzeko. Egiazkoa izan zen baskoien garaipena, baina hari hainbat kontakizun alegiazkok hartu diote gaina —zein baino zein fantasiatsuagoak—. Lau izan dira gai nagusiak: Santiago, Errolanen kanta, Gaztelaren sasi-protagonismoa eta nafarrei eginiko laidoak; horiek guztiek, intentzio ageriko batez, ukatu egiten diote dagokion errealitate fisikoa eta existitzeko eskubidea Pirinio inguruko gizarteari, zeina ez baita, objektiboki, ez Frantziakoa eta ez Espainiakoa.

Lehena: Santiago. Santiagoko artzapezpikuak Toledoren gaineko nagusitasuna bereganatu nahi zuen, argudiatua baitzuen Jakuek ez ziola bide eman Santiagoko santutegiari —ez baitzen sekula izan Hispanian—. Toledoko artzapezpiku Rodrigo Jimenez de Radak esan zuenez, berriz, «halako baieztapenak ez ziren haurtzainen ipuinak baino sinesgarriagoak». Cesar Baroniusek ere (1538-1607) kritikatu egin zuen; Santiagoko kondaira azterlanean eta Inozentzio I.a Aita Santuaren gutun batean (401-417) oinarritu zen —haren arabera, Petrik eta Paulok ez zuten Jakue bidali Espainia ebanjelizatzera, baizik eta beste zazpi apezpiku—. 1879an «aurkitu bide zuten» Jakueren hilotza. Alta, Leon XIII.a Aita Santuak ez zuen soilik artzapezpikuaren sententzia berretsi. Haren arabera, antza denez, erlikia batzuk baino ez ziren: «Diotenez, Jakue Nagusiarenak omen dira».

Bigarrena: Errolanen kanta. Egile ugarik Iruñeko apezpiku frantses bati egozten diote kontakizuna: Pedro de Anduqueri (1083-1115), huraxe izaki lehenbiziko interesatua Orreaga sustatzen, Errolan errukiorraren gaia zela eta —Ganelonek saldua, eta Donejakue bideko erromesaldiarekin lotua—. Errolanen eta Karlomagnoren mito literarioa sortu zen; haren arabera, musulmanek garaitu zuten hura. Testuaren lehenengo idatzaldian artean ez zuten sartu nafarren kontrako irudikapena.

Hirugarrena: Gaztelaren sasi-protagonismoa. Kalisto II.a Aita Santuak (1119-1124) gurutzada batera deitu zuen, eta, hala, enperadore izendatu ahal izan zuen bere burua haren ilobak, Gaztelako Alfontso VII.ak. Horretarako, Reimseko artzapezpiku Turpinek Proto Turpin izeneko kontakizun batean dioenez, Jakuek akuilaturik jo zuen Karlomagnok lurra konskistatzera eta musulmanez libre uztera. Garai hartako kronikaren batean adierazten denez, Karlomagnoren tropak ez zituzten garaitu sarrazenoek, baizik eta gaztelarrek, zegokien lurrera itzultzea galarazi baitzieten. Alfontso VII.aren kronika izenekoan, Espainiaren balizko subiranotasuna Rodano ibairaino zabaltzeko nahia betetzearen alde agertu zen Gaztelako erregea.

Laugarrena: nafarrei Codex Calixtinus-en eginiko laidoak. Libro de los milagros izenekoan, bada azpikeriazko pasarte bat, Nafarroaren historia laidogarriari dagokiona eta Julio Zesarri egotzitako kondaira batean oinarritutakoa. Aldaera hori ez da ageri aurreko eskuizkribuetan. Antza denez, hiru herriren arteko emaitza dira nafarrak: nubiarren, irlandarren —eskoziar deritze testuan— eta Kornuallesko kaudatien artekoa. Testuaren arabera, herri horietakoek kanporatu zituzten espainiarrak zegozkien eskualdeetatik. Mirarien liburuan nafarrak legenardunen pare jartzen dituzte, eta, hala, Karlomagnoren mendeko agerrarazi nahi dute Espainiako enperadore eta Gaztelako errege Alfontso VII.a, zeinak nafarrak areriotzat baitzeuzkan; erdi basati gisa aurkezten dituzte nafarrak, eta horrek zuritzen bide du Gaztelaren konkista, zeregin zibilizatzaile baten aitzakian. Huraxe izan zen Gaztelak 1200. urtean itsasaldeko Nafarroa konkistatu izanaren atarikoa; eta frantsesek, 1512an eta 1620an. Ripollgo eskuizkribuaren hurrengo aldaeran, oro har, berdintzat jotzen dira nafarrak eta gaskoiak, eta, hala, Baskonia osoa hartzen zuten kontuan.

Nahita asmatutako kontakizun fantasiatsuen bidez, manipulatu egin zuten herri baskoiak frankoen inperialismoari aurre egin eta garaile atera izana, konkisten apologia lausoa ziren kontakizun literarioen iturburu bihurtzeraino. Europa barneko tokiko sorburu horretatik letorke Frantziaren eta Espainiaren espantsionismoaren zuribidea, zeinak domino efektu bidez ekarri baitzuen Europako hainbat naziok zeregin kolonialei ekitea mundu osoan: Espainia, Herbehereak, Frantzia… Abuztuaren 15a aukera paregabea izan zen Orreagara joateko, hortxe gertatu baitzen baskoien garaipena, eta harexek sendotu baitzuen Nafarroaren independentzia. Pro Libertate Nabarra

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.