Helduak Adi! elkarteko prestakuntza arduraduna

Adinekoen hazkunderako gakoak

Xabier Garagorri
2025eko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago bizitzari zentzua emateko eta hazkunderako gakoak identifikatzeko formula bakar eta behin betikorik. Halakorik balego ere, bakoitzak bere erara interpretatuko lituzke, lehentasun eta aldagai desberdinen arabera. Karmele Jaiok zutabe batean zioen bezala: «Bizitza egunez egun egiten doa, aldatuz eta garatuz; eta hari solte asko dituenez, ez dakigu inoiz nora eramango gaituen».

Hala da, norberarentzat norberari dagokigun neurrian, baina, azken finean, denontzat: hazkunderako gakoa eguneroko bizitzari zukua atera eta dentsitatea handitzean datza, oro har bizitzan zehar eta, are eta gehiago, zahartzaroan.

Helduak Adi! elkarteak uda ikastaroen XV. edizioa antolatu du: Nola gutxituz hazi? Zahartzaroa bizitza betea osatzen jarraitzeko abagunea, ekainaren 18tik 20ra Donostiako Miramar jauregian. Helburua, zahartzeak dakartzan argi-ilunen inguruan hausnarketa sustatzea. Jorratuko den galdera hauxe da: Nola hazten jarraitu beherantz goazenean? Nola bizitza bete baten bila jarraitu?

Zahartzaroaren itzalak nola kudeatu aztertuko da ikastaroan, baina baita bizitzaren etapa horretako alderdi positiboetan sakontzeko estrategiak eta baliabideak hobeto ezagutzeko moduak ere. Zahartzaroari dagozkion itzalei buruz hitz egitea ohikoagoa bada ere, argitasunei buruzko hausnarketak kontrastatu eta partekatzeko aukera emango digu ikastaroak.

Nola atera zukurik handiena eta nola eman dentsitate handiagoa eguneroko bizitzari zahartzaroan? Ez gara engainatuko: gorputza higatzen joan ahala, hauskortasunak eta mendekotasunak zaildu egiten dute ingurune fisiko eta sozialarekin konektatzea —eta horiek dira ikaskuntza eta hazkunde pertsonalerako ezinbesteko baldintzak—. Baina, landare eta animalien kasuan biologia erabakigarria bada ere, gizakion kasuan baldintza bat baino ez da. Eta, gaitasun mentala mantentzen den bitartean, gertatzen diren egoera desegokiak ere ikaskuntzarako eta hazkunderako pizgarri bihur daitezke bizitza bete baterako bidean. Guztiok ezagutzen ditugu, bizitzaren amaieran egon arren, mugak gaindituz, kontzientziaz eta betetasunez bizitzen jarraitzen duten pertsonak.

Zahartzaroan dena ez da zailtasunak edo mugak gainditzeko erronkei aurre egitea. Bestelako abantailak ere badaude. Adibidez, biziaren balioa ezberdin ulertzen da, bizitzeko denbora luzerako ala laburrerako geratzen zaizunaren arabera. Urteak pasa ahala konturatzen gara bizitzeko dugun denbora geroz eta urriagoa dela eta gelditzen zaiguna aprobetxatu beharra dagoela. Hil berria den Pepe Mujicak, Uruguaiko agintari ohiak, hala zioen: «Bizitzak minutu batetik bestera ihes egiten dizu eta ezin da supermerkatura joan gehiago erostera». Horregatik, funtsezkoa da zer egin nahi dugun hautatzea. Zahartzaroa aukerakoa da alferrikako jarduerak alde batera utzi eta benetan balio duten eginkizunetan arreta jartzeko. Jardueren kopurua murriztu eta kalitatean irabazi. Bizimodua arintzeko aukera da, motxila arindu eta bideari atseginago heltzekoa. Egia da proiektu berriei ekiteko ekimenak eta indarrak murrizten joan ohi direla, baina, aldi berean, norberarentzat esanguratsuak diren jarduerak egiten jarraitzea eta besteen hoberako proiekturen bati bizirik eustea funtsezkoak izan ohi dira, norberaren eta gizartearen ongizaterako eta hazkunderako.

Bizitzak irakasten du gauzak lasaiago hartzen eta gutxiago sufritzen, badakigulako olatuek gora eta behera egiten dutela. Konfuzio jakintsuak zioen 50 urte bete arte ez zituela bizitzaren sekretuak ulertu eta 60 urterekin hasi zela praktikan jartzen. Egi-egia, jakintsu ez garenontzat ere.

Esperientziak erakusten digu bizitzari zukua ateratzeko gaitasuna bezain garrantzitsua dela gauza berriak egiten jarraitzea; egiteko gaitasuna bezainbat, besteekin eta norbere buruarekin egoten jakitea. Gizaki izatearen satisfazio handienetako bat beste pertsonekin harremanetan egotea da: familiarekiko harreman harmonikoa izatea, maite ditugun lagunak izatea, onartuak, baloratuak, maiteak eta errespetatuak sentitzea. Komunikazioa da terapiarik onena nahi gabeko bakardadea, beldurrak eta depresioak ekiditeko. Zahartzaroa da norberarekin isiltasunean egoteko garaia ere: gogo-fluxuak eten, oraina bizi, sentitu, eta naturarekin, lasaitasunez kontenplatuz, bat egitekoa.

Hazten jarraitzeko, baliabide material eta funtzionalak behar dira. Alegia, oinarrizko baliabideak: hala nola etxebizitza bat eta bizimodu duina bermatzeko pentsioa, baita oinarrizko premiak asetzeko zerbitzu publikoak ere. Baliabide horiek izatea funtsezkoa da hazkundea posible izan dadin, baina, aldi berean, zahartzaroa da garai egokia alferrikakoari uko egin, ondasun materialekiko atxikimendutik askatu, belaunaldi berriei lekukoa utzi eta bizitzaren azken urteak ingurune sinplifikatuago batean bizitzeko.

Zahartzaroa une aproposa da edukitzetik izatera igarotzeko, izatearen garapenean zentratuz. Giza garunak beti du ikasteko gaitasuna. Egia da adinekoen adimenak moteltasun handiagoz asimilatzen duela informazioa, baina, aldi berean, integratuago eta esanguratsuago ikas dezake.

Zahartzaroan funtsezkoa da norberaren mugak eta indarguneak identifikatzea. Urteen poderioz muga fisiologikoak areagotzen joaten dira, eta hori bizitzaren lege gisa onartu behar da. Baina, aldi berean, baldintza egokiak sortzen dira eguneroko bizitzari zukua ateratzeko eta dentsitate handiagoz bizitzeko; azken finean, bizi-kalitatea hobetzeko.

Hausnarketa hauek esperientzia pertsonaletik eta txikituz goazen heinean hazten jarraitzeko paradoxa horri buruzko irakurketetatik ateratako ideiak dira. Adineko pertsona gero eta gehiago gara, eta horregatik da funtsezkoa, ahuleziak ahulezia, bizitzari zentzua ematen nola jarrai daitekeen aztertzea, adinekoen ongizaterako ez ezik, gizarte osoarentzat ere mesedegarria baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.