Adegiren prepotentziaren aurrean, metala borrokan

Jon Kirru Iparragirre eta Xabier Zufiria
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Artikulu honen bidez, Adegik, eta antzeko eragile politiko jakinek duten zinismoari kontrapisua ezarri nahi diogu, eskura dituzten baliabide komunikatiboen bidez gizarteari erantzukizun lezioak eman nahian baitabiltza, nahiz eta jakin, lortu nahi duten jokalekua beste guztiontzat infernua izango dela.

Danimarkarren eredutik zerga sistema nahi du Adegik, alemaniarrenetik enpresen kudeaketa partekatua eta espainiarrenetik hainbat lan erreformak eskaintzen duten aukera, lan baldintzak guztiz prekario bilakatzeko. Iristen den diru publiko guztia ere poltsikoratu nahi dute. Ongi etorria dute, betiere baldintzarik gabekoa bada, eta noski, trukean enplegua edota lan baldintzei eustea eskatzen ez bada. Hori besterik ez zuten behar.

Herriari neurriko trajea egiten ari zaion jostunaren pare dabil Adegi Europan, hara eta hona, baina badaki nekez josi daitekeela jantzi onik erdipurdiko oihalkiekin. Horrela ez dago traje onik, are gutxiago, herriaren behar guztien neurriko trajea. Behar horiek inposatzen ari diren neurriek eragindakoak dira, gizartean sekula ezagutu gabeko pobrezia maila zabaltzen ari dira.

Maiatzaren 30ean greba orokorraren testuinguruan mobilizatu egin zen gizartea, Euskal Herrirako alternatiba integral baten alde. Eredu berri eta propio baten alde, jakitun egungo egoera erreforma ziklo oso baten emaitza dela eta herri honek bestelako bide bat egin dezakeela gizartea protagonista izanez gero.

Elite politiko edo ekonomikoaren soldatapeko izan gabe ekonomia munduan dabilen orok, bere joera politikoa alde batera utzita, baieztatuko du erreformek ekonomiaren suizidioa dakartela, ekonomia itotzen ari direla, gizartea pobreziara kondenatuz eta pobrezia egoera betierekotuz. Ekonomian, barne produktu gordinaren %70 baino gehiago barne kontsumo pribatu eta publikoari dagokiona da. Eta horixe ari dira gupidarik gabe erasotzen. Horretaz ere jakitun gara maiatzaren 30ean mobilizatu ginenak.

Danimarkako zerga sistemaz hitz egiten duenean, Adegiko presidente Pello Gibelaldek ahaztu egiten du hemen gaurdaino izan ditugunen aldean zerbitzu publiko askoz osoagoak eta garatuagoak izateko ahalmena ematen diela danimarkarrei hango zerga presioak. Adegik zerga eredu horren zati bat nahi du esku batean, baina zerbitzu publikoaren galera, bestean.

Orain, Alemaniako ereduari buruz hizketan ari da, enpresetan langileen kudeaketa partekatua sustatzen duen ereduaz. Kudeaketa gardentasunaz mintzo da, eta enpresan langileek inplikazio handiagotzeaz ere bai. Latza da, oso latza, hamarkadetan bere enpresako emaitzak merkataritza-erregistroan publikatu ez dituen bat gardentasunaz hizketan entzutea.

Gibelalde jaunak eskatzen duena ez da kudeaketa partekatua, ordainketa partekatua baizik. Alegia, lana nahi duenak ordain dezala lan egin ahal izateko. Izango dituzte tiraderan gordeta ordainketa partekatu hori bideratzeko hainbat formula. Ordainketa partekatua laneko prekarietatearen bitartez, ordainketa partekatua soldata murrizketen bidez, ordainketa partekatua ekarpen zuzenak eginaraziz... Zerrenda amaigabea izan daiteke. Ez dute nahikoa ongi egindako lanak eskatzen duen ahalegina, gehiago eskatzen dute.

Nola eskatu ahal zaio langile bati inplikazioa, bere lan baldintzak prekarizatzen balldin badira? Nola eskatu erabakietan parte hartzea, ezartzen diren lan baldintzak alde bakarrak erabakiak badira? Nola eskatuko zaie langileei inplikazioa produktuari balioa eman eta lehiakor egiteko, benetako apustua etengabeko prestakuntzarik ez izatea eta behin-behinekotasuna saritzen duen erreformaren aldekoa bada? Aski da.

Euskal Herriarentzat alternatiba propio baten alde egiten dugunok badakigu borrokaren aldeko apustua egin behar dugula. Indar metaketan oinarritutako borroka ereduen aldeko apustua egin behar dugu, inor atzean uzten ez duen ereduaren alde. Haien helburua da gutxiengo bat saritzea, egin nahi duten sarraskiaren konplize izateko. Eredu hori asmatuta dago: kapitalismoa du izena, eta ez digu balio.

Ez da unea bizi garen egoera honetatik bakoitza ahal duen moduan ateratzeko. Ez da unea enpresaz enpresa zer egin daitekeen ikusi, eta begiak ixteko. Alternatiba eraikitzeko unea da, behetik gora, sektore hitzarmenetik enpresa paktu edo hitzarmenera. Alternatiba integrala, guztiontzako alternatiba. Alternatiba soziala.

Horregatik da hain garrantzitsua uztailaren 7an hitzarmenak bertan behera ez geratzea. Alternatiba nahi badugu, bere osotasunean borrokatu beharko dugu: kontsumoa erortzerik nahi ez badugu, KPIa erreferentzia argitzat hartu eta soldata igoerak finkatu beharko ditugu, industria eredu bat nahi badugu, lan eta soldata prekarietateari ateak itxi beharko dizkiogu, blindajea lortuz.

Bitxia da gero, esparru makroekonomikorik onena duen herrialdean izatea borroka gaitasunik handiena. LABen argi dugu borrokari esker lortu dela patronalak aukerarik ez izatea eredu espekulatiboago batzuen hautua egiteko. Hori horrela da, bere burua defendatzen duen herri oso bat aurrez aurre izan duelako. Orain aurrera egin behar dugu.

Motzera begirako jarrera du Adegik. Dibidenduen aldeko apustua egin du, herria goitik behera datorren bitartean.

Atzo bezala, bihar eta 21ean metalgintzako langile guztiok batera borroka egin behar dugu, abian den alternatiba integral horren alde. Maiatzaren 24an eta 30ean kaleak hartu genituen, eta uztailaren 7a baino lehen berriro apustu indartsua egin beharra dago. Lehenago ere egin izan dugu, arrakastaz. Metalgintzako langileok bizi osoa daramagu borrokan. Bihur dezagun gure borroka haien amesgaizto. Gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.