Azken asteotan, garbi ageri da gizarte eta politikaren munduan frankismoaren ondoko sustraien aztarnak. Egoera hau duela hainbat hamarkada aldendu zela esan ohi da, baina eguna joan eguna etorri, hori egia denik ezin segurtatu inola ere.
Hein batean helburu baten arabera neurriak hartzen ohitua dagoenak ongi badaki, beste lurralde batzuetan sinesgarri gertatzen ez bada ere, espainiar Estatuaren ingurumen politikoan zitalkeriak eragin duen egungo egoera nahasi eta interesgarria, ETAk jarrera armatuari uko egitetik heldu eta ezker abertzaleak Sortu izenpean, alderdi politiko berriaren estatutuak aurkeztu izanari zor zaiola.
Errealitate berri hau abiapuntu duten ondorioak gauzatzen ari dira nola batzuk ala besteak. Beldur diote aldaketari, aski ongi «erroturik» dauzkaten jarrerak galduko dituztelakoan, eta mugitu ez direnik ezin esan. Erabat mugitu dira, eta baita ahaleginak egiten hasi ere aldaketa hori saihesteko.
Abagune interesgarri honen baitan, autodeterminaziorako urratsak emanez ibilbide latza burutzen diharduten herri desberdinen antzera jokatzeak, gure iparrorratz zaharrak zuzentzen gaitu besteri gabe, ezagunak zaizkigun bide edo bidexkatik ibil gaitezen. Betiere, aurkariak eta etsaiak elkarrekin nahasten ibili gabe. Honek badu bere garrantzia.
Gisa honetan, aspaldidanik ikasita gaude ahalegina zuhurtziaz erabiltzen eta argudio arrazoitsuez baliatzen. Zenbait alditan, gainera, sentipen liluragarriari amore emanez, gai sentitzen baikara egiazko eta zinezko direnak, bereizteko.
Ederki kostata baina, gaur egun badakigu zuhurtziaz jokatzen, eta material errekiaren auzokoak garela ere bai. Beste batzuek, aldiz, sute baten beroaz eta argiaz bezala gozatzen jardun dira —nahiz eta beraiek sortutakoa ez izan— inoiz ez bezala suspergarri eta argi emaile gertatu zaielarik. Guk geuk ilunpe hotzenetik ikasi behar izan badugu ere, badira urduri eta ikaraz dabiltzanak, egunsentiari kantuan. Zergatik ote?
Denbora irabaztearren edo, batzuek zuzenketak egitera eta aldi berean, beren pentsamoldea eguneratzera beharturik daude, baldin eta gizarteko zulo ilun batean jautsiko ez badira. Hor agerian, ohaidetza politiko luze bezain traketsaren ongi merezitako zerga. Zorionez beste batzuek poliki-poliki bada ere, jakin ahal izan dugu mundu horretatik eskaini gaituzten segadak saihesten.
Egia zera da, zinezko pertsonak sentitu nahi eta gertaerak eszenatoki batean egokitzeko moduan bilakatu zaizkiela. Beharturik gertatu dira irudikatzera, errealitate bezala normaltasunez fikzioa erakustera. Baina denborak, halere, bakoitza bere lekuan jartzen du, beraz antzerki modu horretatik at, beren egitasmoa zinez fikzio bilakatu da, eta arrazoi hutsal baten alferreko eta kostu handiko ariketa aldi berean.
Ez da batere zaila arrazoi desberdin eta aurkakoak badirela tartean ulertzea. Sakonak direnak guztiak, Estatutuen eta Konstituzioaren erreformari dagokionean. Eztabaida horretan, politikaren aldetik ziurra dena puntu honetan datza; Konstituzioaren eguneratze prozesua gutxi edo gehiago garatzeko edo eguneratzeko ahaleginean, edota, eregimenaren makillaje hutsa den helburu.
Eztabaidaren muinean kokatzen bagara, hau ez daiteke, espainiar indar politikoen arabera agertzen ari diren bezala erakustera eman, faltsukeria delako. Eta faltsukeria hau zertan datza, ba alde batetik «demokrata» direnek Konstituzioaren eraberritzea beharrezko dela uste dutenek, eta beste aldetik «tradizionalistak» jartzen dituzte, ukiezineko testua dela segurtatuz.
Hau tranpa da. Izatekotan, eztabaida zuzena eta bakarra hau da; alde batetik, espainiar nazioko hiritarren pluraltasun bezala hartu behar dela uste dutenak, eurek soilik aldatu dezaketen testu baten aurrean, eta, bestetik, egungo egoera hau behin betiko agortua dela uste dugunok, eta beharrezkoa dela bertako nazio desberdinei ateak zabaltzea, soberaniaren baitan inolako eskusartzerik gabe eta bakoitzak bere antolaketa eredua landuz.
Arazoa ez da, beraz, erreformista eta inmobilisten artekoeztabaida. Antzekorik ez duen beste egoera batean gaude. Hitzari bide eman behar zaio, eta arrazoiak neurtu eta soseguz argudiatze lana egin. Egoera jakin honetan, ez da batere gomendagarria, eta adimenaren aldetik eskasa, hunkipenez iritzi publikoa manipulatzea, horretarako babes mediatiko ikaragarri eta lotsagabeena erabiliz.
Demokraziak bermatu behar duena da, herritarrei aurkeztu behar zaien egoera, argi eta garbi zer nahi den azaltzea, asmo guztiek ezagutzeko eskubidea errespetatuz. Eta berdin zilegitasun osoz, gure geroari buruz, izatez dagokigun eskubidea gauzatzeko asmotan gabiltzanona ere errespetatzeko modua bermatuz.
Estatu espainiarrean inork ezindu uka —begi bistan dagoelako— Estatu ezberdinen artean banandutako zenbait herrialde badirela. Ez gara euskaldunak soilik egoera ez-ohiko hori bizi dugunak. Badira Estatu gabeko nazio gehiago ere, hala nola Katalunia eta Galizia. Bidean aurrera gogor eginez helduko da arrakasta.
Arrakasta hori ez da utopikoa, ez dugu denboraren baitan sobera atzera jo beharrik, adibide gisa errealitate garbiak ikusteko. Inbidiaz begiratzea besterik ez daukagu 1993ko maiatzaren 24an Eritrea herrialdeak nola bere independentzia lortu zuen, herri kontsulta bat bitarteko, behar ziren muga berriak finkatuz.
Nahiko argia da batzuentzat atseginago dela —orain arte bezala— agintekeriazko lizun usaina jariatzen duen legegintzak erabiltzea, ustez gainditurik dauden beste denbora batzuetarako egokiago izan zirenak.
Amaitu da, doilortze progresiboa nagusitu da sisteman. Espainiar «demokraziak» ustelkeri maila guztiak gainditu ditu. Demokrazia herritar guztientzat ez bada, ez da demokrazia.
Jaun-andreok, norabidea zuzendu eta gizartea engainu batean edukitzen ez jarraitzeko garaia da, panorama politikoa manipulatzeko baino balio ez duten metodoak alde batera utzita. Litekeena da, agian hanka sartzeko zorian nabil, baina nire ustez, PSOEko gobernu espainiarrak hobe luke, beraien iragan lainotsuari uko eginez, arrazoiari eta adimenari bide eman. Horrela izanik, denontzat mesede, Rodriguez Zapatero jauna.
Adimenak argia dakar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu