Zeren bidez gauzatzen ditugu gaur egun gure arteko harremanak? Adostasunen bidez edo desadostasunen bidez? Erantzuna erraza da.
Errealitatea da etxeetako atarteetan alkatearen bandoak itsatsita ikustea Udal Gobernuaren akordioen ordez, edo jaietarako bi programa alternatibo jasotzea egitarau sendo baten ordez edota hainbat pertsona herriaren izenean hitz egiten entzutea norberarenean edo norberak ordezkatzen dituenen izenean egin ordez. Inork ez du bere erabakiaren oinarririk, zergatirik eta nondik norakorik azaltzen, baina bai bestearen ezgaitasun eta erru guztiak. Adibide batzuk jarriko ditut.
Zaborra gero eta arazo handiago bihurtzen ari gara. Pilaketak gero eta handiagoak dira. Egunen baten azpian hartuko gaitu. Arazoa larria dela aitortzen dugu guztiok, baina, kontzientziazio maila kolektibo horri eutsi eta bat eginik, irtenbidea bilatu ordez, besteengandik urruntzen gaituen horretan indarra jartzea erabaki dugu. Hau da, zaborra jasotzeko moduan.
Bosgarren edukiontzia bultzatu edo atez ate eta modu pertsonalizatua egin. Baina, kontuz, hori bai, ezinbestekoa da proposamen bakoitza nork proposatu duen jakitea, horren arabera alde edo kontra jartzeko. Alderdi bati botoa ematea norberaren izate osoa saltzea balitz bezala, lau urtetarako. Eta oker dabilena bestea da.
Genero indarkeriara bagoaz, ez dago nik ezagutzen dudan amaren semerik horren alde dagoenik. Baina emakumeei tratu txarrak ematea, emakumeak hiltzea, bortxatzea, baztertzea, emakumeei gizonezkoei baino gutxiago ordaintzea, goi mailako arduretan emakumeen eskasia… eguneroko errealitatea dira. Teorian ados egonez gero, zelan ezin adostu jokaerak? Bai, eguneroko harremanetan gertatzen diren jokaera txiki-txikiak: txiste matxistak behin betiko bukatu, berdintasunean oinarritzen ez diren tradizioak aldatu, laneko jarrera diskriminatzaileak salatu…
Politikariengana jauzi eginda, gobernu berriaren eraketa prozesua bizi-bizian ikusten ari garen honetan «akordioa» eta «kontsentsua» dira etengabe eta talde desberdinen aldetik entzuten diren hitzak. Eta ekintza adosturik? Nola lortu hori, hain interes gutxi adierazita bestearen proposamenengatik? Baina, aldiz, gai izan dira akordio maltzurrak adosteko: beraien erretiro baldintzak eta soldatak, adibidez. Eta ez dira ados jartzen aurreko legealdikoen akordioetan sakontzeko.
Adibide horiek indartzeko, hor non ikusten ditugun telebista eta irrati kateetako mahai inguru antzuak, non inoiz ez den ezer adosten, beste gauza batzuen artean inork ez duelako bestea entzuten. Askotan ezta bestea errespetatzen ere.
Baina adostasunak ere badupedagogia. Norberarengandik, barruan daukagunetik hasi eta bestea kontuan hartzetik abiatzen dena, eta dituen abantailakizugarrizkoak dira. Adostasuna, ekonomikoagoa, didaktikoagoa, osasuntsuagoa, sortzailea eta berritzailea da. Bizitzako esparru guztietarako balio du gainera: familiarako, lagunarterako, lanerako… Horregatik, gizartegintzak eta politikagintzak ez du beste metodorik aurrera egiteko adostasuna baino. Guztiontzako gustukoena izan ez arren, guztiontzat hoberena dakarrelako. Ekin diezaiogun ba! Bizitza laburra da, eta ez dago alferrik galtzeko astirik.
Adostasuna ala desadostasuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu